Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Haurrak, haurrak... Ikasle bakoitzaren erritmoa errespetatzeaz

Dokumentuaren akzioak

Ikasle bakoitzaren erritmoa errespetatzeaz

2025/01/29 11:05

ITURRIA: "Psikogenesia" (Hik Hasi 35. monografikoa - 2023)

Aukeratutako pasarteak, dantza-irakasle ikuspegitik irakurtzeko

 

(Irakasleek) euren lan egiteko modua hankaz gora jarri zuten. Orain umeak dira euren ikasketa-prozesuko protagonistak, eta beharrezko denbora eskainita eta bakoitzaren erritmoa errespetatuta, guztiek lortzen dute ikasketa-prozesuan aurrera egitea.

Bide berri horretan ez dago irakaspen magistralik, eta irakaslea, irakasten duen pertsona baino, ikasle guztiei ikas dezaten laguntzen dien pertsona da. Horretarako, askotariko estrategiak, proposamenak eta baliabideak erabiltzen dituzte.

"Guk beste jarrera bat izan nahi dugu: ez dugu dena erakutsi behar, ikas dezaten lortu behar dugu, horretarako gure esku dagoen guztia eginez. (...) Lanerako segurtasun handiagoa ematen digu, adibidez, fitxa-liburu batek, baina horrekin zer sentitzen dugun eta zer bihurtzen garen… Batzuek ez dugu hori nahi. Gure profesionaltasuna edo gure duintasuna eraikitzeko bide egokiagoa da bestea, nire ustez.”

Umeei ez diete ezer irakasten, eta ez diete une horretan egin ezin duten ezer egitea eskatzen. Umeak ez larritzen eta ez presionatzen saiatzen dira, bakoitzak bere prozesua egin behar duelako.

Ikasleekin harreman handiagoa, eta benetakoa. Ikasleak benetan entzun behar dituzte, prozesuaren zein fasetan dauden ikusteko eta horren arabera esku hartzeko.

Ikasleen beharretatik, interesetatik eta erritmoetatik abiatuta, dena aldatzen da.

Ikasleei onena eskaini ahal izateko, prestakuntza benetan garrantzitsua dela uste dute, egunerokoan denek elkar aberasteko aukera zabaltzen baitu. Eta hala, elkar aberastuz eta elkarrekin ikasiz egiten dute bidea. “Prestakuntzak ikaragarri aberasten gaitu. Ezinbestekoa dela uste dut; bestela, egokia dela uste duguna egiten jarraitzeko arriskua dugu, oker gaudela jakin gabe.”

 

Irakasleen adierazpenak:

  • “Aldaketa handia, (...) umea ulertzeko modu bat eta begirada bat baita. Idazketan, motrizitatean eta arlo guztietan aplikatu daitekeena.”
  • “(...) beste hezkuntza mota bat posible dela erakutsi zidan. Ikusi dut, ikasleei euren ikaskuntza prozesuaren parte izaten utziz gero, askoz ere zoriontsuagoak direla. Ikasturte hasierako laginak eta orain egiten dituzten lanak erakusten dizkiet, eta nolako aurrerapausua egin duten ikusten dute. Baina eurek egin duten lanaren ondorioz hobetzen dute, eta ez guk ma-me-mi-mo-mu esaten jarri ditugulako.”
  • Nahi gabe umeei tiraka, presionatuz aritzeko joera izaten da. Inertzia horri aurre egiteko eta kontziente izateko lan handia egin behar da. “(...) Ikasleak estutzen ditugunean alde egiten digute, eta orduan konturatzen gara marra gorria pasatu dugula”.
  • “Ikasleen prozesua errespetatzen ez badugu, zanpatu egiten ditugu, eta haurtzaroa baldintzatzen diegu.”
  • “Egunez egun ikusten dut ikasleen hobekuntza, eta ebidentzien bidez lortu dut segurtasuna.”
  • “(...) Ikasle guztiekin aldi berean gauza bera egiten aritu beharrean, prozesuaren fase desberdinetan dauden ikasleak egon daitezke ikasgelan une berean.”
  • “Gure gizartean, badirudi gauzak zenbat eta lehenago egin, pertsona azkarragoak izango direla, hobeak izango direla. eta ezetz ikusten ari gara, prozesua norberaren erritmoan ez bizitzeak ondorioak dituela eta, gerora, arazoak sortzen dituela.”
  • Prozesua euren erritmora egiten utzita, emaitzak begi bistakoak dira. “Bigarren Hezkuntzara iristen dira, eta gainerakoak baino hobeto moldatzen dira. Autonomoagoak dira”.
  • “Lan egiteko modua aldatzen denean, umeen erantzuna bestelakoa da.”

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Haurrak, haurrak...

Haurrak, haurrak...

Haurrekin euskal-dantzaren bidea eraldatzearen alde.

Pedagogiaren iturritik jasotako ekarpen eta argumentazio teorikoak bilduko ditut hemen.

Eman diezagutela argia, eta hausnarketa eragin...

Arduraduna: Patxi Montero