Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Iñaki Arregi Axeri-Dantza nire memorian

Dokumentuaren akzioak

Axeri-Dantza nire memorian

2025/06/29 12:15
Axeri-Dantza nire memorian

Axeri-dantza, Andoain, 1980ko hamarkadan. Argazkia: Iñaki Arregiren bilduma.

Aurten bete dira berrogeita hamar urte, Andoaingo eta Adunako axeri-dantza berreraikia, Adunako plazan dantzatu zela lehen aldiz, eta bere bizitza berriaren aroari hasiera eman zion.

Andoaingo Lizar-Makil dantzari taldeko orduko partaideak izan ziren “ekintza” horren egileak. Garai hartan, herriko gure koadrilako hainbat lagun, taldean sartu berriak ginen eta bertako ekintzetan (dantzak ikasi, errepiketara joan, emanaldiak egin eta abarretan) parte hartzen genuen. Testuinguru horretan, indar berritua zegoen taldeko adiskide gazteok beteranoen memorian iltzatuta zegoen axeri-dantzaren peskizan abiatzea erabaki genuen.

Denborak eta lekuak (zoriak azken finean) axeri-dantzaren berreskuraketa egin zuen taldeko parte izatera eraman ninduen. Datozen lerrotan, nire memorian1 jaso dudan esperientzia pertsonal hau kontatzera nator harrezkero dantzaren munduan sartua izan den baten ikuspegitik, dantza hau birpentsatzerakoan azalduko dudan hau baliagarri izango denaren esperantzan.

Andoain axeri-dantza 1989 txingoa 01
Axeri-dantza, txingoa, 1989.06-24. Argazkia: Iñaki Arregiren bilduma.

Axeri-dantzaren bila

1970. hamarkadako lehen erdian, gure lagun Pello Mendozaren osaba zen Juantxo Arregiren eskaerari erantzunez, gure koadrilako neska-mutil mordo bat Lizar-Makil dantzari taldean sartu ginen2. Kontua zera zen, taldeko mutil saldo bat joana zela bertatik, batzuk soldaduskara eta beste batzuk taldea utzi beharrean aurkitu zirelako, eta hala, hutsuneak bete beharrean zeuden Lizar-Makilek iraungo bazuen.

Bertan, Juantxo Arregi, Arantxa Garmendia, Txusma Irusta, Josebe Zinkunegi, Luis Mari Beraza, Bittor Alfonso eta gure gidari izango ziren taldeko beteranoekin aurkitu ginen, Bixente Olano, Lizar-Makilen sorreran (1963. urte inguruan) eragile izandako bera, zen zuzendari orduan.

Taldeko dinamikan sartu eta berehala axeri-dantzaren gaia atera zen. Bixente Olano tarteko taldean bazen dantza honen berri: Andoain eta Adunan dantzatzen zela eta gerra aurretik dantzatzeari utzi zitzaiola3 Adunako saio batean (1929 inguruan) bi dantzariren artean izandako liskar baten ondorioz 4.

Bixente Olanok kontatutakoaren haritik5, gerra ostean, 1937. urte inguruan Beasaingo Udaletxeko ganbaran aurkitutako Txistulari aldizkarian irakurritakoa kontutan, hasi zen bere peskizak egiten: hasieran, guda aurretik Batzokiko ezpata-dantzari izan ziren batzuei (Karmelo Lasarte, Ramon Aldalur, Pedro Aranburu, …) galdetuaz, baina haiengandik inongo arrastorik jaso ez zuenez, elizan kantu lagun zuen Iñaxio Aizpuruarengana jo zuen, herriko txistulari nagusia izaki, bazuelako dantzaren ezagutza zuzena, baina hark, dantzaren basakeria zela eta, ez omen zion erakutsi nahi izan. Lagun zuen Juan Antonio Urbeltzen bidez ere saiatu zen ea Iñaxiok zerbait askatzen zuen, baina ahalegin hark ere huts egin zuen, … 6

Ikusirik Aizpuruarengandik ez zuela ezer lortzen, Olanok Adunara jo zuen, eta bere adiskide Sesmaren bidez Faustino Sorondorekin jarri zen harremanetan. Horrela, 1972. urte inguruko igande goiz batez egon ziren Adunan, Juantxo Arregi, Jose Antonio Zalakain txistularia, Luis Mari Beraza eta Bixente Olano bera (1969 erreferentziak ere badira: ikus Egin 1984-6-23). Juantxok eta beste beteranoek ziotenez dantzari buruzko informazioa jasotzen saiatu baziren ere gauza gutxi atera omen zuten, eta gauza bat dela edo bestea, ez omen zuten aurrera segitzerik lortu7.

Gauzak horrela, lan egiteko gogoz eta ilusioz beterik taldera sartu ginen gazte koadrilarentzat, galtzeko zorian zegoen dantza bat berreskuratzea erronka interesgarria zen oso. Hemezortzi urteren bueltan izango ginen gehientsuenok, dantzaren munduan sartu berriak, ezagutza urria genuen, baina behar zena egiteko prest geunden.

Andoain axeri-dantza 1980cc 019
Axeri-dantza, torrea, Andoain, 1980ko hamarkadan. Argazkia: Iñaki Arregiren bilduma.

1974 urteko udan, gure taldekide Iñaxio Aizpuruaren bidez, (izen bereko txistulari eta dantza-maisuaren biloba zenez) bere aitonarekin harremana izatea lortu genuen. Oraingoan bai. Bilera hartara joan zirenak hauek izan ziren: Iñaxio Aizpurua Gonzalez, Joseba Arregi Roldan eta Bixente Isasi Aranburu. Elkarrizketa, Iñaxio aitonaren etxeko balkoian (orduko Exkerranea tabernako gainean) egin zen larunbat goiz batean. Bilera horretan jasotako apunteak Bixente Isasiri esker dauzkagu:

  • Ez zuen erakutsi nahi, dantzak berarekin zeraman gehiegizko basakeria zela eta.
  • Orratz zorrotzak eta sua zerion txingarra edo ilentia erabiltzen zuten.
  • Min egiten zioten elkarri, eta asko edaten zuten.
  • Parte-hartzaileak basomutilak, ikazkinak eta oro har mendiko jendea izaten omen zen, kalera jaitsi eta bere onetatik ateratzen zirenak.
  • Janzkeraren ezaugarrietako bat blusa gorri luze bat zen. Hori zela eta deabruak bailiran ibiltzen ziren: sua = gorria = jantzia = deabruak.
  • Iraupenari dagokionez, zenbait egun eta baita astebete ere.
  • Idiarena: orgak eta zaldunak, beraien arteko borrokak. Bazen lehiaketa eta garailerik.
  • Idiarena oilasko-jokuaren musika bezala.
  • Udalak pagatzen zuen.
  • Beraien artean borrokatzen ziren.
  • San Joanetan, Angelusaren kanpaiekin puntuan.
  • Musika paperekin erakutsi zien pausuz pausu.

