Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Haurrak, haurrak... David Castrillo: Neurohezkuntzak erakutsi zidan irakasle moduan gauza asko alderantziz egiten ari nintzela

Dokumentuaren akzioak

David Castrillo: Neurohezkuntzak erakutsi zidan irakasle moduan gauza asko alderantziz egiten ari nintzela

2025/01/17 11:25
David Castrillo: Neurohezkuntzak erakutsi zidan irakasle moduan gauza asko alderantziz egiten ari nintzela

David Castrillo. Iturria: Hik Hasi

David Castrillo LH-ko irakaslea eta neurohezkuntzan aditua da. ITURRIA: Hazi Hezi, 51. zkia - 2024ko udaberria. [aukeratutako pasarteak]

Dantzaren transmisioaren begiradatik irakurtzeko pilulak...

"Oinarrietara eraman ninduen neurozientziak: adibidez, (...) noiz egon daiteke ume bat irakurketa prozesuan murgiltzeko prest? Konturatzen zara ez dela adin zehatz bat, leiho baten modukoa baizik. Biologia pixka bat ezagutuz gauzak ulertzen hasten zara, adibidez, irakurketa prozesurako beharrezkoa dela garunean dekodifikazio fonologikoaz arduratzen den eremuaren garapena, eta hori garuneko mapeoekin argi ikusten da. Zientziak eta teknologiak garunaren mapeoak egiteko aurrerapena ekarri dute, eta horrek hezkuntzan garrantzia duten erantzunak ekarri ditu. Neurohezkuntza oso diziplina interesgarria da, zeren metodo zientifikoa da oinarria eta ebidentzietan oinarritzen da, ez usteetan eta iritzietan."

"Begirada aldarazi zidaten aurkikuntza garrantzitsuenetan, lehendabizi emozioen garrantzia: ulertzea informazioa nola sartzen den gorputzetik gure nerbio sistemara, nola prozesatzen duen garunak; den-dena emozio zonaldeetatik pasatzen da lehenengo. Francisco Moralen esaldi hau oso garrantzitsua iruditzen zait: “Maite den hori soilik ikas daiteke”. Garunak beti zentzua eta esanahia bilatzen ditu. Zerbaitek ez badauka zentzurik edo esanahirik niretzat, agian azterketa gaindituko dut, baina gero ikasitako hori ez dut memorietan gordeko. Ikasketarako emozioak eta jolasa oso garrantzitsuak direla erakusten du neurohezkuntzak; jolasa oso tresna indartsua da ikastera eta jakin-minetara eramaten gaituelako, eta funtzio exekutibo guztiak garatzen laguntzen du."

"70eko hamarkadan jada esperimentuen bidez erakutsi zuten emozioek zer-nolako garrantzia duten ikasketetan: seguru sentitu behar naiz ikasteko. Ingurunearekiko eta gertatzen diren gauzekiko jakin-mina izateko edo esploratzera joateko ausardia izateko, seguru sentitu behar naiz. Segurtasuna oso emozio garrantzitsua da, horregatik garrantzitsua da eskoletan klima emozional positiboak sortzea."

"Neurozientziaren beste printzipio garrantzitsu bat plastizitatearen indarra da, garuna plastikoa da. Hortik nik ateratzen dudan hausnarketa da beti daudela ikasteko aukerak. Horrek etiketak kentzea, edo hobe esan, ez jartzera garamatza: haur hau alferra da, mugitua da, isila da, hiztunegia da, lotsatia da, irekiegia da… Ez dakit zein estandar bilatzen dugun, baina haurrak etengabe etiketatzen ditugu, eta plastitizateak esaten digu beti daudela ikasteko eta hobetzeko aukerak. Transmititu behar duguna da, “lasai, zuk nahi baduzu eta konpromisoa hartzen baduzu, hobetu dezakezu”.

Emozioen garrantzia, plastizitatea eta arreta- eta memoria-sistemak ulertu nituenean, neurozientziarekin ohartu nintzen irakasle moduan egiten ari nintzen gauza asko alderantziz egiten nituela… etengabe arreta eskatzen ari nintzen, “Erne! entzun! ez hitz egin”, eta arreta ezin da eskatu, arreta irabazi egin behar da. Horrek krisi pertsonala eragin zidan. Ongi dago."

