Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Aurtzaka dantza taldea Ezpata andaluziar eta euskaldunak Igartzan

Dokumentuaren akzioak

Ezpata andaluziar eta euskaldunak Igartzan

Espadas andaluzas y vascas en Igartza (versión en español)

Kofradiaren bandera berria ikur dizdiratsu genuela eman genion hasiera gure 2012ko egunari, joan den irailaren 8an, Loinazko Amaren egunean. Iruñako “Nuevo Barroco” etxeko lagunek egin digute bandera, abiapuntu Igartzako etxeko armarria eta sanandres erako gurutzea izanik, Beasaingo herriarenaren erreferentziaz, hiru kolore eta damasko oihal zuria oinarri. Armarrian, urrezko behia haren kumearekin eta zilarrezko mailudun eskua dagertza.

Ezpatei ere bertako identifikazioa eman diegu, gure dominaren irudia txertatuz.

Buruzagia eta 40 ezpata-luzeko segizioa osatu genuen, guztira 50 dantzari, banderazale, azkendari eta kapitainen artean.

Poz izugarriz ikusi genuen Joseba Juarez beste behin ere gidari lanetan eta bandera berria zubiko larrosaren gainean maisuki dantzatzen. Sekula baina gorago ikusi da gainera bandera, larrosa buruen gainetik altxatu baikenuen.

Aipatzekoen artean daukagu, aurten lehen aldiz, kapitain azkendarien jarduna lau emakumezkoek osatu dutela: Agurtzane Agirre, Maider Arruabarrena, Izaskun Salazar eta Garaitz Velez.

Gurekin batera izan genituen egun guztian zehar, Huelvako Puebla de Guzman-eko ezpata-dantzariak, bai, ezpata-dantzariak! buruko zintaren ordez gure zapia jantzi bagenie, bertan-bertakoak ziruditenak, bai itxuraz, bai dantza-moldez.

Hala bukatu zuten ia denek izenak aldatuta: Pepe “Patxi”, Tomás Txomin, Diego “Didaka”, Evaristo “Joxeluis Korta” ... Jozé tanborileroa ezik: nahiz eta gaita/txistua eta tanboril/danbolina gure Josebaren modu berdintsuan jo, bere “plantak” nahastezina bihurtzen zuen. Hemen dagoeneko galduta dauzkagun danbolinteroaren presentzia, funtzio, mugimendu eta aginpidea erakutsi zituen, “bakarlari” gisa arituta bakarrik burutu daitezkeenak.

Hermandad de Ntra. Sra. de la Peña-ko dantzari hauek urtero dantza egin ohi dute apirilaren azken igandean Amabirjinaren ohoretan ospatzen duten erromeri jendetsuan. XVII. mendean Korpus-etan eta San Roke patroiaren egunean dantzatzen omen zuten. Dantza hau Andaluziako Ondare Historikoaren Katalogoan jasota dago, 7-13 dantzari bitarteko taldeetan egin ohi dute, eta gidari joaten den “capitán” lehen dantzariak markatzen dizkio ilarari dantzarako urrats eta adierazpideak, libre daraman eskuaz. Ikusgarria da, “rabeón” izeneko azken dantzariak lurra ezpatez nola “orrazten” duen ikustea ( bideoa).

Baina izan dugu zer ospatu gehiago ere, aurten Salleko Adiskideak-ek (Aurtzakaren hastapeneko taldeak) 40 urte bete baititu. Taldeko partaide izandako hainbat lagun etorri zitzaigun gurekin batera bazkaltzera eta bide batez, taldeko sortzailea izan zen eta egun Kofradiako Ohorezko kide genuen Raimundo Gamaio omendu nahi izan genuen, bere familiari lore sorta bat eskainiz, eta ezpata-dantzaren bukaeran, berarekin batera dantzatzen genuenok Pello Joxepe “Luzea” izeneko dantza eginez.

Bukaeran, aurtengo izendapenak egin genituen. Aurreko urteetan ez zuen etortzerik izan, eta zor genion aipamena Jesus Mari Garate lagunari, gutako askoren dantza-maisua izan dena. Merezimendu osoz, Ohorezko kofradiakide izendatu genuen.

Eta ohiturari jarraituz, Jauregian babarrunak eta odolkia bazkaldu genituen, dantzariei dominak partitu zitzaizkien eta erromeria ospatu genuen Arrabots taldekoen laguntzaz.

Hemen ikus daitezke Iñaki Erauskinek, Andoni Muruak eta Patxi Goikoetxeak ateratako argazki gehiago.

Hemen bideoak: GTB, GoierrikoHitza1, GoierrikoHitza2, GoierrikoHitza3

Eta hemen hemeroteka:  GoierrikoHitza1, GoierrikoHitza2, DV

Dokumentuaren akzioak

Oier A.
2012/09/26 11:24
Zorionak! Mila esker kronikagatik!

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Aurtzaka dantza taldea

Aurtzaka dantza taldea

Beasaingo dantza taldea. Izen honekin 1979 urtean sortua, aurretik urte askoan lanean ari ziren "Goierri" eta "Salleko Adiskideak" taldeen elkartzearen ondorio. Gipuzkoako Goierri eskualdeko dantzari eta musikariz osatua. Batez ere gure eskualdeko dantzak lantzen ditugu, herrian bertan usadiozko bihurtu diren hainbat ekitaldi bultzatu eta sustatzeaz gain: dantza-sokak Loinatzetan, Igartzako ezpata-dantza, Sanjoanetako esku-dantza, etab. 

 

Aurtzaka dantza taldea

Garmendia Otaola 9

20200 Beasain

www.aurtzaka.com

aurtzaka@gmail.com