Iñaxio nekatuta aurkitzen zenez ezin izan zuten bilera nahi adina luzatu.

Jasotako datu telegrafiko horiek testuinguru bat behar zuten modu osatuagoan ulertuak izateko. Zenbait galdera bururatzen zaizkit puntu horien karietara, baina ez da erreza egiten testuinguru hori orain modu zehatzean berreraikitzea, bileraren estutasunarengatik, irizpide faltagatik eta hainbeste urteren buruan gure memoria lausotzen joan delako.

Nolanahi ere, berak kontatutako zenbait elementu egiaztatu ahal izan ziren gerora Adunara egingo genituen bisitetan: orratza eta ilentia erabiltzearena, basakeria, borrokak, … Blusa gorri luzearen erreferentzia, aldiz, ez zen Adunan jaso, baina halere mantentzea erabaki genuen8.

Beraz Adunara jo genuen axeri-dantzaren nondik norakoen bila eta han lortu genituen dantzaren arrastoak. Gure solaskide izan ziren dantzaren azken lekukoak, Altzarteko David Zabala eta Seotegiko (Serorategiko) Faustino Sorondo9, ordurako urtetan sartuak, pixkanaka gure jakin-minetara hurbiltzen joan ziren.

Andoain axeri-dantza: David Zabala, Faustino Sorondo eta Juantxo Arregi.
David Zabala, Faustino Sorondo eta Juantxo Arregi.

1974 urte inguruan izango ziren Adunara lehen bisitaldiak. Ziurrenik 1975 urtearen hastapenetaraino luzatuko ziren, urte horretako abuztuan, Amabirjinaren egunez, Adunako plazan, Andoaingo dantzariek axeri-dantza dantzatu zuten arte. Ez zen berehalakoa izan Faustinoren eta Daviden konfiantza lortzea. Hasieran uzkur samar azaldu zitzaizkigun. Nik uste, dantzak herrian utzi zuen arrasto garratza ez zela lagungarri izan. Horren harira, Davidek kontatutakoa da nola dantzatu behar zutenean ezkutuan ibili behar izaten zuten, buruan bueltan jarriko zuten setazko painelua armariotik disimuluan hartu eta herriko plazara joateko. Gauza da, behin konfiantzazko giroa lortu zenean, bilerak emankorrak izan zirela, eta handik jasotako informazioak gehi Iñaxio Aizpuruak emandakoak, honek utzitako musika paperekin batera, dantzaren berregitea ahalbidetu zutela, gutxi gora behera gaur egun ezagutzen dugun moduan.

Andoain axeri-dantza 1980cc 38
Axeri-dantza, orratzakoa, Andoain, 1980ko hamarkadan. Argazkia: Iñaki Arregiren bilduma.

Bilaketaren ajeak

Egun ezagutzen dugun axeri-dantzaren itxura eta egitea behar bezala ulertzeko eta etorkizunean egin daitezkeen moldaketak ondo bideratzeko, uste dut garrantzizkoa dela bilaketan parte hartu genuenon muga edo limitazioez jabetzea.

Alde batetik, Lizar-Makileko dantzariei buruz azaldu daitekeena: dantza munduan ezagutza urriko 18 urte inguruko gazte harro eta ustez orojakitunak, ikerketa munduan lehen esperientzia izatera ziohazenak, inongo beste erreferentziarik gabe nahiz eta ilusioz eta gogoz beteak.

Andoain axeri-dantza 1980cc 004
Axeri-dantza, orratzakoa, Andoain, 1980ko hamarkadan. Argazkia: Iñaki Arregiren bilduma.

Bestetik, gure solaskide edo informatzaileei buruzkoak: Faustino eta David adinean aurrera ziohazen, 70 urtetik gora (edo 80tik gertuago agian), nahiz eta memoriaz txukun egon, beraien egoera fisikoa ez zen onena, batez ere dantzen aldairak erakusterakoan agerian jartzen zena. Gutxiagotasun konplexutik ere bazegoen zerbait, “dantzariak” ziren gazte lirain haien aurrean... euren ustez beraiek ez ziren benetako dantzariak.

Harreman horien ondorioak gaurtik begiratuta errez antzeman daitezke eta argibide moduan adibide batzuk:

  • Dantzaren zati ezberdinak lotzeko plazari buelta ematen dioten Paseoak osatzeko zein urrats egin behar zen galdetzerakoan, beraiek (uste dut David izan zela azaldu ziguna), “Zortzikoan10 egiten zena” erantzun ziguten. Sentzilloa11 esaten diogun urratsa zela ondorioztatu genuen orduan, baina ondoren sortu zitzaigun arazoa izan zen nola ibili gintezkeen batetik bestera, guk lekuan egiten zen aldaera ezagutzen genuenean nagusiki. Emaitza ez zen dantzakera organikoena izan.

  • Zortzikoaren partea jakintzat eman genuen, guk taldean ikasitakoa12 erreferentzia bakarra genuela. Ikuspegi zabalago batekin joan izan bagina akaso aldez aurretik ondutako aldaera ezberdin batzuk13 taxutzeko aukera izango genuen, beraiekin harreman aberatsago eta dinamikoago bat lortuz.

Andoain axeri-dantza 1980cc 018
Axeri-dantza, zortzikoa, Andoain, 1980ko hamarkadan. Argazkia: Iñaki Arregiren bilduma.