"Haurraren hazkunde pentsaera garatzeko, garrantzitsua da helduaren begirada; funtsezkoa da nola begiratzen diogun haurrari, zer konfiantza erakusten diogun, “lortu duzu, ikusi dut ahalegin handia egin duzula”. Pentsamendu  hori garatu duten pertsonek erronkei aurre egiten diete, agian laguntza eskatuko dute, edo gaizki egindako akats hori ikasteko aukera moduan baliatuko dute... Egin ditugun akatsen aurrean jaso dugun feedbabckaran arabera, garuna modu desberdinetan aktibatzen da."

"Ikasketetan garrantzitsua da gaiarekiko atxikimendu positiboa eraikitzea. Izan ere, batzuetan atxikimendu negatiboak sortzen ditugu, beldurraren bidez ere ikasten baitugu, (...) emozio intentsoek memoriari laguntzen baitiote: “Ikasten dut ez gainditzeko beldurra dudalako”. Beldurraren estrategia efektiboa da epe motzean, ikastera behartzen zaitu. Baina behartzen bagaituzte, azkenean atxikimendu negatiboa garatzen dugu, hau da, heldua ez dagoenean, haurrak ez du egiten. Gure helburua da haurrak prestatzea gu ez gaudenean haien kabuz jarraitzeko, adibidez, gu ez gaudenean ere haurrek irakurtzen jarraitzea nahi dugu eta horretarako atxikimendu positiboa garatzea garrantzitsua da."

"Hamarkada asko daramatzagu eredu berdinean eta emaitzak ez dira onak, ez gara ohartzen funtzionatzen ez duena eredu tradizional hori bera dela. Beti zalantzan jartzen da desberdina dena. Garunak ikasteko zer behar duen ikusi behar dugu, eta lehendabiziko gauza ongi sentitzea da, haur batek ongi sentitu behar du ikasteko. Ez bagaude ondo, ez dugu ikasten. (...) Ikasketa poliki egin behar da, su bajuan egin beharreko prozesua da, garunak 22 urte inguru behar ditu hedatzeko eta konexio guztiak sortzeko; lasaitasunez hartu beharreko prozesua da."

"Sistema oso gaizki dago, bai, baina nor da sistema? Sistema pertsonok osatzen dugu eta bakoitzak neurtu behar du bere aktuazio esparrua zein den. Gauzak gaizki daudela esaten dugu eta besteek egoera aldatu zain gelditzen gara. Lehendabizi onartu behar da transformazio guztiak barrutik kanpora gertatzen direla, lehenengo ni; ez diot eskatuko sistemari aldatzeko, ni ez banago aldatzeko prest. Lehenengo gauza nahi izatea da, eta ondoren asko ikasi behar da, irakurri, formakuntzak egin eta asko ikasi. Eta umeei begiratzea. Transformazio batean, non jarri nahi dugu fokua? Eskolak, oro har, irakasleentzako daude antolatuak, baina fokua irakaskuntzan jarri ordez, ikaskuntza prozesuan jarri beharko genuke. Irakasleoi ez digute ordaintzen gauzak irakasteko, gure ikasleek ikas dezaten ordaintzen digute. Hori da erronka."

 

Lehen Hezkuntzako irakasle lanetan, bidean sortu izan zaizkion kezkei eta zalantzei erantzuteko hiru master —hezkuntza emozionalean, neuropsikologian eta neurohezkuntzan— eta bi graduondoko egin ditu Castrillok. Gaur egun neurohezkuntzan aditu bihurtu da, eta Bartzelonako unibertsitatearekin kolaboratzaile eta beste irakasleen formatzaile. Garunaren funtzionamendua ezagutzeak haurra eta haren ikasketa-prozesua ulertzen laguntzen du.

 

Elkarrizketa osoa hemen: hikhasi.eus

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Haurrak, haurrak...

Haurrak, haurrak...

Haurrekin euskal-dantzaren bidea eraldatzearen alde.

Pedagogiaren iturritik jasotako ekarpen eta argumentazio teorikoak bilduko ditut hemen.

Eman diezagutela argia, eta hausnarketa eragin...

Arduraduna: Patxi Montero