Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Anartz Ormaza Ugalde Agur Dantza Zaharra

Dokumentuaren akzioak

Agur Dantza Zaharra

Agur Dantza Zaharra

Santurtziko Donibane auzoko Dantza Zaharra dantza taldearen irudi edo ikurra

Hasteko, nire burua zuritzen hasiko naiz. Ezagutu ez dudan dantza talde bati eskeiniko dizkiot ondorengo lerroak. Eta atrebentzia behar da zuzenean ezagutu ez denari buruz idazteko.

Dantza Zaharra Santurtziko Donibane auzoan

Ez dira gutxi Santurtzin jarduten duten euskal dantza taldeak: Mendi Alde Kabiezes auzoan, Bihotz Gaztea, Zugaitza Dantza Taldea Santa Eulalian, Mamarigako Etorkizuna eta Mahastiako Dantza Taldea. Baina 2020 urtea bat gutxiagorekin amaitu du Santurtziko herriak: Donibane auzoko Dantza Zaharra dantza taldeak bere jarduna bertan behera utzi duela ezagutzera eman du hil honen hasieran.

Bi urte pasa eman nituen (2010 eta 2013 bitartean) Santurtzin lanean: Serantes mendian eta bere magalean kokatzen den Donibane (San Juan del Rompeolas) auzoan hain zuzen ere. Kostako herri arrantzaleetan izan ohi den moduan, Santurtzin nortasun handidun herria topatu nuen. Baina Donibanen arrantza munduari lotuta ez zegoen bereziki izaera handiko auzoa ezagutu nuen, auzokideen artean lotura handia duena, solidarioa eta aldarrikatzailea. 1954 eta 1960 urteen artean eraiki zen auzoa da Donibane, siderurgia- eta metalurgia-industriara lanera etorritako ehundaka langile-familia hartzeko altzatua. Azpiegitura eta baliabide urriekin hasi zituen lehen urteak auzoak eta langile-auzoa izaki, laster garatu zuen auzokideen artean elkar-laguntza estua, gaur arte iraun duena.

Donibane auzoa
Santurtziko Donibane auzoko ikuspegia. Iturria: www.santurtzihistorianzehar.net (CC-SY-BA 4.0)

Bizilagunen arteko kohesioak auzoko esparru fisikoa gainditzen du, sare sozialetan ere oso aktiboak dira eta. Bereziki aipagarria da “Santurtzi - Barrio San Juan del Rompeolas” facebookeko talde pribatua, zeinetara auzoan lanean hasi nintzenean batu nintzen. Eta bertan izan nuen gaurko lerro hauek idaztera butzatu nautenaren berri: Donibaneko Indarra aisialdi-taldeak abenduaren 4an iragarri zuen auzoko Dantza Zaharra dantza-taldeak 40 urtetik gorako jardunaren ostean agur esan duela.

Auzoak euskal dantza-taldea zuela jakin banekien, baina ez nuen bertatik bertara ezagutzen. Hala eta guztiz ere, barnean bihozmin sakona sentitu nuen berria irakurtzean, horrek horrelako auzo batean (eta zergaitik ez Santurtziko herrian) suposatzen duen galeraren jakitun denaren samina.

40 urtetik gorako jarduna

Dantza Zaharra 40 urtetik gora izan da Donibane auzoan euskal kultura sustatu eta zabaltzen. 70. hamarkada amaieran hasi zituen lehen urratsak taldeak, 1978ko auzoko lehendabiziko jaietako jeitsieran auzoko bizilagun talde batek parte hartu zuenean. Ordutik gutxinaka taldea osatzen eta sendotzen joan zen, 1988an Eusko Jaurlaritzako Elkarteen Eregistroan izena eman zuen arte.

Taldeak erregistratu zenetik 30 urte bete zituenean Jon Fernandez Garcia de Iturrospek “30 aniversario de Dantza Zaharra” artikulua idatzi zuen www.santurtzihostorianzehar.net blogean, Itziar Muruaren laguntzarekin. Nire lerroetan batutako informazioaren zati haundi bat 2018an argitaratutako sarrera hartatik jasota dago (1).