  • Testuinguruari ez genion garrantzirik eman: parte hartzen zuten jendearen karakterizazioa (adina, egoera zibila, ofizioa, …), nola eta non prestatzen zen taldea, non eta nola ikasten zituzten dantzak, dantzari lotutako istorioak, musikariekin harremanak eta abar14. Segurutik bilduko genuela informazio interesgarri asko dantzari egiazkoago itxura emateko, adibidez jantzia moldatzeko garaian.

  • Amaieran egiten zen soka-dantzaren kasuan ere, Zortzikoarekin gertatutakoaren antzera jokatu genuen: jakintzat emanda nola behar zuen izan, aldaera berezi bat (bai dantza egiteko moduan nola koreografiaren egituran) jasotzeko aukera galdu genuen.

  • Festaren ulermena bere osotasunean: ez genuen ulertu soka-dantzak, axeri-dantzaren parte bezala, errituaren amaiera markatzen zuenik. Horrek, beste gauza batzuen artean, jantziak berritzerakoan planteamendu oker batera eraman gintuen, ulertzerakoan, erratuki, soka-dantzak itxura jaso eta “dotore” bat izan behar duela beti.

Andoain axeri-dantza 1980cc
Axeri-dantza, zalduna zaldiaren gainean perra jartzearen ondoren, Andoain, 1980ko hamarkadan. Argazkia: Iñaki Arregiren bilduma.

Eta axeri-dantza egin zen

Jasotako informazioarekin eta jaso ahala, hasi ginen dantzaren egitura eta edukia osatzen. Bi aldi ezberdindu nahi nituzke: lehena 1975. urtetik aurrerakoa eta bigarrena 1989. urtetik aurrerakoa.

Lehen aldi horretan, Adunan jasotakoarekin eta taldeko dantzariek genuen ezagutzan15 oinarrituta saiatu ginen dantzaren eraikuntza egiten. Osatu genuen dantzaren egituraren sustantziari balioa kendu gabe ondoren azaldu ditzakegu eraikuntza horretan aurkitu daitezkeen puntu eztabaidagarrienak edo berezienak, etorkizunean kontutan hartu daitezkeenak Axeri-Dantzaren berrikusketa bati ekin nahi bazaio:

  • Paseoa dantzan: aurretik adierazi den moduan dantzaren parte honek, ustez, sentzilloa du oinarri, eta pauso hori lekuan bakarrik egikaritzen genuenei ez zitzaigun erreza egin leku aldatuz modu natural eta organiko batean bideratzea. Har genezakeen adibidez uztai handien dantzan egiten diren desplazamenduen egiteko modua, baina ez zitzaigun burutik pasa ere egin. Egun badugu horren inguruan, kontrastatutako ezagutza gehiago, eta heldulekuak aurkitu ditzakegu egiteko modua orraztu nahi bada.

Andoain axeri-dantza 1980cc 025
Axeri-dantza, paseoa, Andoain, 1980ko hamarkadan. Argazkia: Iñaki Arregiren bilduma.

  • Zortzikoa: Axeri-Dantza edo Esku aldatzeko soinua bezala ezaguna dena. Ez dut gogoan zerk bultzatuta jo genuen Joseba Agirrerengana16 bere dantzatzeko moduan interesatuta. Ez dut gogoan zeintzuk izan ginen berarekin saio batzuk egin genituenak bere dantzatzeko modua ikasi nahian … ni bai behintzat. Gogoan ditut kontzejupeko pilotaleku txikian egindako saioren bat. Zortziko honi lotuak izan ziren, eta ez naiz akordatzen beste dantzaren bat ikasten saiatu nintzen edo. Zorionez aukera hori ez genuen galdu eta egun dantzakera hori da zati honetan egiten dena batik bat17. Gerora konturatu ahal izan nintzen Sentzilloak egiteko modu hori (lehen mugidetan zangoak harrotuz) eskola zaharrekoa zela, eta ezkutuan gordeta egon zela urte batzuk pasa arte18. Zorigaitzez, dantzakera hori luze zabalean aztertzeko aukera galdu genuen. Hori ikusten jakin izan bagenu, gaur egun Andoaingo19 garai bateko dantzarien dantzatzeko modu berezi baten jabe izango ginateke.

Andoain axeri-dantza 1980cc 022
Axeri-dantza, zortzikoa, Andoain, 1980ko hamarkadan. Argazkia: Iñaki Arregiren bilduma.

  • Trantsizioak eta “agertokiaren sindromea”: edozein dantza egiterakoan, berdin da non, agertokian gaudela uste izateak egikaritze borobilen bila bultzatzen gaitu. Horrek lehenesten ditu, batzuetan, mugimendu behartuak (ezinezkoak ez esatearren), beste natural eta espontaneoago batzuen ordainetan. Horrela, Paseotik bueltan, Orratzakoa egiterakoan, bi lerrotatik bakarrera pasatzeko airean egiten zen gira akrobatikoa metro erdiko distantzia salbatzeko eta antzeko gauza, baina bueltakoan, lerro bakarretik bi lerrotara itzultzeko. Gauza bera gertatzen zen Txingoaren partean. Zorionez trantsizio horiek hobeto manejatu egin ahal izan ziren bigarren aldian, egoera hori berrikusi genuenean20.

  • Soka-dantza: dantza modu honen esan nahi berezkoaz ez ginen jabetu eta aparteko bezala kontsideratzera eraman gintuen. Horrek baldintzatu zuen zati hau irudikatzeko modua: lehen esan bezala jantziena adibidez, edo dantzakerarena. Egun integratua egiten da21 eta zuzenago dagoela iruditzen zait.

  • Ez zen erreza dantza horrek lehen zuen egiteko modua, dinamika eta, esan dezagun “arima”, gure bertsio berrian behar bezala proiektatzea: lehenik eta behin gutako inork ez zuen ikusi eta ez zen agerikoa nola izan zitekeen irudikatzea, beste garai, leku eta testuinguru sozial batetik gentozenen aldetik, batez ere basakeriari22 lotua zegoenean. Hori saihetsezina dela esan dezakegu.

Andoain axeri-dantza 1980cc 027
Axeri-dantza, biribillketa, Andoain, 1980ko hamarkadan. Argazkia: Iñaki Arregiren bilduma.

