Dokumentuaren akzioak
Tradizionala
Oñati: Korpus 2023 entsegua
Oñatz dantza taldeko dantzariak kaskainetak astintzen hasi direla badira aste batzuk eta iritsi da kalera irteteko ordua. Korpus-dantzariak gogor aritu dira azken asteetan korpus-dantzak prestatzen, gaurtik hasita igandera arte gelditu ere egin gabe dantzan arituko baitira. Normalean hiru hilabete aurretik hasten dira korpus-dantzetako entsegu bereziekin. Jesus Irizar Txutxin dantza maisuak gidatzen ditu prestaketak Arkaitz Bengoa buruzagi ohiaren laguntzarekin. Dantzari taldea zortzi dantzarik eta kapitainak osatzen dute, baina hiru egunetako lanak banatu eta 20-25 dantzari arituko dira asteburu osoan zehar dantzan. Ostiralean ikastetxeetan eta baserrietan ibiliko dira, larunbatean herriko kaleetan eta igandean izango da egun handia. Goizeko prozesioari lagunduko diote dantzariek eta arratsaldean plazan korpus-dantza guztiak (San Migel dantza, banakoa, launakoa, zortzikoa eta arku-dantza) eta aurreskua emango dituzte. Irudiak: Maite Irizar. Korpus-dantzak, entsegua, 2023-06-07.
Dokumentuaren akzioak