Nola idatzi dantza izenak? sokadantza, soka dantza ala soka-dantza?
Dantza izenak euskaraz idazteko moduak zalantza asko sortzen ditu. Hitz elkartzeetan 'dantza' daramatenak Euskaltzaindiaren Hiztegian hiru eratan agertzen dira idatzita:
- Lotuta: sokadantza, pordondantza eta kontradantza.
- Marrarekin: dantza-soka, Bizkai-dantza
- Bereizita: makil dantza.
- Marrarekin zein bereizita idatzi daitezkeenak: zinta-dantza edo zinta dantza, ezpata-dantza edo ezpata dantza.
Egunero dantza izenak idazten aritzen garenontzat nahasmen handia da egoera hori, eta beraz, orain urte batzuk erabaki genuen denak modu berean idaztea, marrarekin lotuta.
Bigarren (dantza-soka, Bizkai-dantza) eta laugarren (zinta-dantza edo zinta dantza) ataletako izenentzat erabaki honek ez dakar arazorik, horrela idaztea ontzat ematen baitu Euskaltzaindiak. Lehen sortakoei dagokienez, 'sokadantza', 'pordondantza' eta 'kontradantza' salbuespenak dira, eta ez dugu ikusten arrazoituta dagoenik tratamendu desberdina emateko. Gainera, hiru izen horiek Orotariko Euskal Hiztegian jasotako adibideetan marrarekin edo bananduta ageri dira gehienetan.
Makila-dantza
'Makil dantza' vs 'makila-dantza' afera beste bat da. Berez, makila hitzak azken ‘a’ hori ez du galgarria, organikoa du, eta ‘makilakada’, ‘makiladun’, ‘makilaka’, jasotzen ditu Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuak, azken ‘a’ galdu gabe. Beraz, hizkuntzaren aldetik ‘makil dantza’ salbuespena litzateke. Tradizioari dagokionez, Orotarikoan -a eutsi dutenak zein galdu dutenak, bietakoak ageri dira. Baina -a galduz gero Euskaltzaindiaren irizpideak markatzen du bereizita eta marra gabe, 'makil dantza' idatzi beharko litzatekela, eta ostera, ez badu -a galtzen marrarekin idatzi genezake.
Hori guztia kontuan hartuta Dantzan-en batasunaren alde eginez, euskaraz dantzaz idaztean ahalik eta salbuespen gutxien izateko, dantza izen guzti horiek marrarekin lotuta idaztea erabaki genuen: soka-dantza, pordon-dantza, kontra-dantza, dantza-soka, Bizkai-dantza, makila-dantza, zinta-dantza, ezpata-dantza, etab.