Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Anartz Ormaza Ugalde Amaiur (1522-2022): 500 urteurrenean, dantzariak protagonista

Dokumentuaren akzioak

Amaiur (1522-2022): 500 urteurrenean, dantzariak protagonista

Amaiur (1522-2022): 500 urteurrenean, dantzariak protagonista

Amaiur (1522-2022): 500 urteurrenean, dantzariak protagonista

Nafarroako Erresumako Amaiurko gazteluko gudaren 500. urteurrenean, Euskal Herri osotik etorritako dantzariz bete zen Amaiurko herria.

Uztailaren 16-17ko asteburua asteburu garrantzitsua izan zen Baztanen, zalantzarik gabe. Alde batetik, eta urtero bezala, Baztandarren Biltzarra ospatu zelako igandez, baina bestetik, bezperan urteurren berezia ospatu zelako Baztango Amaiur herrian: Amaiurko gazteluaren konkistaren 500. urteurrena. Hainbat dira urte guztian zehar urteurren honen harira egiten eta ospatzen ari diren ekintza eta ekitaldiak. Hauetan garrantzitsuenetakoa, joan den uztailaren 16an ospatu zen ekitaldi instituzionala izan zen, Euskal Herri osoko ordezkari instituzional eta politikoak bildu zituena. Eta hauekin batera, baita ere Euskal Herri osoko dantzariak bildu zituena.

Amaiurko herritarrek, bertako Gaztelu Elkarteak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak auzolanean antolatutako ekitaldian, dantzak berebiziko protagonismoa izan zuen. Izan ere, gure herriaren historian hain erabakigarria izan zen gertakizunaren urteurreneko ekitaldian lurraldetasuna bermatu nahi izan zen eta hein handi batean dantzariak honen erakusle izan ziren.

Esan bezala, Euskal Herriko txoko desberdinetatik etorritako ezpata-dantzariak eta dantza taldeak bildu ziren Amaiurren, 150 dantzaritik gora: Baztango bertako dantzariak (Arizkungoak, kasu honetan), Amaiur Dantza Taldea (Iruñea), Aurtzaka Dantza Taldea (Beasain), Arrola Dantza Taldea (Baigorri), Begiraleak Dantza Taldea (Donibane Lohitzune), Iurretako dantzariak (Iurreta), Udaberri Dantza Taldea (Tolosa) eta Jare Dantza Taldea (Gasteiz).

Ekitaldia goizeko 11:00tan hasi zen Amaiurko eliza aurrean, ezkila hotsekin batera. Erakunde desberdinetako ordezkariei harrera egin ondoren, Arizkungo dantzariek ekin zioten agintarien aurrean dantzan ekiteari.

Baztango dantzariak (Arizkun) agintarien aurrean dantzan egiteko prest. A. Ormaza
Baztango dantzariak (Arizkun) agintarien aurrean dantzan egiteko prest. A. Ormaza

Baztango dantzariak (Arizkun) agintarien aurrean dantzan. A. Ormaza

Ondoren Amaiurko herrian zehar segizioa hasi zen: aurretik Euskal Herri osotik etorritako dantzariak, hauen atzetik banderariak (Baztango bandera, Nafarroakoa eta Ikurriña), eta hauen atzetik agintari eta ordezkari politikoak.

Segizioa, esan bezala, Baztango dantzariek hasi zuten. Haien atzetik abiatu ziren Iruñeko Amaiur Dantza taldeko dantzariak, Beasaingo Aurtzaka taldekoak eta Baigorriko Arrola dantza taldekoak. Ostean Donibane Lohitzuneko Begiraleak elkarteko dantzariak, Iurretako eta Tolosako ezpata-dantzariak zihoazen. Gasteizko Jare Dantza Taldeko dantzari arabarrek ixten zuten segizioa.

Baztango dantzariak (Arizkun) segizioa irekitzen, Amaiurko karrika nagusian sartzen. A. Ormaza
Baztango dantzariak (Arizkun) segizioa irekitzen, Amaiurko karrika nagusian sartzen. A. Ormaza

Ordezkari instituzional eta politikoak Herriko Etxeko plazara iritsi zirenean, bertan geldiunea egin zen. Amaiurko bandera eta Nafarroako armarria osatzen zuen lore sorta hartu, eta dantzarien momentua izan zen: Amaiurko karrika nagusian zehar hedatuta zeuden dantzari taldeek, 5-10 minutu bitarteko dantzaldia eskaini zuten. Talde bakoitzak karrika nagusiko puntu batean (kalea alderik alde hartuz), bakoitzak bere dantza (bere musikariekin) eta guztiek aldi berean dantzatu zuten.