Dantza Zaharra San Juan 30. urteurrena. Iturria: www.santurtzihistorianzehar.net (CC-BY-SA 4.0)
Dantza Zaharra San Juan 30. urteurrena. Iturria: www.santurtzihistorianzehar.net (CC-BY-SA 4.0)

Ezin daiteke taldearen ibilbidea ulertu ezinbestekoa izan duen pertsona gabe, Isabel Fernández Delgado. Murtziako Moratalla herrian jaioa, hasiera hasieratik eta ia 40 urtez izan zen dantza taldeko sostengu. 2013an udalak Santurtziar Ospetsu izendatu zuen eta omenaldia egin zitzaion hainbeste urtetako lanarengatik. Ordutik Santurtziko musika kiosko zaharrean bere erretratua duen horma-irudia dago ikusgai (dantzari bikote batek, makil-dantza eszena batek eta Donibane auzoko ikuspegi batek lagundua). 2017an zendu zen Isabel 90 urte zituela eta urte berean bere omenez monolitoa eraiki zuten Donibane auzoan (hau ere dantzari abarketa pare batek lagundua).

Isabel Fernández Delgadoren oroimenez Santurtziko musika kioskoan oroigarria. Iturria: www.serantes.com
Isabel Fernández Delgadoren oroimenez Santurtziko musika kioskoan oroigarria. Iturria: www.serantes.com

Antza denez, jatorriz Dantza Zaharra izena izan zuen dantza-taldeak (horrela agertzen da hasierako irudi eta argazkietan), baina badirudi urteekin Dantza Zaharrak izendapena hartu zuela (azken urteetako irudien arabera). Hasierako taldeko irudian sardina-saltzailea ikusten da fondoan Santurtziko zentral termikoa eta honen bi tximiniak dituela. Auzoko izaera industrialaren erakusle, auzotik oso metro gutxira eraiki zen zentrala 1969an, eta 2009tik ez dabil. Santurtziko paisaiako eta batez ere Donibaneko ikur izan ziren zentralaren tximiniak 2012an eraitsi ziren, inguruko paisaia erabat aldatuz. Dantza taldeko beste estandarte batzuetako irudietan dantzari bikoteak hartzen du sardina-saltzailearen lekua eta Serantes mendia agertzen da atzean zentralaren ordez. Dantza taldearen irudiak, auzoaren bilakaeraren erakusle.

Dantza Zaharra dantza taldeko argazkiak. Iturria: santurtzihistorianzehar.net (CC-BY-SA 4.0)
Dantza Zaharra dantza taldeko argazkiak. Iturria: santurtzihistorianzehar.net (CC-BY-SA 4.0)

Dantza-taldearen agurra jakin denetik, auzotarrak dantza taldeko argazkiak biltzeari ekin diote eta ez dira gutxi Dantza Zaharraren dantzaldi, alarde eta abarren argazkiak sareetan partekatzen ari direnak. Irudietan ikusten da ez zela txikia zeukaten errepertorioa: Dantzari dantza eta Gorulariak, Kaixarranka eta Kaskarot, Sorgin dantza, Ziekoko dantzak, Txakolin dantza, makil dantzak, ingurutxoak, Zahagi dantza… dantza asko ta asko, Euskal Herriko txoko desberdinetatik Santurtziko Donibaneko auzoan ezagutzera ematen zituztenak. Espainiar Estatuko txoko desberdinetatik industriara lanera etorri ziren migratzaileez osatutako auzo batera, eta guztia Murtzian jaiotako emakume baten bultzadak eutsia. Ez dute meritu makala izan eta ez ezagututa ere, ez esan agur honek samina eragiten ez duenik. John Dohneren poema famatuak dioen moduan “Ez galdetu nor hil den hil-kanpaiak entzutean: zure hil-kanpaiak dira”. Denok galdu dugu zer honekin.

Agur eta ohore, Dantza Zaharra.

