Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Bideoak

Dokumentuaren akzioak

zuberoako-dantza etiketa duten bideoak

Guilcher 09 Hauze 1976 Altzaiko maskaradak: ofizioak

Irudi horiek 1976ean grabatu zituzten Hélène eta Jean-Michel Guilcher-ek. Altzai-Altzabeheti-Zunharretako gazteek emandako maskaradak ikusi daitezke. Irudiotan Hauzeko plazan eskaini zuten maskaradetako dantzen eta ofizioen agerraldia ikus daiteke. 1976ko neguan Altzaiko gazteek emandako maskaradak bi egun eta bi herritan filmatu zituzten Guilchertarrek: Hauzen eta Urdiñarben. Aurreko zenbait iruditan Hauzen (Guilcher 06) eta Urdiñarben (Guilcher 07), goizez ziur aski, eskaini zituzten barrikadak ikusi daitezke, bai eta arratsaldeko emanaldiko dantzak (Guilcher 08) ere. Horien segidakoak dira honakoak, Altzaiko gazteek emandako maskaraden arratsaldeko dantza eta ofizioen emanaldiko irudiak baitira. Hauzen hartuak dira batzuk, baina ez da segur denak Hauzeko emanaldikoak direnik, Urdiñarbe edo beste nonbaitek hartuak izan litezke irudietarik batzuk. 

0:23-3:35 Barrikada?

Hor agertzen den dantza ez da zuzen identifikatua, baina bi sekuentziako estruktura musikalak dituenez, Barrikada izan daiteke. Hala bada ez dirudi aurretik ikusi dugun maskaraden kronologiarekin bat datorrenik. Beste momentu batean grabatua izan daiteke, Altzaiko maskaradak orain arte ikusi ditugun bi herrietan, Hauzen edo Urdiñarben, baina beste herri batean ere izan daiteke. Horra nola ikusten diren puntuak:

0:23-1:57 Entseinariaren puntua - Laborariaren puntua

1:57-3:35 Entseinariaren puntua - Jauna eta Laborariaren puntua

3:36-4:37 Godalet-dantza

Haria galdu eta gero berriro Hauzeko plazara goaz maskaraden kronologia errekuperatzeko. Hor dantzariak godalet-dantza ematen ari dira. Hasieran jauziaren partea ikusten da eta borobilaren erdian Pitxu zozokeriak egiten agertzen da. Ondotik hainbat dantzari baso gaineko puntuak egiten ikusten dira ordena honetan: Marexala, Zamaltzaina, Txerreroa, Entseinaria eta, azkenik, Zamaltzaina.

4:37-7:56 Barrikada

Lehen aurkitutako kasuan gara berriro. Musika gabe zaila da zein dantza den ezagutzea, baina barrikada dela erran daiteke kasu honetan ere. Hor ere dantzariak gerritik bera grabatuak dira eta puntu desberdinak argiki ikusten dira. Kantiniersarena osoki ikusten da hor (Barrikada baldin bada); besteenak, aldiz, parteka baizik ez dira agertzen. Pertsonaiak ordena honetan agertzen dira: Kantiniersa, Zamaltzaina, Txerreroa, Entseinaria, Laboraria.

7:56-8:08 Marexalen ofizioa

Azken parte honetan berriro Hauzeko plazan emanak diren maskaradetara goaz. Emanaldiaren zenbait parte agertzen dira grabazioaren bukaeran. Zamaltzain eta Marixalak batera egiten duten antzerki-dantza da lehena, zamaria ferratzeko momentua etorri denean.

Ohituraz godalet-dantzaren musika berdinarekin egiten da eszena hori. Behin zamaria ferratuta, zamaltzainak frixat handiak eginez erakusten du ongi ferratua izan dela.

8:08-9:11 Kerestuen ofizioa

Kerestuek beren ofizioan egin ohi duten dantza Fricassé izenarekin ezaguna da frantses armadak XIX. mendean irakasten zuen errepertorioan. Bere musika ezaguna da eta sorgin-dantzaren oso hurbil den melodiarekin egiten da. Jauziaren partea egin eta gero (sinple lauetan) jokoa bera egiten dute bi dantzariek. Honako ordenean: makilak lurrean joka, makila bata besteari joka, txaketak elkarri kendu eta belarrietatik tira.

9:11-9:58 Gabota

Dantzariek plaza hartu eta gabota dantzatuko dute. Kasu honetan zortzi dantzari dira: Txerreroa, Gatuzaina, Kantiniersa, Zamaltzaina, Entseinaria eta bi Marexalak daude. Gabota borobilean egiten dute, baina bi lehen sekuentziak baizik ez dira ikusten irudietan.

9:58-10:11 Buhame dantza

Bukatzeko, buhameen dantza ikus daiteke. Lau Buhame daude hor, ohituraz egiten den kontradantza itxura duen dantza hori emaiteko. Egurrezko ezpata buru gainetik mugituz, ezker eskuinera doaz lehen parte batean eta gero binaka, diagonalean duten lagunarekin gurutzatu eta ezpataz elkar jotzen dute, ez beti goxotasun eta elegantziarekin.

Irudien azterketa eta testuaren erredakzioa: Jon Iruretagoyena - Maritzuli konpania.

Guilcher bilduma 008. Hauze, Altzaiko maskaradak, 1976. Dantzan-en argitaratze data:

 

Jean-Michel eta Hélène Guilcher gure gurasoek, Biarnoan eta Ipar Euskal Herrian egindako ikerketetan, batzuetan, dantza emanaldiak filmatzeko aukera izan zuten. Haien nahia zen film horiek dagokien eskualdeetako ikerlari eta dantzariei itzultzea. Film horiek gure aitak nahi zuen ordenan muntatu dira. Horregatik, Yvon, Naïk eta Mône seme-alabek, irudiok Euskal Kultur Erakundearen eta Dantzan elkartearen esku utzi nahi ditugu, haien beharren arabera (erakusketak, hitzaldiak, webguneak...) ikusi eta baliatuak izan daitezen, J.M. Guilcher funtsaren aipamena eginez. Meudon-en, 2023ko azaroaren 11n 

 

 

 

Euskal dantzak Guilcher bilduman 1962-1976

 

 

 

 

Guilcher familiak haien gurasoak bildutako ondarea Euskal  Kultura Erakundearen eta Dantzan elkartearen esku uzteari esker altxor eder hau euskal dantzaren maitaleen esku jartzeko aukera izan da. Irudien ikerketa, erredakzioa eta sareratzeko prestaketa-lanak Euskal Kultur Erakundeak eta Dantzan elkarteak finantzatuak izan dira.

 

 

 

 

 

 

Dokumentuaren akzioak