Jantziaren gaiari heltzen badiogu, kontutan hartu beharreko puntu hauek azaldu ditzakegu:

  • Buruan painelua jartzearena, ezker aldean korapiloa zuelarik, aragoiarrak “katxiruloa” jartzen duten tankeran, axeri-dantzarekin izandako lehen ezagutzei lotua dago, ezaguna zen painelua erabiltzen zela modu horretan. Esan bezala, Adunara joandakoan bai Davidek nola Faustinok painelua23 erabiltzen zutela zioten. Beraz dantzaren ezaugarri nabarmenenetakoa dela esango nuke.

  • Blusa gorri luzea, Iñaxio Aizpurua txistulariari hartutako informazioa da. Ez genuen beste inon erreferentzia hori aurkitu, ez Adunako informatzaileen aldetik behintzat. Lehenago azaldu dugun moduan, mantentzea erabaki genuen. Jantzi horren inguruan ez zen beste ikerketarik gehiago egin (zeintzuk izan zitezkeen beste ezaugarriak, antzeko erreferentziak, beste esparrutan aurki zitekeen antzeko jantzien erabilerak, …) eta garai hartan geuk izan genezaken blusaren erreferentzia agerikoena erabili genuen: Eguberritako puska-biltzetarako segizioetan gizonezkoak erabiltzen zuten blusa beltz satinatua. Beltza beharrean, gorriz egindakoa eta belaunerainoko luzera eman eta listo24. Ez litzateke txarra izango jantzi honen inguruan orduan arakatu ez genuen informazioa xerkatuko balitz.

  • Jantzia osatzeko zer falta zen erabakitzeko ez genuen irizpide zuhurrik. Davidek eta Faustinok, ohiko jantziekin ateratzen zirela plazara, painelua izanik ezaugarri bakarra eta hortik aurrera ezer gehiagorik ez. Beraz “uniforme” bat behar genuen bai hala bai eta modu sinpleenean irudikatu genuen hau: ikazkinak baziren partaideak, mendi lanerako izan zitekeen zerbait behar zuen; gure imajinarioan, mahoizko galtzak lanerako izan zitezkeen eta artilezko galtzerdiak eta abarkak mendirako balio zezaketen. Alkandora zuria, beste baten faltan, errazena zen konjuntoa osatzeko. Akaso uniforme baten bila joan beharra ez zen abiapunturik egokiena izan eta naif-egia ikazkinen irudia hain modu “ebidentean” erabiltzea.

  • Momentu bakoitzeko bi jantzi: lehenago adierazi moduan hutsegitea izan zen soka-dantza axeri-dantzatik bereiztea, zeren eta horrek jantziak ere bereiztera eraman gintuen. Soka-Dantza egiteko blusa eta painelua kenduaz eta txapela jarriaz osatzen genuen beharrezkoa ez zen bigarren jantzia. Esan dugun moduan egungo bertsioan hau zuzendua dago eta dantzak osotasun egokiago bat du25.

Andoain axeri-dantza 1980cc 034
Axeri-dantza, korrika, Andoain, 1980ko hamarkadan. Argazkia: Iñaki Arregiren bilduma.

Bigarren aldian, dantzaren zenbait ezaugarri berrikusi ziren. Koreografiari dagokionez, esan dezagun egiteko modua asentatzen joan zela eta irizpide “organikoagoak” kontutan hartu zirela dantzari azken forma ematerakoan. Esaterako:

  • Trantsizioak: lehen bertsioaren aldean bi filatik batera joatea eta alderantzizko trantsizioa, deia lekuan egin ondoren, oinez modu naturalean egiten hasi ginen; azken finean festa egiten zen herriko plazako markoan ipini behar genuen dantza eta ez agertoki batean non eboluzio bakoitza jariakorra eta neurtua izan behar duen, ikuslearen zerbitzuan26.

  • Hobetu zitezkeen beste eite batzuk berdin jarraitu zuten, esaterako soka-dantzari buruz birritan aipatutakoa, edo dantzaren “arima jatorrarenganako”27 hurbilketekin ez asmatu izana.

Jantzien esparruan, borondate onez moldaketa garrantzitsu bat egin zen, ustezko “benekotasun” baten bila28:

  • Buruko painelua eta blusa gorria mantentzen baziren ere azken horren diseinua berrikusi egin zen, baina antzeko arropen erabileraren inguruan zer zegoen arakatu beharrean, gehiago joan zen moldaketa, lepoko irekiaren itxura estetikoetara.

  • Lehenago azaldu bezala, plazako jarduna bi dantzez osatuta zegoela pentsatzeak, bi jantzi behar genituela ondorioztatzera eraman gintuen eta fase honetan diferentzia hori nabarmendu egin zen jantzietan, soka-dantzari itxura jasoago bat eman nahian:

    • Harizko alkandora bainikadunak, paparrean girgileria gehitxo zuena.

    • Galtza marradunak, dotoreziaren xerkan, etiketa jantziekin zer ikusi gehiago zuten oihal bereziak erabiliaz29

    • Alpargata zuriek ordezkatu zituzten abarkak, modu egokian nire ustetan.

Garai honetan guztian, txistularien jardunak Iñaxio Aizpurua zaharrak emandako musika paperetan oinarritutako musikaz hornitu zuten dantza. Hasiera batean Xabier Esnal eta Iñaxio Aizpurua gaztea izan ziren lehenak dantza laguntzen, denbora gutxira Felix Martinez de Lezea atabalarekin sartu zelarik. Aizpurua soldaduskara joandakoan Jose Luis Etxeberriak eta bere taldeko txistulariek osatu zuten banda.

Andoain axeri-dantza 1980cc
Axeri-dantza, perra jartzea, Andoain, 1980ko hamarkadan. Argazkia: Iñaki Arregiren bilduma.

Axeri-dantza atalez atal

Dantzaren egitura eta eduki koreografikoari gain-errepaso bat, memorian gordetakoak kontutan, 50 urte pasa direnean.

Taldea bi lerrotan antolatutako nahi adinako dantzariz osatuta egon daiteke, buruzagi batek gidatua. Horrek korapilodun gerriko bat darama eta hartaz baliatzen da dantzariak zuzendu eta taldean bilduta edukitzeko.

