Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Aritz Ibañez Lusarreta Zirtzilen liluraz, dantzarien funtzioaz

Dokumentuaren akzioak

Zirtzilen liluraz, dantzarien funtzioaz

Zirtzilen liluraz, dantzarien funtzioaz

Iruinkokoa 2023. Kokobeltz eta kokoxuriak parez-pare. Argazkia: Orreaga Zubeldia

Libertimendu sasoi betean gara. Hartara, Euskal Herriko hainbat txokotan dantza, musika, antzerkia eta bertsoa uztartzen dituzten joko hauetaz gozatzeko garaia izateaz gain, aste hauek izaten dira momentu aproposena ere disziplina honi buruzko gora-beherei erreparatu eta hausnartzeko. Azken hamabost urteotan azpimarratzeko moduko loraldia bizi badute ere, azken hilabete luzean entzun eta irakurri ditudan hainbat iritzik kezka bat adierazten dute eta dantzarekin harremana duen neurrian, hemen xokoa egin nahi nioke ardura horri. Hiru zertzelada:

1- Urtarrilaren 14an elkartruke interesgarria egin dugu Iruñean Baigurako libertimenduko eta Iruinkokoko kideon artean. Baigurarrek bolant-dantzari talde berria muntatu dute libertimendurako eta laguntza xumea eskaini diegu azken hilabeteotan. Iruinkokoaren sorkuntza prozesua ezagutu nahi izan dute eta hitzalditxoa antolatu dugu, eta ondotik, ohi bezala, solasaldian eta neurri librean heldu da idea-truke interesgarriena. Besteak beste, Iñaki Etxelekuk galdetu digu ea Iruñean nola egiten dugun Libertimenduko dantzarien duintasuna bermatzeko, Otxondoz edo Ibañetaz haraindi galera bat nabari baitute.

2- Otsailaren 10ean Ortzadar Euskal Folklore Elkarteak bere urteroko jardunaldiak antolatu ditu. Dantzaren bilakaera Nafarroa Beherean hizketagai izan dute Jojo Bidartek eta Antton Lukuk. Haien hitzaspertu ondoko solasaldian berriz ere agertu da kezka bera. Horrela adierazi du Antton Lukuk.

Ortzadarren-jardunaldiak-2023_Bidart_Luku
Ortzadar-en jardunaldietako mahaian: Karlos Irujo, Jojo Bidart eta Antton Luku. Argazkia: Ainitze Irujo (Ortzadar)

Ni beldur naiz, Faustin Bentaberrik bezala finitzea. Erran nahi baita, hemendik hogei urtera pasako dela norbait eta esanen duela (nigatik): honek dena xintxikatu du! Uste dut zirtzilena biziki ontsa dela, baina poxi bat hartzen du —eta prezeski Iruñean ez, biziki ontsa atxikia delako hor oreka— toki gehiegi. Inauteria egon behar da, erran nahi dut: inauteria ez da tobera. Zirtzilak gaia ekartzen du inauterira, baina ez da leku bat, non pulpitotik ari den esplikatzen jendeari nola bizi behar duen hemendik aitzina, eta non gainontzeko guztia apaingarri den. Eta arrisku hori ikusten dut, dantzaren kaltetan. Eta komunitatea dantzak du egiten. Izugarri inportant iruditzen zait konzientizatzea zer egin nahi dugun libertimenduaren espazio horretan, zeri lotzen diogun plazerra eta besta. Niretako izugarri inportanta da zirtzila egon dadin zirtzil, bertsolaria bertsolari eta dantzariari ematea askoz leku biziki gehiago. Oraiko apostua hori da ene ustez. Entzuten dira saiakera berriak "bolant talde berri bat muntatuko dugu" eta halakoak eta biziki inportanta da hori, hori baita oinarria. Optimista naizen? Ez oraino!