Dantza Zaharra dantza taldeko argazkiak. Iturria: Donibaneko Gara – Amigos de San Juan . santurtzihistorianzehar.net (CC-BY-SA 4.0)
Dantza Zaharra dantza taldeko argazkiak. Iturria: Donibaneko Gara – Amigos de San Juan . santurtzihistorianzehar.net (CC-BY-SA 4.0)

Dantza Zaharra dantza taldeko argazkiak. Iturria: Donibaneko Gara – Amigos de San Juan . santurtzihistorianzehar.net (CC-BY-SA 4.0)
Dantza Zaharra dantza taldeko argazkiak. Iturria: Donibaneko Gara – Amigos de San Juan . santurtzihistorianzehar.net (CC-BY-SA 4.0)

Dantza Zaharra dantza taldeko argazkiak. Iturria: santurtzihistorianzehar.net (CC-BY-SA 4.0)
Dantza Zaharra dantza taldeko argazkiak. Iturria: santurtzihistorianzehar.net (CC-BY-SA 4.0)

Dantza Zaharra dantza taldeko argazkiak. Iturria: santurtzihistorianzehar.net (CC-BY-SA 4.0)
Dantza Zaharra dantza taldeko argazkiak. Iturria: santurtzihistorianzehar.net (CC-BY-SA 4.0)

 

Iturriak:

 (1) Fernandez Garcia de Iturrospe, Jon: “30 aniversario de Dantza Zaharra”, in santurtzihistorianzehar.net, 2018-07-18. CC-BY-SA 4.0 lizentziapean.

 (2) “Santurtzi - San Juan del Rompeolas” taldea (facebook)

 

Dokumentuaren akzioak

2020/12/28 13:05
Eskerrik asko Anartz bukaera tristeko historia eder hau ekartzeagatik. Euskal dantza taldeak hain lotuta eta gutxietsita dauden garaiotan, ekonomia, migrazioa, kultura-txokea, urbanismoa, deserria, artikulazio soziala, kultura eta herrigintza batzen dituen historia hunkigarria josi duzu. Hain zuzen Isabel Fernández Delgadok gorpuzten duen historia, beste hainbat dantzari eta dantzazale anonimorekin batera. Murtzian jaio eta ia 40 urtez Santurtzin euskal dantza sustatzen. Nola lagundu duen euskal @dantzan aritzeak euskal kultura sustatzen eta herria egiten! Eta ze mespretxu sufritu dituzten euskara faltan zutelako eta azken garaiotan folklorea gutxietsi delako, eta hori guztia baimendu dugulako.
2020/12/29 10:00
Bai Oier, egia esan miresgarria bezain harrigarria egiten zait, kontestu horretan, lanera etorritakoentzat zerotik altzatutako auzo batean, industriaguneen aldirietako bazterrean, euskararen eta euskal kulturaren presentzia gabe... emakume batek hazi hori landatzea. Horregaitik ezinbestean pena. Abenduan ospatu zen Bizkaiko Dantzarien Biltzareko urteko bilera, bertan izan nintzen, zeharka aipatu zen talderen batek baja eman duela. Baina ez zen izenik ere eman. Eta zalantza izan nuen Dantza Zaharra izango zan. Baina azken egunetan partekatzen ari diren argazkietan badaude Bizkaiko Dantzari Egunetakoak... hortaz bera izango zan. Sarrera honetan bere garaian Jon Fernandez Garcia de Iturrospek blogean elkarbanatutako irudiak baino ez ditut sartu, baina azken asteetan auzokideek asko eta asko, dozenaka, dabiltza igotzen. talde pribatua izanda, haien baimen gabe ez ditut hona ekarri, jakina. Baina taldeak zuen dimentsioaren (ez nabil tamaina edo kopuruez ari) erakusle argiak dira irudiak.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Anartz Ormaza Ugalde

Anartz Ormaza Ugalde

Bakio (1981)

Arkitektoa, hezitzailea, dantzaria eta dantza irakaslea. Bakioko Itxas-Alde dantza taldean 4 urterekin hasi nintzen eta gaur arte bertan dantzari eta hainbat urtez dantza irakasle moduan ere banabil. 2010tik hona euskal dantzetako tailerraren arduraduna eta irakaslea ere banaiz Deustuko Unibertsitatean. "Euskal Dantza, tradiziotik sorkuntzara" ikasketak egin nituen 2016/17 ikasturtean EHUn. 2018an hasi nintzen Aiko Taldean partaide eta dantza maisu moduan.