Dantzaren zatiak hauek dira:

  • PASEOA: garai hartan euskal dantzari buruz genuen imajinarioan, dantzaren zati hau izan zen gauza berezietan lehena, ez baikenuen antzekorik ezagutzen. Eguerdiko 12:00etan puntuan, Angelusaren orduan, bi lerrotan antolatutako dantzari taldeak hasiera emango zion dantzari plazari buelta emanez. Hau bera errepikatuko zuten beste zatien artean tartekatuz Korrikaren zatiraino. Lehenago azaldu dugun moduan Davidek eta Faustinok iradokitako “zortzikoaren pausoarekin” egiten omen zen eta ideia horren interpretaziotik dator orduan proposatutakoa eta egun egiten dena. Beraiek ez ziguten dantzatu eta guk egindakoari, nik gogoratzen naizenarengatik behintzat, ez zioten akatsik atera. Deiarekin30 hasi eta bukatzen da eta honi buruz dudan zalantza da hori gure lagun informatzaileek esandakoa zen edo guk “lege onez” jarritakoa.

  • AITARENA: aitaren eginez eta salto eta aireko jirarekin osatzen den aldaira honen unitatea zenbait aldiz errepikatuz burutzen da zati hau. Bi lerrotan daude dantzariak, elkarri begira eta egitea geroz eta azkarragoa da errepikapenak egiten diren neurrian.

  • ZORTZIKOA: axeri-dantza edo Esku aldatzeko doinu bezala ezagutzen dena eta soka-dantzaren zati bat osatzen duena. Zortziko hau Joseba Agirrek erakutsitako dantzatzeko moduan egitea, oso egokia izan zela iruditzen zait. Bi lerrotan jarraitzen dute dantzariek eta buruzagiak ematen dio hasiera gero taldeko dantzariak banan bana dantzatu aurretik. Dantza amaitutakoan dantzari bakoitzak hurrengoari eskuz esku pasatzen dio korapilodun gerrikoa. Garai baten, harri bat eramaten omen zuen korapiloan gordea. Ez da zaila imajinatzen gerriko eramaileak zer nolako basakeria eragin zezaken horrela atondutako gerrikoarekin aurrean ihesi zihoan dantzaria astintzen zuenean. Gerrikoa jasotzen zuen dantzariak eman zionari jarraitzen zion korrika eta esaten zutenez lasterketa horiek plazatik kanpo ere distantzia luzean hedatu zitezkeen. Azken hori ideia erakargarria izanda ere, plazako eremutik ez ateratzea erabaki zen, dantzaren iraupena kontrolpean edukitze aldera.

Andoain axeri-dantza 1980cc 036
Axeri-dantza, zortzikoaren bukaerako gerriko aldaketa, Andoain, 1980ko hamarkadan. Argazkia: Iñaki Arregiren bilduma.
  • ORRATZAKOA: Paseotik bi lerrotan datozen dantzariak lerro bakarrera igarotzen dira, zati honi hasiera emateko. Dantzari bakoitzak eskuak aurreko lagunari jartzen dizkio sorbaldetan eta doinuaren erritmoan zangoak zabalduaz eta itxiaz markatzen da dantza. Taldeko dantzari bat da azpitik pasatzen dena ahalik eta ondoen zangoen itxierak saihestuaz eta goiko dantzariaren makurkerietatik ihesi. Garai batean orratz bat zeraman oztopo egiten zionari sartzeko31. Gaur egun, buruzagiarena da beheko dantzariak duen laguntza bakarra. Sarritan gogoratzen ziguten Adunako gure lagunek, zango azpiko pasadizoa amaitzerakoan lerroko lehenak lagundu behar ziola azpikoari altxatzen beso azpitik helduaz. Oroimenean zuten garai haiek non dantzari guztiak txandaka azpitik pasatzen ziren. Gure garaian, inoiz dantzari multzo bat, bata bestearen atzetik, trantzetik pasa bazen ere, azkenean aurretik aukeratutako bakar batek egitea erabaki zen32.

Andoain axeri-dantza 1980cc
Axeri-dantza, Orratzakoa, Andoain, 1980ko hamarkadan. Argazkia: Iñaki Arregiren bilduma.

  • TXINGOA EDO ILENTIA: zati honetan, aurrekoan bezala, bi lerrotatik datorren taldea bakarrera pasatzen da eta dantzariak esku batekin heltzen du aurreko dantzariaren sorbalda eta bestearekin aurrekoaren zango baten txorkatila. Horrela antolatuta eta musikak markatzen duen erritmoan lurrean duten oin bakarraren gainean saltoka (hortik TXINGO izenarena) hasten da taldea mugitzen “ziraun”33 baten modura. Zer zango eman heltzeko eta ze esku jarri aurrekoaren sorbaldan dantza aurrera zioan neurrian aldatu zitekeen, ez baitzen erreza zango berdinaren gainean zati guztia dantzatzea. Buruzagiak eskuan daraman ilintiak markatzen du zati honen beste ezaugarria (hortik ILENTIArena). Berarekin zirikatzen du taldea alde baterako eta besterako lekualdaketak eraginez34. Hasieran ez genuen ilintirik atera baina laster gureganatu genuen35.

Andoain axeri-dantza 1980cc 021
Axeri-dantza, ilentiarena, Andoain, 1980ko hamarkadan. Argazkia: Iñaki Arregiren bilduma.

  • KORRIKA: oraingo honetan dantzari taldea Paseoan plazaren fondoraino joaten da dantzan eta haren amaieran, biribilketaren doinu batekin korrika abiatzen da plazaren beste ertzeraino, buruzagia gerrikoarekin astintzen atzetik dutela.

  • PERRA JARTZEA: bikoteka antolatuta, zaldunak zaldiari perra jartzearen imintzioa egingo dio. Hasieran zango batekin eta gero bestearekin. Amaieran zalduna zaldiarena egingo duenaren sorbaldetara igoko da hurrengo zatiari segida emateko.

