Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Aurtzaka dantza taldea Zumitz-dantzak josi du Igartzako Zaldikoa

Dokumentuaren akzioak

Zumitz-dantzak josi du Igartzako Zaldikoa

Zumitz-dantzak josi du Igartzako Zaldikoa

Argazkiak: Iñaki Erauskin

Kofradiaren legeei jarraituz, joan den larunbatean gure dantza-liturgia beste urtebetez gehiago bete genuen. Badirudi 100 dantzarien segizioa eta ezpata-dantza sendotzeko bidean gaudela, kopuru horretan baikabiltza azken urte hauetan.

Egurats eta giro distiratsua, kolore eta argi ederrekoa piztu zitzaigun goiz-goizetik eta horrelaxe isladatzen da egunak eskaini zizkigun argazki eta irudietan.

 Buruzagi lanak Koldo Bidekietak eta Mikel Sarriegik partekatu zituzten; Zaldikoaz arduratu zen Agurtzane Agirre; dantzari kapitainak izan ziren Nerea Antxia, Mikel Insausti, Oihane Sarriegi eta Uxue Sarriegi; eta kapitain txikiak, aurtengo Loinatz aurreskulariak Iker Ibañez eta Gaizka Santas.

 Ohiko ezpata-dantzaren ondoren, Igartzako hainbat dantza gehiago erakutsi izan ditugu azken urte hauetan. Aurtengoan, azken horien arteko Uztai-txikiena eta Makil-haundiena dantzatu ditugu.

 Baina izan zen ezusteko bat ere bertaratu ziren ikusleentzako: zortzi dantzari berri agertu ziren segizioan, gainontzekoekiko oso bestelako jantziaz. Zaldikoa gidari zutela, olagizonen kapelu beltzak buruan, Igartzako burdinolatik atera ziren halako batean, eta Beasaingo martxaren ezaugarri den biribilketaren txingoak oinetan zituztela, ekin zioten Zumitz-dantza txirikordatzeari Errotaren aurreko zabalgune estuan. 

 Oria ibaiaren ertzean baziren garai batean sahats eta zumeak, eta baita saskigintza jarduera emankorra ere, esaten dutenez, Bernedo izeneko inguru horretan. Gaur egun ez dago halakorik, Igartzako urertzean hazten diren zume bakan batzuk salbu. Baina otargintzak badu jarraipena Matxinbenta auzoan, bertako saskigile artisau sonatuen eskutik. Orain urte batzuk Iñaki Agirrezabalak oso lan polita burutu zuen, gure Zaldikoarentzat zumitzezko soin benetan xarmanta eraikiz. Oraingoan, Zaldikoaren osagai diren zumitzak dantza-tresnatzat hartu, eta hainbat tradizioetan, bai Euskal Herri bai Europa aldean, gorde diren arku-dantzen familiakide berria osatu nahi izan dugu.

Dantzan zehar, zumitz-dantzariak behin eta berriz saiatu ziren Zaldikoa lotuko zuen kaiola josi eta osatzen, ezpata-dantzetan ohikoak diren irudi eta txirikordak erabiliz, baina beste hainbestetan ihes egin zien, harik eta azken lakio bati esker, Zaldikoa lepotik harrapatua geratu zen arte.

     

Badira urte batzuk, geure dantza sortari  arku-dantzen saileko dantza hau gehitu nahi geniola, eta pozik gaude honenbestez desio hori aurten gauzatu delako.

Hona hemen larunbateko Zumitz-dantzaren estreinaldia:

 

Hemen Iñaki Erauskinen argazki bilduma ederra osorik .

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Aurtzaka dantza taldea

Aurtzaka dantza taldea

Beasaingo dantza taldea. Izen honekin 1979 urtean sortua, aurretik urte askoan lanean ari ziren "Goierri" eta "Salleko Adiskideak" taldeen elkartzearen ondorio. Gipuzkoako Goierri eskualdeko dantzari eta musikariz osatua. Batez ere gure eskualdeko dantzak lantzen ditugu, herrian bertan usadiozko bihurtu diren hainbat ekitaldi bultzatu eta sustatzeaz gain: dantza-sokak Loinatzetan, Igartzako ezpata-dantza, Sanjoanetako esku-dantza, etab. 

 

Aurtzaka dantza taldea

Garmendia Otaola 9

20200 Beasain

www.aurtzaka.com

aurtzaka@gmail.com