Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Maite Irizar Puska bat (gehiago badakit)

Dokumentuaren akzioak

Puska bat (gehiago badakit)

2017/02/06 22:25
Puska bat (gehiago badakit)

Argazkia: Maite Irizar - dantzan CC BY-SA

Iñauterien atarian gaude dagoeneko, Zuberotarren lehen maskaradak abian dira. Pasa dira kandelaria, San Blas eta Santa Ageda ere.

Nafarroan, iñauteri goiztiarrenetakoak Malerrekako bailarakoak dira. Joaldunek ere azken egunotan astindu dituzte beraien bereizgarri diren joare, ttuntturro eta isipuak.

Iaztiak agendan markatua nuen zitaren data heldu da. Horren berezi eta autentiko diren landa eremuko iñauteri hauek beste behin bisitatzeko aukerari buruz ari natzaizue.

Joaldunak eta mozorroak 2017 - 01
Argazkia: Maite Irizar - dantzan CC BY-SA

Iñauteri hauek, urtarrileko azken igandearen osteko astelehen eta asteartean ospatzen diren arren, aurtengoan igandean ekin nion festari Aurtitzen. Egun haundiaren aurrekoak eta bisitaririk gabeko iñaute egunek zer ezkutatzen duten bizitzeko emozioz.

Aurrez bertan egon izanak ez nau libratu ezusteko zein sorpresa berriak bizitzearen aukeraz. Bada ezjakintasunetik abiatuta behatzeko aukera izan dudan ohitura bat.

Esan beharrik ez dago Ituren, Aurtitz eta Zubietako iñauterietan aski ezagunak direla joaldunak, mozorroak eta hartza. Baina bada iñauteriak posible izan daitezen borondatez eta auzolanean egiten den zerbait: Puska biltzea. Aintzinako ohitura bada ere, gaur egun, iñauteri hauetan oso errotuta jarraitzen duen usadioa da.

Joaldunak eta mozorroak 2017 - 03
Argazkia: Maite Irizar - dantzan CC BY-SA

Igandeko 20:30ak ziren Aurtitzen eta iaztik ahazturan gordeak nituen lehen joare hotsak entzun eta oroitzapenak berhartzea dena bat izan zen. Puskak biltzeko orduaren seinale ziren joare hotsak. Igande iluntzez horrelaxe egiten dutelako puska biltzea; hau da, kalez jantzita eta joare eta ttunturroak lagun hartuta. Etxe batetik bestera egiten dute kuestazioa auzotarrek eta bitartean Aurtizeko kale ilunetan,hara eta hona, dabiltza joareak pusken erreklamoan.

Joaldunak eta mozorroak 2017 - 02
Argazkia: Maite Irizar - dantzan CC BY-SA

Ez da une jakin horretara mugatzen den kontua. Aurtitzeko Eneritz Ayoroak honela esan zidan: “Puska biltzea momentua arront polita da, herriko jendearekin elkartzeko momento ederra da. Beraiek puskak ematen dizkigute eta guk eskertzeko ardotxo baso bat ematen diegu eta gonbita egin sozidadera hurbiltzeko  iñauteri girora. Gainera, etxeetako borondatea eskertzekoa da Aurtiztarrei, oso esku zabalak dira eta asko laguntzen dutelako ematen dutenarekin”.

Igandeko puska biltzearen ondoren, gaua aurrera, iñauterietan arnastu beharreko umore, parodia eta satira sentitu nituen. Iñauteri giroa nabarmena zen herrian.

Joaldunak eta mozorroak 2017 - 04
Argazkia: Maite Irizar - dantzan CC BY-SA

Astelehena, Mendaur mendiaren begiradapean hasi nuen luzatutako gau batek dakartzan ondorioekin. Baina gosaria eta hamarretakoa amaitu orduko, murgildua nintzen berriro festan.

Aurtitzen goizeko puska biltzea eta janzteko prestaketen lekuko izan ondoren, Zubietarrak Aurtitza noiz iritsiko zain izan ginen. Behin Aurtitza heldu eta herrian barrena elkarrekin bira bat egin ondoren, Iturenerako bidea hartzen dute guztiek. Latsaga auzora helduta Iturendarrek Aurtitz eta zubietakoak jaso eta denak elkarrekin Itureneko frontoirako bidea jarraitzen dute.

Joaldunak eta mozorroak 2017 - 05
Argazkia: Maite Irizar - dantzan CC BY-SA

Orduan hasten da burrunba, orduan nagusitzen da anabasa. 86 joaldun elkarrekin joareak astintzen entzun eta hauek sortzen duten erritmo sarkorraren lekokutza bizitzeko une aproposa da. Baina ez da inguruan antzeman daitekeen soinu bakarra. Presente dira mozorroen motozerrak, mailukadak, imintzioak, hartzaren jauzia eta jendearen ohiuak. Guztiak dira une honetako protagonista. Orduan izaten da iñauterietako errituaren une gorena. Orduan sentitu daiteke iñauteri honen esentzia eta osotasuna. Bertan jasotakoak hitzez zein irudiz azaltzea ez da nahikoa, bertatik bertara ezagutu beharreko zerbait da. Beraz, testigantza hutsal hau izan dadila aipatu ez ditudan beste hamaika konturen segida.

Hurrengo urterarte!!

 

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.