  • BORROKA EDO TORREA: aurretik aukeratutako bikote bat geldituko da besteak osatutako zirkuluaren barruan eta haren zalduna da gora igoko dena pixkanaka ohitura bihurtuko zen irrintzia botatzeko. DORREA osatu aurretik zaldun-zaldien bikoteak elkarren kontra jotzen dute BORROKAN, zeinek zein lurrera botako36.

Andoain axeri-dantza 1980cc 017
Axeri-dantza, torrea, Andoain, 1980ko hamarkadan. Argazkia: Iñaki Arregiren bilduma.

  • BIRIBILKETA: dorrea desegin ondoren, eskutik helduta taldea mugitzen da soka-dantzari hasiera emateko.

  • SOKA-DANTZA: lehenago adierazi dudan moduan, egun soka-dantza egiten den era, axeri-dantzaren beste zatien segidan integratua alegia, egiteko modu egokiena dela iruditzen zait. Hasieran zati hau, eremu berezi eta jasoago batera mugitu nahi izan genuen eta zentzu horretan ahalik eta molde dotoreenaren bila joan ginen. Goizaldik ohikoa zuen soka-dantzaren segida hartu genuen erabilgarriagoak izan zitezkeen beste erreferentzia batzuek kontutan hartu gabe, tartean, adibidez, Andoainen egin zitekeena. Nire iritzian dantza honek forma arinago bat hartu behar luke, zati esanguratsuenak bakarrik kontutan harturik.

 

Informazio gehigarria

  • Gotzon Etxeberriak emandakoa: ustez 1903an Berastegin ateratako fotoa. Etxeberriatarren etxean, axeri-dantzari lotua zegoela esaten zuten. Erdian dagoen 15 urteko mutil kozkorra Agustin Etxeberria andoaindarra da Gotzon Etxeberriaren aitona, eta gauzak horrela, suposa dezakegu talde horretan andoaindarrak izango zirela. Agustin Etxeberria ezkondutakoan, Aizpuruatarrak bizi ziren etxe bereko lehen pisura joan zen bizitzera (Exkerraneako tabernaren gainera).

Berastegi 1903 Axeri-dantzaren bueltan
Berastegi, 1903cc. Axeri-dantzaren inguruko argazkia izan daiteke.
  • Garai bateko axeri-dantzaren inguruan eta bere izate basaren legendari lotua, esaten zen dantzaren momenturen batean artabizarrak jartzen zirela dantzarien sudur zuloetan eta gero haiei su eman. Horrelako zerbait jasotzen du Juan Inazio Iztuetak idazten duenean “Batean illeti irazekiarekin buruzariak ematen die su sudurzuloetan lendanaz sartutaco mullo puscaetatic…37. Iztuetaren azalpenaren testuinguruan izan zitekeen iztupa oilaskoen sudur-zuloetan sartu izana eta ez dantzarienetan …38.

  • Adunan eta Andoainen egiten den axeri-dantzak, lehen begiradan, ez du antzekotasun handirik Hernanin egiten denarekin, nahiz eta edukiak eta testuingurua ikusirik sail bereko dantzak bezala kontsideratu ditzakegun. Gure axeri-dantzaren bilaketa hasi genuenean Hernanin dantzatzen zuten berea, Mazkuri-Dantza bezala ezagutzen zena. Errenterian dantzatzen dena Andoainen ikasitakoa da, oker ez banabil.

  • Axeri-dantza Lizar-Makil taldetik herrira zabaltzea erabaki zenean, Gotzon Etxeberriari eskatu zitzaion kartela egin zezan. Garai hartan (1978 urtearen bueltan edo) berak eginak zituen dantzari buruzko marrazki sail bat eta bertatik hartutako bat izan zen kartelaren motiboa (dantzari bat zortzikoa dantzatzen):

Axeri-dantza, Gotzon Etxeberriak egindako kartela, 1978-79 inguruan.

  • Gotzonek, axeri-dantzaren inguruan egindako marrazkietako beste batekin beste kartel bat osatu zuen honako jaialdi honen berri emateko:

GE-Jaialdia-Andoainen_r.jpeg
  • Gotzonek axeri-dantzaren inguruan egindako marrazki sailetik beste bat, dorrearena (1978):

Gotzon Etxeberria: dorrea
Gotzon Etxeberria, Dorrea.

Egun Urbeltzek ez ditu aurkitu Aizpuruarekin izandako bileran hartutako oharrak

  • 32-AxD Azeri dantza Egin 1983-07-19 (pdf)
  • Adunako Azeri-Dantza eta Oilasko-Joku 1983. urtean, Mendi-Alde Euskal Dantza Taldeak egindako txostenaren inguruan ohar batzuk ondoren. Garai horretan beraiek egindako elkarrizketen artean Lizar-Makileko jendeari (Juantxo Arregirekin eta Txusma Irustarekin nagusiki) egindakoak daude eta dantza eta jantziaren deskribapenaren atalak Andoaingoek egindakoan oinarritzen dira:

    • Lokalismoak: ez dakit zertan oinarritzen den Adunari, espresuki atxikitzeko dantza, Andoain alboan utzirik. Horrela 8. orrialdean, Adunari buruz ari dela, dio “… y que antiguamente la realizaban los pastores que bajaban del monte y se unía todo el pueblo o mejor dicho el que quería, y a diferencia de Andoain (que antiguamente también se ejecutaba), en la que los promotores, por llamarlo de alguna forma, eran los carboneros, que llegaban por las montañas desde Leitza (Nafarroa)”

“Antiguamente” hitzaren haritik ikuspegi tenporalari helduta, garai bertsukoak (pasa den mende hasierako urtetakoak) dira lekukotasunak bai batekoak nola bestekoak, nahiz eta litekeena izan Adunan izatea dantzatu zen azken aldia. Bestalde, anekdotatik kanpo, ez diot inongo transzendentziarik ikusten batean artzainak eta bestean ikazkinak izatea dantzatzen zutenak esatea, kontutan hartuta Aduna eta Andoain bata bestearen ondoan daudela (4 kilometro).

Beraz, zuzenagoa litzatekeela iruditzen zait, Beterri terminoa erabiltzea inklusiboagoa delako eta orokorragoa izanik sinesgarriagoa egiten delako.