3- Otsailaren 25ean Joanes Etxebarriaren erreportajea argitaratu du Berriak, Amaia Maitia gazte garaztarrak libertimenduei buruz egindako ikerketa kari. Hor ere hirugarrenez, kezka bera. Etxebarriaren erreportajetik hartuak dira ondoko hitzak:

«2006an bolantak baziren, baina zirtzilen jokoa atzematekoa zen. Horretan zuen ainitz lan egin Anttonek [Luku], zirtzilaren jokoaren muntaketan. Gaur egun, zirtzilaren rola atzemana da eta bolantarena ahantzia». Zerbait goiti-beheiti, zirtzilen prestaketa udazkenean hasten dela kontatu du ikerlanaren egileak, eta bere taldean ikusten duenez, bolantak emanaldi aitzineko bi asteetan elkartzen dira, «emanen dituzten dantzen errepikatzeko».
Ikerlana elikatzeko, libertimenduetako parte hartzaileen artean ere zabaldu du galdeketa Maitiak. Bolanteen motibazioa arrangura iturri zaio gazteari, bolanteengandik erantzun gutiago ukan dituelako «eta zirtzilen erantzunak bolantenak baino sakonagoak» zirelako, haren erranetan. Antolatzaile anitzek bat egin dute ideia horrekin, gehituz batzuek eta besteek dantzarien motibazioa akuilatzea xerkatzen dutela, inauterietan bolanteek duten rola argitu nahiz. Xan Berterretxek Maitiaren lanean dio «inauterien sinbologiaren ezezagutza» dela motibazio eskas horren «esplikazioetatik bat».

Amikuzeko zirtzilak 2023
Amikuzeko libertimenduko zirtzilak. Argazkiak: Maddi Alberdi, Itxaso Lopetegi - Dantzan CC-BY-SA. Amikuzeko libertimendua, Donapaleu, 2023-02-26.

Iruñean ere zakurrak ortozik

Ohore eta plazer egiten dute Iparraldetik jaso ditugun hitz goxoek, baina...

Aurtengo otsailaren 19 Iruinkokoa egin dugu eta hainbat lagunek kokoxuri dantzarien lana goraipatu badute ere, hemen ere kosta zaigu kokobeltz zirtzilek sortzen duten —gehiegizko lilurari aurre egitea. Iruinkoko osteko bestan, Duguna dantza taldeko dantzari gaztetxo bati bota diot: - zer, beraz, heldu den urtean kokoxuri? - Ez, ez, ni kokobeltz!

Kokoxuriak kokobeltz nahiz, eta kokobeltz nagusia etorri behar zentzu pixka bat jartzera: 2021 urteko Iruinkokoa bereizita egin behar izan dugu kokoxuriek eta kokobeltzek, batzuk Iruñeko periferietan aritu dira dantzan, besteak alde zaharreko erdigunean, izkutuan, zirtogintzan. Eta goiza bururatu eta berriz denak elkartu garenean, Oier Zuñigak, zirtzilen trebatzaile lanak egin dituen lagunak, horrelako zerbait bota du: Egin dugu bai! Bada zerbait! Baina kokoxuririk gabe, honek ez du zentzurik

Horrek bat egiten du berriki Antton Lukuk esan dituenekin Basilika podkasterako egin dioten elkarrizketan:

Libertimendua eraiki duten sortzaile horiek ez dute sinisten artista osoaren nozioan. Mentalitate popularrak ez du sinisten artista integralean. Beraz, helburu artistikoa erdiesten da talentuen partekatzetik. Libertimenduaren oinarrian halako trinitate bat bada. Erligio kristauean den bezala jainkoa (hitza), semea (gorputza) eta izpiritu santua (artea), libertimenduan, bertsoa, dantza eta musika dira. Eta pertsonaia bakar batek ez dituenez talentu horiek guztiak biltzen, banaka baina elkarrekin aurkezten ditugu plazan eta hiruen arteko detonatzetik, agertzen zaigu artea.

Dantzariaren funtzioa

Osagaiak nahastuz aktibatzen diren itsasgarrien gisan, osagaietako baten faltak —edo ahuleziak— nahasturaren akatsa dakar. Eta nahastura horretan zein funtzio jokatzen du dantzariak bada? Aurtengo urtarrilean, Baigurako lagunekin elkartukea egin dugunean Oier Zuñigak berriz bota du erdi isil-misilka: Dantzariek dute errituala bermatzen! Gure kokoek ere entzunen al dute?!

