Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Oier Araolaza Itxurakeria dantzan

Dokumentuaren akzioak

Itxurakeria dantzan

2017/01/25 08:20
Itxurakeria dantzan

Dantzaria pilotan ala pilotaria dantzan?

Telebistan, sarean, oholtzan eta plazan, itxurakerian erorita ageri gara dantzariak. Beldurra diot telebista pizteari, gure lotsak agerian jartzeko gaitasuna baitu ispilu makur horrek. Alperrik da ostrukarena egitea, berehala dut uasapa agintari: “Jarri telebista! Ikusi zelako dantzak!”. Eta obeditzen makal xamarra naizelakoan, ikusiz beste barik bihotza hilko didan dantzaren bideoa dator kanal beretik. “Ezin gintezke engaina, xumetasun hau gu gara” kantatu zigun Makagorriak Bidador pastoralean. Baina, Bidador dantzariaren xumetasun arrastorik sumatzen al da dantzarion jardunean?

Kokotsa ondo altxatuta eta bularra zeharo puztuta ageri gara jendaurrean. Gorputzaren kontzientzia egoaren arrandia bihurtuta, mugimenduaren zehaztasuna harropuzkeriaz hanpatuta. Besoak dantzarako altxatzean, toreatzaileak montera lurrera botatzean darabilen lotsagabekeria erakusten dugu dantzariok. Oinekin lurrean marrazten dugu, poema larriak kaligrafia loratuaz idazten dituenaren transzendentziaz; alkandoran kabitu ezinda, emozioak edertasunetik kontatzen ariko bagina bezala dantzatzen.

Aitzurlari bat dantzatzen ikusi zuen Juan Inazio Iztuetak. Billanzikoa dantzatu zuen eskolatu gabeko nekazariak. Bere dantzarako abilezia eta jakintzaren erakusgarri, dantza beraren hamasei aldaera dantzatu zituen. Bularra bihotza auspotzeko hanpatuko zuela pentsatu nahi dut, ez zituela birikak indioilarrarena egiteko puztuko. Aitzurrean egiten zuen moduan irudikatzen dut dantzan Urnietako baserritarra, ostikoz indartsu, apainduraz soil, keinuetan doi.

Dantzakera soila ez da soilik baserritarren bertutea izan. Hiriburuetako jauntxoen dantza-maisuek zorrotz zigortzen zuten estilo hanpatua. Itxurakeriak dantzariaren trebetasuna iluntzen duela idatzi zuen Juan Esquivel Navarro dantza-maisu sevillarrak. Gorputza “artifiziorik gabe, laxo, kalean eramaten den modu berean” dantzatu behar zela zioen, “itxurakeriak eta harrokeriak ongi egindako guztia okertzen baitu”.

Txertoa, hantura zulatzeko ziztada, Juan A. Urbeltz Navarrok banatzen du gurean: “Dantza ezazue pilotan jokatzen den moduan”. Euskal dantzaren estetika lezioa sei hitzetan. Dantzari-puztuon oinak lurrera jaisteko, harriz betetzen digu motxila dantza-maisuak. Dantzan pilotan egiten den moduan egiteak eskatzen du egiaz dantzatzea, simulatu gabe, itxurakeriarik gabe, plantak egin gabe. Pilotari indarrez, abiaduraz eta zehaztasunez eman behar zaio, mugimendua edertzeko keinuak baztertuz, autokonplazentzia erakustaldiak saihestuz.

Dantzan ari garen itxurak egiteari utzi eta dantzan egitea da kontua.

Argia astekaria, 2017-01-15

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.