    • Jantzia: 9. orrialdean azaltzen den deskribapenari testuingurua falta zaio hor azaltzen dena tradizioz jasotako jantzia bezala ulertua izan ez dadin. Zentzu honetan, esan behar dena da deskribatutako hori Andoaingo dantzariek ASMATUTAKO jantzia dela non elementu jator bakarrak, buruko painelua eta blusa gorria diren (eta azken hau Aizpurua txistulariak esandakoaren araberakoa). Honi buruz zenbait gogoeta egin dira idatzi honen aurreko orrialdetan.

    • Koreografia eta zatien deskribapena: beste puntuan bezala, testuinguru baten falta antzematen da, gerora azaltzen diren zatien deskribapenen oinarria edo mamia (batez ere zehazki azaltzeak ematen dion egiazkotasunaren itxura kontutan) modu egokian ulertua izan dadin. Dantzaren zati ezberdinen dantzakera eta zenbait eboluzio koreografikoak, jantziaren kasuan bezala, Andoaingo dantzariek ASMATUTAKOAK izan ziren, Adunan jasotakoa osatzeko. Nola nahi ere zati ezberdinak eta horien eboluzio nagusiak, Davidek eta Faustinok esandakori jarraituz, berezkoak dira. Zentzu horretan eta txostenean erabiltzen den deskribapen zehatza egin behar bada, zuzenena behar luke jatorrizkoa asmatutakoarengandik ezberdintzea. Lehen esan bezala, honi buruz zenbait gogoeta egin dira txosten honen aurreko orrialdetan. Balio beza adibide honek: 13. orrialdearen hasieran “… los dantzaris tienen que calcular y preveer, que al caer, han de estar colocados todos en una fila, hecha en el centro de las dos anteriores”. Eboluzio akrobatiko honen zentzugabekeriari buruz zerbait esana dago lehenago. Eboluzio hau ez da jatorrizkoa eta horrela azaltzen ez bada txostena irakurtzen duenak ulertu dezake horrela zela berez.

  • 1978ko San Joan egunean egindako axeri-dantzaren grabaketa: RAKT (Rikardo Arregi Kultur Erakundeak) eskatuta Iñaki Eizmendiren zuzendaritzapean, Xabier Garciak eta berak Andoaingo Goiko Plazan burututako grabaketa da. Super-8 formatuan jaso zen eta 2017 eta 2018 urtetan Iñaki Zabalak digitalizatu zuen. Juantxo Arregiren bidez, Axeri-Dantzaren taldeari eman zitzaion. Bertan lehen etapan egiten zen moduko Axeri-Dantza ikus daiteke.

Oin-oharrak

1 Memoriatik erreskatatutako edozein kontakizun bezala, hau ere esperientzia pertsonal baten isla da, eta zentzu horretan subjektiboa. Ez du beraz, inongo kontaketa “historikorik” ordezkatu nahi.

2 Lehen tanda horretan, Pello Mendozarekin batera sartu ginenak: Bixente Isasi, Iñaxio Aizpurua, Joxeba Arregi, Alvaro Mujika, Joxe Mari Estibaliz, Fito Oiarzun, Isabel eta Belen Well, Kontxi eta Iñaki Arregi, Juanjo Lopez, Maite Mungia, Izaskun Alfonso, Mariaje Otaegi, Arantxa Huizi, Pili Juanikorena, Lurdes Uranga, Pedro Rodriguez eta abar.

3 Badira 1914.go eta 1934.go Andoaingo San Joan festetako programak non Azari-Dantza edo Axari-Dantza aipatzen den.

4 Antza denez bi partaideen artean ebatzi gabeko liskarren batek giroa berotu zuen. Honela horietako bat bestearen zangoen artean pasatzerakoan goikoak lepoa estutu zion hankartean eta behekoak orratza izterrean sartu ondoren hasi ziren gauzak nahasten. Sortu zen iskanbila ez omen zen samurra eta ahaztekoa izan, eta hala axeri-dantza gehiago ez egitea erabaki zen. Badirudi hau ez zela horrelako erabaki bat hartzen zenaren lehen aldia (bada testigantzaren bat esaten duena 1919an utzi zitzaiola dantzatzeari, gerora 1925ean berrartzeko, 1929 arte). Adunako 1929. urteko saioa jotzen da azken alditzat baina aurreko oharrean azaldu bezala 1934ko Andoaingo San Joan festetako programan dantza honen aipamena egiten da, beraz hor egongo litzateke argitu beharreko zerbait.

5 Ikus 34-AxD Bixente Olano 1984-2, INFORMAZIO GEHIGARRIA atalean

6 Gerora (azken hamarkada hauetan) Gotzon Etxeberriaren bidez jakin dugu bere etxekoek bazutela nolabaiteko harremana dantzarekin (ikus 1903ko fotoa INFORMAZIO GEHIGARRIA atalean)

7 Zail egiten da ulertzea gerra aurreko gertuko urteetan dantzatutakoa izanik, axeri-dantzaren oroimena hain urria eta gutxi zabaldua izatea inguru hauetan (Andoain, Aduna, …). Akaso dantzari lotutako basakeriak, egun uste dugun baino eragin handiagoa izango zuen?

8 Juan Antonio Urbeltzek aholkatu zigun blusa gorria mantentzeko, datu interesgarria izanik ez zela galdu behar eta. Bestalde, garai hartan Argiakoak izanak ziren Adunan, baina, ikusirik dantza berreskuratzeko gure asmoak, alboratu eta bidea zabalik utzi ziguten.

9 Bi adiskide hauen arrastoa iturri ezberdinetatik etorri zitzaigun. Alde batetik eta esan bezala, Lizar-Makileko beteranoek eta Olano berak zuten informazioa zela, bestetik, David Zabalaren berri bederen, Bixente Isasik Hernaniko EPO ikastetxera joateko bidaietan Adunako Javier Zabalarekin (gero bertako alkate izango zenarekin) izandako berriketetan. Baita ere, Adunan bizi zen Alvaro Mujika taldekidearen osabaren bitartez, dantzari buruz gauzak argitzeko Faustino eta David zirela kontaktatu beharrekoak.