Eta Oierren hitzek zer pentsa eman didate. Libertimenduan, jakina da, zirtzilek eta dantzariek funtzio ezberdinak dituzte. Batzuk agerikoak eta besteak lausoagoak. Iluntasunarekin eta argitasunarekin zerikusia duten eta begi-kolpe hutsez ikusten ditugunetik haratago, badira beste zenbait. Esaterako, zirtzilek azken urteko berri dakarte, aktualidadea, borborka, anabasean, urtetik urtera aldatzen dena, gainera. Berritasun horren kontrakoa da errituala, pausa, gauza bera behin eta berriz errepikatzea. Eta behin eta berriz errepikatzen ditugun ekintzak —arnastea, jatea, edatea, lo egitea...— oharkabeanago pasatzen bazaizkigu ere, horiek dira oinarria, horiek gabe ezin biziraun! Eta horiek dira libertimenduetako dantzariak, urtero dantza berak errepikatuz, xingola eta gingilez apainduak, eguneroko zurrunbilotik aterarazten eta —Margaret Bullen-ek liokeen bezala—  denboraz kanpoko beste denbora batean kokatzen gaituzten pertsonaiak. Arnasik, jan-edanik, lorik... gabe ez da bizitzarik eta dantzaririk gabe, beraz, ez da libertimendurik!

2021-02-14_Iruinokoko-pandemikoa
Kokoxuriak pandemia urteko Iruinkokoak. Argazkia: Foku

Tik-tok-eko bideoen iraupen laburrez gure bizitza frenetikoak neurtzen ditugun garaioten, inauteriak eta beraz, libertimenduak —eta esandakoaren arabera, dantzan egiteko ekintzak berak ere—hortik landako beste denbora eta espazio berezi batera garamatzate. Eta denbora horretan beste lege batzuek agintzen dute. Xabier Etxabek soinuberri aldizkariko 13. alean proposatzen digunez, beti gauza bera egitearen grazia berreskuratu beharko genuke. Sentsibilidade berezi bat garatu beharko genuke, horretaz eta bere garrantziaz jabetzeko, behin eta berriz gure buruei mantra errepikatuz! Dantzariek dute errituala bermatzen!

Baina horrekin ere ez da aski, nire ustez! 

Ezingo dugu ardura guztia zamatu zirtzilek eragindako lilurari edo sinbolikaren ezezagutzari. Dantzariok ere izanen dugu ardurarik. Folklorizazio garai batzuen ondotik, libertimenduak espazio natural eta berezkoa —lur goxo bat— eskaintzen dio dantzari. Eta gure dantzak loratuko badira, ongi ureztatu eta ongarritzearen garrantzia nabari eginen zaigu. Dantza prestigiatzeko zenbait neurri begitantzen zaizkit niri garrantzitsu:

  • Dantzaren trebaketari denbora eskaini beharko genioke (zirtzilek haien jelkaldiak lantzeari eskaintzen dioten denbora bera, gutxienez), pilotaria pilotan ari den bezala dantza gaitezen dantzariok!
  • Ez da dantzarik musikarik gabe. Areago, dantzaria eta musikaria bat dira —edo izan beharko lirateke—. Musika da dantzariondako olatua dena surflariarendako. Musikak kulunkatuko gaitu edo taulatik jaurtikiko. Hartara, dantzarien eta musikarien arteko harreman hautsia berrezarri behar genuke gure dantzei eman nahi diegun estetika musikalak adosteko, dantzarako jotzearen esanahiean elkar-ulertzeko, bi disziplinen artean sortutako ehunaren hari solteak fintzeko. Musikaren indarra ezinbestekoa zait niri, dantzak oraindik jauzi bat egin dezan gora.
  • Dantza dotoretzen duten gainontzeko elementuak ere aintzat hartu beharko genituzke. Esaterako, janzkera. Batetik, bolanta ordezkatzen duenaren araberako jantziak atonduz eta (ber)sortuz, eta bestetik, horiek modu txukunean jantziz. 

 

Bide horretan aurreratzea posible dela erakutsi dute aurten Baigurako libertimenduko bolantek. Bada non so egin! Zain ditzagun dantzariak, beraz, libertimenduaren artefaktoa osoki detonatu dadin!

Baigurako bolantak
Bolantak dantzan Baigurako Libertimenduan. Argazkiak: Maitane Eyheramonho. Baigurako libertimendua, Lekorne, 2023-02-12

Dokumentuaren akzioak

2023/03/02 10:01
Eskerrik asko ohar hauengatik. Dantzaren garrantziaz ohartaraztea eta dantzak jokatzen duen funtzio sinbolikoaz kontzientzia hartzea beharrezkoa da, bai.

