Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Aritz Ibañez Lusarreta Bolant goiza, Luzaiden

Dokumentuaren akzioak

Bolant goiza, Luzaiden

Bolant goiza, Luzaiden

Luzaideko Bolantak Arnegin bisitan

Bigarren aldia nuen aurtengoa Luzaideko Bolant-egunean eta aurrekoarekin alderatuz, euririk ez zuen ari behintzat. Eguerdi parteko dantzak karrikan ikusiko genituen beraz! Goiz joan ginen, goizean-goizeko puska biltza ez galtzeko asmoz. Hala ere, Luzaideko gasolindegira heltzerako, Ziganteak, Gorriak, Bolantak eta Makilariak dantzan ari ziren jadanik, Arnegirako bidean. Autoarekin aurreratu eta ahal bezala aparkaturik, Arnegiko pilota plazan sartu ginen dantzarien atzetik. Iguruan, gu bezalako zenbait goiztiar eta despistatutako erromesen bat. Eta guztion artean Gorriak sigi-sagan sos eske. Kunplitu genuen.

2015-04-05_Luzaide_Aritz-Ibanez_103455

Makilariek hartu zuten plaza lehenbizi eta haien abilidadeak erakutsi ondotik, dantzari guztiek Hegi eman zuten borobil handia osatuz. Ondoko bentan Euskaldunak eta Sorginak dantzatu eta egindako izerditxoaren truke pastak eta edariak hartu zituzten bertan. Giro berezia zegoen ostatuan: berdin euskara, gaztelera edo frantsesa, Ricard-a edo moskatela, bolantak edo ikusle kuxkuxeroak (space invader-en bat ere bai!).

2015-04-05_Luzaide_Aritz-Ibanez_105125

Bertatik taldea bitan banandu eta batzuk Arnegiko bentetara abiatu ziren eta besteak Pekotxetako auzora. Aurreko aldi hartan bentetan izanak ginen, Makilariak Carrefour barnean dantzan ikusteak duen berezitasunarekin, eta beraz, honakoan, Pekotxetan geratzea erabaki genuen. Arnegin zehar itzulitxoa egin eta errekaren beste aldeko auzora abiatu zen konpartsa. Hango dantza saioa, oraindik intimoagoa; ikusle baino dantzari gehiago dantzan. Euskaldunak-Sorginak, jauzi pare bat eta makilari-dantza egin eta Luzaidarrak azken trago bat hartzen utzi genituen. Eguerdi jo hurren ziren eta Luzaidera igo beharra zegoen plazako dantzak toki egokian ikusi ahal izateko.

2015-04-05_Luzaide_Aritz-Ibanez_112828

Bai to eta no! Herrira heldu eta aparkaleku bat ere ez. Luzaide Orreagaruntz pasa eta kilometro bateko paseoa egin behar izan genuen bueltan. Eta nola ez, plaza mukuru betea ordurako! Azken momentuko amarrua baliatuta, lehen lerroan kokatu ginen, umeekin batera, zolu (hotzaren) gainean eserita.

Hangoa ere ederra izan zen. Martxarekin 100 dantzaritik gorak plaza bete zuten kolorez, zintez eta zintzarriz. Geroxeago, neskek plaza utzi eta mutilek (eta gizonek) dantzatu zituzten jauziak: Muxikoak, Hegi, Ostalerra, Azkaindarrak, Antxoriz... Irudi gordin samarra tokatu zitzaigun orduan parean: mutilak plazaren erdia harturik jauzika dantzan, eta neskatiko gazteak plaza bazterrean, urratsak erdi ezkutuan, leunki, kasik lotsaz markatuz, ikusleen artean. Mugimendua badabil Luzaide aldean ere eta ikusiko ote ditugu gutxi barru neskak Bolantez jantzita?

Poztekoa izan zen ordea Luzaidar gazteek haien dantzenganako duten lotura eta gogoa. Futbola eta bere ingurukoak gazte askoren ipar-horratz diren garai honetan, esaterako Luzaideko makilari gaztetxoek erakutsi zuten konzentrazio, harrotasun, eta zorroztasuna ikustea gozagarri hutsa izan zen!

2015-04-05_Luzaide_Aritz-Ibanez_125231

Ohi duten gisan, arropak aldatu eta zenbait bikotek Kontra-dantzak dantzatu zituzten gero. Horrekin akabera eman zioten goizeko saioari, oraindik ere baten batek fandangoa eta arin-arina dantzatu bazuen ere, dagoeneko ikuskizunetik kanpo. Arratsaldeko saioa ikusterik ez genuen izan, ziztu bizian atera baikinen Barkoxeruntz, Maskaraden arratsaldeko emanaldia ikustera. Bolant-eguna Bolant-goiza izan zen, beraz, guretako. Badugu beste batean itzultzeko aitzakia!

2015-04-05_Luzaide_Aritz-Ibanez_131309

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.