Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Aurtzaka dantza taldea Herri dantzari baten poderioa

Dokumentuaren akzioak

Herri dantzari baten poderioa

Herri dantzari baten poderioa

Argazkia: Iñaki Erauskin - Aurtzaka.eus

Asko eta gogotsu ginelako sortu genuen Dantzarien Kofradia orain 10 urte. Inork zalantzarik baldin bazuen, argazkiak ikusi besterik ez dago. 100 dantzariko - bai 100!- Segizioa osatu genuen joan den irailaren 10ean Beasain, Lazkao, Ataun, Ordizia, Arama, Urretxu eta Idiazabalgo dantzari eta musikariok Igartzan.

 

Beasainen ezagutzen den kofradiarik zaharrena, Loinazko San Martinen Kofradia da, Santuarekiko jaieraz 1664 urtean sortua. Kofradia honen zereginetako bat Loinatz bigarrengo prozesioa antolatzea da, eta prozesio horretan parte hartzen dute beasaindar dantzariek urtero Loinazko ezpata-dantza dantzatuz. Badugu Ordizian beste kofradia bat dantzarekin estuki lotua, Santa Ana zaleena, 1509koa eta urtero ordiziar ezkonberrien esku-dantza antolatzen duena. Gure Kofradia jaioberria da beste bi hauen ondoan, baina 10 urte bete ditu, eta nolabaiteko “ofizialtasuna” ematearren, aurtengoa aitzakia izan dugu “Kofradiaren Erregela” idatzi eta aurkezteko. Bertan jaso ditugu gure jokabide eta arauak, 37 erregeletan, gure webgunean ikus daitezkeenak hementxe.

Aurtengo segizioa 100 dantzarik eta 10 musikarik osatu zuten. Kapitain gidaria Mikel Sarriegi izan zen; Kapitain azkendariak Agurtzane Agirre, Mikel Intsausti, Izaskun Salazar eta Uxue Sarriegi; Zaldikoa Xabier Ruiz de Azua; Kapitain txikiak Unai Elorza eta Odei Miragaia; Banderazaleak Nick Knight eta Paxatxo Sarriegi.

 

Aurtengo berezitasunen artean aipatu daitezke:

Igartzako jaun-andreen jabetza hartzeko protokoloa berreskuratu genuen, sinbolikoki eraikin bakoitzeko ate-leihoak ireki eta itxiz; eta eraikin bakoitzari dantza bat lotu genion: Hala egin genituen brokel-dantza Dolarean, uztai-txikiena Burdinolan eta makil-haundiena Errotan. Molde berrian egindako dantza hauetarako Jose Inazio Ansorenaren bi zortzikoren doinuak erabili genituen.

Kapitainen aldaparoko ezpata-dantzan iaz Joseba Juarez kofradearen omenez txertatutako azken ezpata-jokoa mantendu genuen, eta hala egiten jarraituko dugu aurrerantzean.

Kofradiako bazkaria Roberto Ruiz sukaldariak prestatu zigun, bere laguntzaileekin, eta nola prestatu gainera, benetan galanki.

10 urtean parte hartzeagatik dominan zinta urdina irabazi zutenak honako hauek izan ziren:  Amaia Albisu, Mariaje Alvarez, Amets Arrospide, Joxemari Arrospide, Jabi Arroyo, Maider Arruabarrena, Jaione Barandiaran, Ibone Etxezarreta, Iban Irazustabarrena, Manolo Luna, Nerea Mendizabal, Kurku Irastorza, Xabier Ruiz de Azua, Mikel Sarriegi eta Andoni Zaballos.

Ohorezko kofradiakide berria ere izendatu genuen: Xabier Sarriegi “Paxatxo”, Beasaingo dantzari txikien dantza-maisua azken 40 urte hauetan, ia denak jarraian egin dituelarik. Bere ardura izan da azken hamarkada hauetan, herriko Loinatzetako ezpata-dantzari eta aurreskulariak prestatu eta plazaratzea. Eta berari esker mantentzen da Beasainen dantza-maisu tradizionalaren figura. Iaz erabaki zuen dantza-maisutzaren lekukoa ordezko bati pasatzea, eta hau horrela izanik, bidezko eta merezitakoa iruditu zitzaigun gure kofradiako Ohorezko kide izendatzea, eskerrak emateko modu bat izanik. Hemen Goierri Telebistak jasota.

Eguna bukatzeko, Errebal taldeak girotutako erromeria egin genuen Igartzako zelaietan, dantza eta dantza… hurrengo urtera arte!

Argazkiak Iñaki Erauskin eta Koldo Bidekietarenak dira.

Goierriko Hitzan albistea eta argazki-galeria.

Saioaren bideo osoa Manolo Lunarena da:

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Aurtzaka dantza taldea

Aurtzaka dantza taldea

Beasaingo dantza taldea. Izen honekin 1979 urtean sortua, aurretik urte askoan lanean ari ziren "Goierri" eta "Salleko Adiskideak" taldeen elkartzearen ondorio. Gipuzkoako Goierri eskualdeko dantzari eta musikariz osatua. Batez ere gure eskualdeko dantzak lantzen ditugu, herrian bertan usadiozko bihurtu diren hainbat ekitaldi bultzatu eta sustatzeaz gain: dantza-sokak Loinatzetan, Igartzako ezpata-dantza, Sanjoanetako esku-dantza, etab. 

 

Aurtzaka dantza taldea

Garmendia Otaola 9

20200 Beasain

www.aurtzaka.com

aurtzaka@gmail.com