10 Axeri-dantza edo Esku aldatzeko soinuari buruz ari gara

11 Esan beharra dago, garai hartan urratsaren izen hori guztiz ezezaguna zela guretzat.

12 Taldean beteranoengandik ikasitakoa zen genekiena, Donostialdeko taldeen estiloan dantzatutakoa, garai hartan ohikoena.

13 Zorionez aurrerago azalduko dudan moduan, Andoaingo dantzaria izandako Joseba Agirrerekin modu zaharreko aldaera bat lantzeko aukera izango genuen.

14 Esan dugun moduan, garai hartan Argiako kideak ari ziran ikerketak egiten eta sistematika baten jabe ziren (aurrez prestatutako galdetegiak, esaterako). Ez genuen bistarik izan horretara moldatzeko.

15 Ezagutzari buruz ari garenean, gu gazteok orduan genuen ezagutzari buruz ari gara: oso mugatua (garai hartan dantza taldetan errepertorio ohiko bati lotutakoa alegia) eta azalekoa (urratsak nola hala jakitearekin nahiko)

16 Pilar Azpiazuren senarra eta Garbiñe eta Amaiaren aita zena. Zorigaitzez, ez dakigu zein izan zen bere maisua.

17 Soka-dantzan, egikaritze “jasoago” bat edo bilatu nahian, batzuen batzuk zortziko estandarragoa egitea erabaki genuen.

18 Argiak, 1998an, Taula Gimnastiko Koreografikoa argitaratu eta zabaltzen hasi zenean aldaera horiek kontutan hartzen hasi ginen.

19 Andoaingoa eta seguruenik beste zenbait lekutakoa ere. Beste era batera esanda, maisua nor izan zuten jakinez gero, dantzakera horren geografiaren berri izango genuen, hura ezagutza zabaltzen ibili zen lekuak aurkituta.

20 Ordurako Argia EDTn nengoen eta dantzari talde horretan partekatzen zen ezagutza eta egiteari esker, erabiltzen zen begirada malguagoa eta naturalagoa zen eta argibide bat eman zuen moldaketa horretan.

21 Adibidez ez da jantzia aldatzen.

22 Ezin bestean, basakeria eragiten zuten zenbait elementu desagerrarazi egin ziran: gerrikoari lotzen zitzaion harrikoskorra, edota egiazko orratzak erabiltzeari uko egin zitzaionean Orratzakoa zatian.

23 Paineluaren izaerari buruz zerbait azaltzekotan, Davidek eta Faustinok emakumeak lepoan ibiltzen zuten kolorezko, setazko horietakoa zela zioten.

24 Tolosan erositako tela satinatu gorriekin josi zituen ezin hobeto Pepi Astigarrak, orduko blusak.

25 2012an egin zen aldaketa hau soka-dantza axeri-dantzaren barruan integratuz.

26 Itsuen herrian, begibakarra errege: egunerokoak jarri ninduen dantzaren nondik norakoak zuzentzen. Garai hartan Argian nenbilen eta hura niretzat unibertsitate bat bezala zen non dantza ulertzeko eta egikaritzeko moduak aberasten eta sendotzen ziohazen.

27 Berez ez da “arima jatorrik edo originalik” existitzen, baina artean ezagutzen ez genuen antzeko dantzen araketak eta ikerketak lagunduko zigun gure axeri-dantzaren esparrua hobeto ulertzen, eta era horretan bere egitea naturalago gureganatzen (adibidez egun badakigu axeri-dantzaren moduko jolasa batzuk egiten diren lekuak badirela Aragoi eta Catalunyan esaterako).

28 Erabakiak hartzen genituenon irizpide faltak bultzatutako jarduera izan zen, Kontxi Arregik gidatutako talde batek, lan eskerga eginez, burutuko zuena (Karmele Goñiri egindako kontsultak, oihalen bila egindako lanak, joste lanak, eta abar).

29 Galtza modu horiek blusa gorriekin konbinatzeak, nire ustetan, toke surrealista xamarra ematen dio konjuntoari, eta dantzaren sinesgarritasunari ez dio laguntzen.

30 Gure ustetan, Gipuzkoako dantzetan hain ohikoa den 4 puntu edo konpaseko deia izan behar zuen.

31 Pasarte honek eragin omen zuen Axeri-Dantzaren azken haserrea eta ondorioz etetearena. Errez asma liteke ez zela lehena izango.

32 Taldera bildu berria zen dantzari bat izan zitekeen (hasiberria alegia), bere “hasierako-erritoarekin” kunplitzeko edo bestela boluntarioren bat.

33 Davidek eta Faustinok, maiz erabiltzen zuten irudi hau taldearen plazako eboluzioa nolakoa izan behar zuen azaltzeko

34 Nire oroitzapenetan, txingoka hastearekin batera buruzagiak hartzen du lerroaren burua eta eboluzioa markatzen du hastapenean, gero lerrotik ateratzeko. Mendi-Aldekoen txostenak antzeko gauza bat azaltzen du (ikus 14. orrialdea). Nola nahi ere ezin daiteke hau segurutik hartu, beste kideekin egiaztatu nahi izan dudanean ez zirelako honetaz gogoratzen.

35 Oker ez banabil, gure garaian, Davidek gaztainondo adar bat ekartzen zuen baserritik eta Luis Mari Berazak edukitzen zuen sutan prest dantzarako.

36 Gure borrokak oso leunak izan ohi ziren zaharrek gogoan zituzten pasadizoekin alderatzen baditugu. Hemen berriz basakeriari lotzen zaion beste oroimena.

37 Guipuzcoa’ko Dantza Gogoangarriak 228 orrialdean (229an gazteleraz). Mullo estopa bezala itzulia dago.

38 Badira lehen hipotesia azpimarratzen duten kasuak; oilasko-jokuari lotuta, esaten da nola buruzagiak pizten zuen dantzariek zintzilik zeramaten iztupa:

(http://www.euskomedia.org/aunamendi/29368/11229?op=7) edo marinelen arteko “vizarracerretia” deitutako joko edo dantza eta antzeko erreferentziak Europako zenbait herrialdetan (ikus Mendi-Alde Euskal Dantza Taldeak Adunako Azeri-Dantza eta Oilasko-Joku txostena).

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Iñaki Arregi

Iñaki Arregi