Dokumentuaren akzioak
zapatain-dantza etiketa duten bideoak
Argia: Lapurdiko dantzak 1981
Irudiotan Argia dantzari taldeak 1981. urtean Donostian, Nazioarteko Folklore Jardunaldiko dantza emanaldian eskainitako saioa ikus daiteke. Lapurdiko inauteri dantzen emanaldia eskaini zuen Argiak bertan. Mozorro segizioan, kaskarotekin batera banderaria, jaun eta anderea, bestagorriak, ponpierrak eta kotilungorriak ageri dira. Bideoan ikusi daitezkeen dantzak: kaskaroten martxa, xinple, marmutx, makil handia, makil ttipia, kattalina, kadrille, zapatain-dantza eta makeako dantza-korda dira.
1974an, Donostiako Victoria Eugenia antzokian estreinatu zuen Argia dantzari taldeak Lapurdiko inauterien dantza emanaldia pieza hauekin: Kaskarot martxa, xinple, marmutx, zapatain dantza, makila handia, makila txikia, millafrangarrak + kattalina, 2 Kadrille figura, Makeako soka-dantza. Kadriletik soka-dantzarako aldaketan Juan Antonio Urbeltzek "Nun zirade ene maite?" kanta abestu zuen.
Lapurdiko dantzen inguruan egindako ikerketa, berreskuratze eta aurkezpen lana 1973-74 urteetan burutu zuen Argia dantzari taldeak. Uztaritzen, Makean eta Lapurdiko beste zenbait herritan bildutako dantzak eta dantzen arrastoak baliatu zituzten inauteri-dantzen sorta apailatzeko. Urbeltzek gogoan du, besteak beste, Makean, godaletaren doinuarekin dantza-jauzi bat ikasi zutela.
Kontra-dantzak prestatzeko, Lakarrako (Nafarroa Beherea) Goñi familiak helarazi zizkion kontra-dantzen partitura batzuen doinua baliatu zuten. Goñi musikaria zen, arrabita edo biolin-jolea, eta Izpurako Faustin Bentaberriren lehengusua. Doinu horiekin eta Nafarroako Behereko kontra-dantzen sistema baliatuz bi kontra-dantza prestatu zituen Juan Antonio Urbeltzek.
Aita Donostiak aipatzen zuen Zapatain-dantza egiten zela Lapurdin, eta Pierre Gil eta Pierre Betelurekin ere aritu izan zen horretaz Juan Antonio Urbeltz. Azkenean inauteri sortan sartzea erabaki zuten. Milafrangarrak jauzia hautatu zuen Argiak, Millfranga Lapurdiko herri delako. Urbeltzek gogoratzen du, dantza-jauzietan, dobla egiterakoan, ez zela bueltarik egiten. Bere esanetan Pierre Betelu eta Begiraleak taldea hasi ziren horretan, eta Pierre Gil-ek azaldu zionez, dantza-jautzieri "lapurtar aire" bat emateko hasi ziren horrela.
Argia: Lapurdiko dantzak 1981
Dokumentuaren akzioak