Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Aurtzaka dantza taldea Beasaingo Jaietan: Loinazko ezpata-dantza aspaldidanik

Dokumentuaren akzioak

Beasaingo Jaietan: Loinazko ezpata-dantza aspaldidanik

Zuzen-zuzenean Aurtzaka taldearen zeregina ez bada ere, gure taldea oso lotua dago Beasainen daukagun dantza-altxor txiki honekin, XIX. mendetik hona behinipein etenik ezagutzen ez zaion Loinatzetako ezpata-dantza eta dantza-sokarekin.

Tradizio hau beasaindar dantzarion sehaska dela esan dezakegu, eta taldekideak edo taldekide ohiak dira gaur egun dantza-maisuaren papera betetzen dutenak, betiko dantza-maisuen ildoari jarraituz.

 

Gaur egun haur txikiek dantzatzen badute ere (13-14 urtetik beherakoek), garai batean gazteek egiten zuten (18 urte ingurukoek). Loinatz bigarrenean (Jaietako astelehenean; aurten, maiatzak 21) dantzatzen da ezpata-dantza, prozesioarekin lotuta. Eta hurrengo egunean egiten da dantza-soka, herriko plazan. Aipatzekoa da baita ere, ezpata-dantzarekin batera herriko bandera erabiliz burutzen den Banderaren Agurra.

Badira urte batzuk, gure taldeak Loinazko ezpata-dantza bere errepertorioan sartu zuela, lehen aldiz 1999. urtean Usurbe Antzokian Gipuzkoako beste ezpata-dantzekin batera aurkeztu zuenetik.

Harrez gero, ohiko hainbat emanalditan dantzatu izan dugu, eta 2004ean estreinatu genuen Goierriko dantzen ikuskizunean txertatua geratu zen, eskualdean bildutako ezpata-dantzak dantzatzeko beste aldaera batzuen artean.

Urte berean, gure 25. urteurreneko liburuan, dantza honen eta Beasainen tradizioz dantzatu direnen azterketa sakona argitaratu genuen, Jon Ordoñezen lanari esker. Bide batez, dantzaren deskribapen zehatza ere jasoa geratu zen liburu horretan bertan. Beste ezpata-dantzekiko dituen berezitasunen artean, honako hauek aipatu ditzakegu:

-          Dantzari taldea 13-16 dantzariz osatu ohi da gehienetan, baina guztiek ezpata txikiekin dantzatzen dute, buruzagiak ezik. Ez dago ezpata luzerik.

-          Jazkera bereiztua erabiltzen da, osagai ezohikoenak jaka edo txaketila urdina eta gorbata gorria direlarik.

-          Ezpata-dantzaren jarraian, herriko bandera dantzatu ohi da, dagoeneko oso herri gutxitan mantentzen den modura.

Esan dezakegu iazko urtean izan zuela gure dantza honek, kanporako zabaltze eta ezagutze aldi baten hasiera. Maiatzean, Eibarko Kezka dantza taldeak antolatutako Ezpata-dantzen Jaialdira eraman genuen; abuztuan Argentinan burutu genuen bidaialdian erakutsi genuen; eta irailean Bizkairako jauzia eman eta Basaurin izan ginen Gipuzkoako talde ordezkari gisa.

Joan den urteko irailean ospatu zen Basaurin, urtero egin ohi duten Dantza Agerketaren XVI. edizioa, eta hantxe izan ginen gure taldeko hainbat lagun, Beasaingo dantza hauek erakusten. Loinazko ezpata-dantza eta Banderaren agurra, alde batetik, eta Dantza-soka, bestetik. Jaialdi honetan, partaide bakoitzak norberaren tokian tokiko dantzak erakusten ditu eta horretan oso zorrotz jokatzea dute helburu.

Hemendik aurrera, aukera berriak ere izango direlakoan gaude. Bitartean, sendo darrai eta bermatua dago, Beasainen bertan, Loinatz bigarrenean bere horretan ikusi ahal izateko aukera. Datorren astelehenean da zita.

 

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Aurtzaka dantza taldea

Aurtzaka dantza taldea

Beasaingo dantza taldea. Izen honekin 1979 urtean sortua, aurretik urte askoan lanean ari ziren "Goierri" eta "Salleko Adiskideak" taldeen elkartzearen ondorio. Gipuzkoako Goierri eskualdeko dantzari eta musikariz osatua. Batez ere gure eskualdeko dantzak lantzen ditugu, herrian bertan usadiozko bihurtu diren hainbat ekitaldi bultzatu eta sustatzeaz gain: dantza-sokak Loinatzetan, Igartzako ezpata-dantza, Sanjoanetako esku-dantza, etab. 

 

Aurtzaka dantza taldea

Garmendia Otaola 9

20200 Beasain

www.aurtzaka.com

aurtzaka@gmail.com