Begiraleak elkarteko dantzariak (Donibane Loitzune) agintarien aurrean dantzan Herriko Plazan. A. Ormaza
Begiraleak elkarteko dantzariak (Donibane Loitzune) Amaiurko banderaren eta agintarien aurrean dantzan Herriko Plazan. A. Ormaza

Honen ondoren, aurreko orden berean berriz ere segizioa eratu eta gaztelurako bidea hartu zuten dantzari taldeek. Bertan izan zen eta ekitaldi instituzional nagusia.

Amaiur Dantza Taldeko (Iruñea) ezpata-dantzariak Amaiurko karrika nagusian. A. Ormaza
Amaiur Dantza Taldeko (Iruñea) ezpata-dantzariak Amaiurko karrika nagusian. A. Ormaza

Aurtzaka Dantza Taldeko (Beasain) ezpata-dantzariak Amaiurko karrika nagusian. I. Erauskin
Aurtzaka Dantza Taldeko (Beasain) ezpata-dantzariak Amaiurko karrika nagusian. I. Erauskin

Baztango dantzariak (Arizkun) karrika nagusian dantzan. A. Ormaza
Baztango dantzariak (Arizkun) karrika nagusian dantzan. A. Ormaza

Jare Dantza Taldeko dantzariak (Gasteiz) segizioan. A. Ormaza
Jare Dantza Taldeko dantzariak (Gasteiz) segizioan gaztelura bidean. A. Ormaza

Arrola Dantza Taldeko dantzariak (Baigorri) segizioan gaztelura bidean. A. Ormaza
Arrola Dantza Taldeko dantzariak (Baigorri) segizioan gaztelura bidean. A. Ormaza

Ezpata-dantzariak segizioan gaztelura igoeran. A. Ormaza
Ezpata-dantzariak segizioan gaztelura igoeran. A. Ormaza

Ezpata-dantzariak segizioan gaztelura igoeran. A. Ormaza
Ezpata-dantzariak segizioan gaztelura igoeran. A. Ormaza

Behin gazteluan, 12:00ak inguruan,  1922an eraikitako (eta 1931n suntsitu ostean 1982an berriz ere berreraikitako) monolitoaren aurrean kokatu ziren agintariak, atzean ezpata-dantzarien eta dantza talde guztien banderak zituztela. Ekitaldiari Gaztelu Abesbatzak abestutako “Nafarroa Arragoa” kantarekin eman zitzaioan hasiera. Ondoren Ixabel Aleman, Amaiurko alkateak hatu zuen hitza. Alkatearen hitzen ondoren eman zen dantzarien parte-hartzea: Erdi Aroko gazteluaren hiru dorreen gainean, bandera-dantza egin zuten dantzariek, Baztango bandera dantzaren doinuarekin. Monolitoaren pareko erdiko dorrearen gainean, erroseta osatu zuten Beasaingo Aurtzako taldeko dantzariek, eta honen gainean eragin zion kapitainak Nafarroako banderari. Alboko dorreen gainean, Arizkungo dantzari bana, hauek ere Nafarroako bandera dantzaraziz.

Aurtzakako (Beasain) eta Arizkungo dantzariak bandera dantzan. A. Ormaza
Aurtzakako (Beasain) eta Arizkungo dantzariak bandera dantzan. A. Ormaza

Aurtzakako (Beasain) dantzariak bandera dantzan. I. Erauskin
Aurtzakako (Beasain) dantzariak bandera dantzan. I. Erauskin

Bandera dantzaren ondoren, Gaztelu Abesbatzak Nafarroako Ereserkia abestu zuen. Taldeko argazkia ateratzeko momentua izan zen hura: agintariak monolitoaren aurrean, atzean banderariak zituztela. Hauen aurrean, monolitoaren oinetan dagoen belai txikian eta tarteko maldatxoan, abesbatza, musikariak eta ospakizunean parte hartu zuten 150tik gora dantzariak. Historiarako geldituko den argazkia.