Dantzariak dantzan trebatzen eskas ibiltzea kezkatzekoa da, eta horren ardura ageri da nagusiki oharretan, baina Maitia ikertzaileak "bolanteengandik erantzun gutiago ukan dituelako" agertu duen arrangura beste norabide batean doala iruditu zait.

Mary Wigman-ek zioenez, "dantzaren bidez adierazten dudana hitzen bidez adierazteko gai banintz, ez nuke dantzarako arrazoirik izango". Hain zuzen dantzaren bidez pentsamenduak ordenatu eta sentimenduak iradokitzen direla dio Bourdieuk. Dantzariak dantzan espresa daitezela. Horretan txukun badabiltza ez gara hainbeste kezkatuko berbazko erantzun idorrekin.
2023/03/03 12:42
Erabat ados, Oier! Dantzari zoragarriak dantzan ikusiko bagenitu sobran leudeke hitzezko diskurtso guztiak!
2023/03/03 20:58
Interesgarria... kuriosoa baina guri alderantziz gertatzen zaigu. Taldean "beti" dantzan ibili garenez, taldekideak (dantzariak) ez dira normalean eroso sentitzen dantzari ez diren paperetan, eta beste modu batean adierazteko bideak (abesten, antzezten,...) ekidin egiten dira/ditugu.

Aurten Zuberoako maskaradarekin ausartu gara (datorren urtean gure aratusteak aterako ditugu, sorkuntza prozesuan daramagu urte pare bat dagoeneko, dokumentazioan,…baina ezagutzen genuen beste ihauteri batekin probatu nahi izan dugu lehenago (kasu honetan Zuberoako maskaradarekin), zerk funtzionatu dakigukeen eta zerk ez testeatzeko) eta frogak gauza batzuei beldurra kentzeko balio izan digu (dantzarik haratago).

Datorren urtean dantza taldetik haratagoko herritarrak/partaideak ere batu nahiko ditugu herriko aratuste “berriaren” inguruan, eta ez dut uste dantzariaren paperean sartuko direnik (hori guk bermatuko dugu, jakina).
Zer hausnartu eman dit, Aritz, komentatzen duzunak. Eskerrik asko!
2023/03/05 16:18
Aritz,

Atentzioz irakurri ditut libertimenduaren inguruan egin dituzun gogoetak. Argi utzi duzu libertimenduak berezkoa duen tentsio horretan, behar-beharrezkoa dela zirtzila “zirtzil” izatea –alegia, hausten duena, berrikuntza dakarrena, bide berriak esperimentatzen dituena- eta, bolanta, “bolant” –errepertorioa atxikitzen duena, egiten ari garenari zentzua ematen diona–. Bata bestearen osagarri da, antagonista indartsuak protagonista are eta indartsuago egiten duen moduan.
 
Orain konturatu naiz nire azken artikuluan erabili ez nuen hitz bat egokia izan zitekeela txistulari eta dantzarien arteko harremanaz hitz egiteko, eta egoera honetarako ere balio dezakeela: “armonia”. Ez baita aski, bakoitza bere aldetik, zirtzilek lana ondo egitea eta bolantak dantzari trebeak izatea. Zerbait egin beharko da haien arteko konfrontaziotik sortutako produktuak benetako batasuna eta koherentzia izan dezan.

Bide horretan, ez dago formularik. Machadoren metafora, bidegilearena, edo Gandhiren esaldi famatua gogoratzea besterik ez: ez dagoela bakerako biderik, bakea bera dela bidea. Libertimendurako ere ez dago bide –formula, gomendio– zehatzik, libertimendua bera da bidea -alegia, bere elementu guztietan sakontzea, bakoitzari zentzua emanez–.

Izan ondo,

Xabier
2023/03/08 12:40
Mila esker, Anartz eta Xabier, zuen arrapostuengatik.

Ez dut esaten egoera hau orokortua denik toki guztietan, noski. Aurrekoan Gari Otamendik ere kontatzen zigun, Añorgan behintzat ez dutela dantzariekin gisa honetako arazorik, eta hobe! :)

Xabier, armonia, oreka, elementu bakoitzean sakontzea... beti horren xinple eta horren zehatz. Gure iparrorratzean inkorporatuko ditugu kontzeptuok!

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.