Dokumentuaren akzioak
Dantza lengoaia baldin bada... hara:

Euskal-dantza euskaldunon gorputz-hizkuntza (=lengoaia) dela aldarrikatzen ari garela eta, gizarte osoak ezagutu dezan eskoletan ERE haurrei ezagutarazi nahi diegula eta... hara, haurren lengoaia anitzei buruz bi hausnarketa:
Francesco Tonucci:
"Haurrak bere burua adierazteko erabiltzen dituen lengoaia anitzen artean, eskolak hautaketa egin ohi du, gehienak baztertuz eta banaka batzuri helduz; adibidez, irakurketa eta idazketa... Baina haurrak bere burua adierazteko eta ezagutu duena besteei adierazteko lengoaia ezberdinak erabiltzen ditu, beti egokiak.
Oinarrizko eskolak ez du ez hitz egiten erakusten, ez irudikatzen, ez sortzen, ez lan egiten... Gauzak ezagutzea, ikustea, sentitzea, ukitzea... debekatu ohi zaio haurrari; kuriositatea, ikertzeko sena... debekatzen zaizkio; eta berari ez dagozkion, bere interesekoak ez diren, bere gaitasunekin bat ez datozen zentzugabeko gauzak egiten behartzen da haurra.
Aldiz, eskolako proposamenek haurren munduarekin bat egin behar dute, eta haurraren ikerketa senerako pizgarri izan. Adierazteko modu guztiei, lengoaia guztiei aukera eman behar die, haur bakoitzak bere lekua topa dezan, nor bere berezitasunekin onartua eta errespetatua."
Gabriel García Márquez:
"Uste dut norbera idazle, margolari edo musikari jaiotzen dela. Bokazioaz jaiotzen gara eta, sarritan, dantzarako edo antzerkirako dohai fisikoekin, hala nola idatzizko kazetaritzarako (literatur genero bezala ulertuta), eta zinemarako (fikzio eta plastikaren arteko sintesi bezala ulertuta).
Honek zera esan nahi du, haur bat eskolara iristen denean, beharbada naturak ofizio hauetakoren baterako aurre-prestatuta etor daitekeela jada, nahiz eta oraindik jabetu gabe. Eta beharbada ez da inoiz ere jabetuko; baina bere patua hobea izan daiteke, norbaitek hura deskubritzen laguntzen badio. Inola ere ezertara behartzeko, baina baldintza egokiak sortu eta bere jostailu gogokoenarekin beldurrik gabe goza dezan sustatuz.
Uste dut, seriotasun osoz, bizi luze eta zoriontsu baterako formula, beti norberak gustuko duena egitea dela, eta horixe bakarrik."
ITURRIA: https://100lengoaia11esperientzia.eskolatxikiak.eus/eu/lengoaiak/
Dokumentuaren akzioak
Erantzun

Haurrak, haurrak...
Haurrekin euskal-dantzaren bidea eraldatzearen alde.
Pedagogiaren iturritik jasotako ekarpen eta argumentazio teorikoak bilduko ditut hemen.
Eman diezagutela argia, eta hausnarketa eragin...
Arduraduna: Patxi Montero