Amaiurko 500. urteurreneko ekitaldiko parte-hartzaileen argazkia. Josean Grandal
Amaiurko 500. urteurreneko ekitaldiko parte-hartzaileen argazkia. Josean Grandal

Arizkungo ezpata-dantzariak (Baztan) dantzariak gaztelutik behera segizioan. A. Ormaza
Arizkungo ezpata-dantzariak (Baztan) dantzariak gaztelutik behera segizioan. A. Ormaza

Udaberri Dantza Taldeko (Tolosa) dantzariak gaztelutik behera segizioan. A. Ormaza
Udaberri Dantza Taldeko (Tolosa) dantzariak gaztelutik behera segizioan. A. Ormaza

Begiraleak taldeko dantzariak (Donibane Lohitzune) Amaiurko karrikatik behera segizioan. A. Ormaza
Begiraleak taldeko dantzariak (Donibane Lohitzune) Amaiurko karrikatik behera segizioan. A. Ormaza

Iurretako dantzariak (Bizkaia) Amaiurko karrikatik behera segizioan. A. Ormaza
Iurretako dantzariak (Bizkaia) Amaiurko karrikatik behera segizioan. A. Ormaza

Behin ekitaldi nagusia amaituta, berriz ere Herriko Etxerako bidea hartu zuen segizioak. Herriko plazara iristean dantzari guztiek arkua edo tunela egin zieten agintariei, hauek Herriko Etxera bideratuz. Hauek Herriko Etxean mokadutxoa egiten zuten bitartean, gaitero eta gainontzeko musikariek plaza alaitu zuten, dantzari, herritar eta bisitariak dantzan jarriz: mutil-dantzen, muxikoen… eta larrain-dantzaren momentua izan zen.

Amaiurko Herriko Etxeko plazan dantzariek aguntariei egindako arkua/tunela. A. Ormaza

Ekitaldiaren ondoren herritar eta bisitariak Amaiurko herriko plazan muxikoak dantzan. A. Ormaza
Ekitaldiaren ondoren herritar eta bisitariak Amaiurko herriko plazan muxikoak dantzan. A. Ormaza

14:30tan bazkari herrikoia izan zen herriko frontoian, musikaz, kantuz eta jakina, dantzaz girotutako bazkaria (eta bazkalostea).

Ezbaitik gabe bertan izan ginenon oroimenean denbora luzez gordeko den eguna izango da 500. urteurreneko hau, hein handi baten dantzak bertan izan zuen presentzia eta protagonismoarengatik.

Amaiur Dantza Taldea (Iruñea)
Amaiur Dantza Taldea (Iruñea)

Aurtzaka Dantza Taldea (Beasain)
Aurtzaka Dantza Taldea (Beasain)

Arrola Dantza Taldea (Baigorri)
Arrola Dantza Taldea (Baigorri)

Begiraleak Elkarteko dantzariak (Donibane Lohitzune)
Begiraleak Elkarteko dantzariak (Donibane Lohitzune)

Iurretako dantzariak (Iurreta)
Iurretako ezpata-dantzariak (Iurreta)

Udaberri Dantza Taldea (Tolosa)
Udaberri Dantza Taldea (Tolosa)

Jare Dantza Taldea (Gasteiz)
Jare Dantza Taldea (Gasteiz)

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Anartz Ormaza Ugalde

Anartz Ormaza Ugalde

Bakio (1981)

Arkitektoa, hezitzailea, dantzaria eta dantza irakaslea. Bakioko Itxas-Alde dantza taldean 4 urterekin hasi nintzen eta gaur arte bertan dantzari eta hainbat urtez dantza irakasle moduan ere banabil. 2018tik zuzendaritza-batzordeko kide. 2010tik hona euskal dantzetako tailerraren arduraduna eta irakaslea ere banaiz Deustuko Unibertsitatean. "Euskal Dantza, tradiziotik sorkuntzara" ikasketak egin nituen 2016/17 ikasturtean EHUn. 2018an hasi nintzen Aiko Taldean partaide eta dantza maisu moduan. Eibarko Arrateko Amaren dantzarien kofradiako kide ere banaiz, 2023tik.

dantzan.eus babesle