Dokumentuaren akzioak
uthurri etiketa duten bideoak
Guilcher 03 Barkoxe 1963 Uthürri eta Artzanuthürri
Irudi hauek Zuberoako Barkoxe herrian, Txapela kartielan filmatu zituzten Hélène eta Jean-Michel Guilcher-ek 1963an. Bi dantzari satanez jantzita ikusi daitezke, frontoi baten ondoan dantzan. Bi dantzari horiek ean-Pierre Uthürri (Barkoxe, 1928) eta Alexis Artzanuthürri (Barkoxe, 1923) dira. Haien dantza-maisuek, Alexis Pikotxet eta Pierre Utürri-k izendatu zituzten 1962ko Etxahun pastoralean satanen rolak egiteko, nahiz eta 34 eta 39 urte zituzten garai hartan, gazteagoak ziren dantzari batzuk baino trebeagoak omen zirela eta.
Satan-dantza (00:23-1:51), gabota (1:52-3:23) eta godaleta (3:24-4:38) dantzatzen ageri dira Uthürri eta Artzanuthürri. Ez dira pastoralean dantzan ageri; filmaketarako jantzi zituzten haien jantziak. Bideo osoan irudiak motelduta ageri dira, Guilchertarrek hala bideratuta mugimenduak argiago ikusteko.
00:23-00:50 Nahiz eta filmazioak ez dituen dantzen parte guztiak agertarazten hemen hiru satan-dantza desberdin ikusi daitezke, erran nahi baitu AA/BB formako estruktura musikala segituz antolatuak diren hiru puntu segida dantzatzen dituztela. Lehen dantzan hasierako puntua ez da ikusten, baina bere errepikapena bai. Alboko puntua osoki ikusten da eta bi frijat doblerekin bukatzen da.
00:50-1:15 Aurrera eta atzera doan beste puntu bat ikusten da, hasieran parte bat falta zaio eta bukaeran ere bai.
1:17-1:51 Kasik osoki ikus daitezke puntuak. Bigarren parteko albotako puntuen azken errepikapena falta da eta bi frijat doblekin bukatzen dela suposatzen da.
1:52-3:23 Gabota dantzatzen dute. Hasieran baliatzen duten puntu bereziari esker jakin dezakegu dudarik gabe. Bideoak uzten dituen hutsuneengatik ez dakigu hor bi gabota desberdin dantzatzen dituzten, (lehena 1:17 goiti eta bigarrena 2:35tik goiti), gabota berdina errepikatzen duten bi aldiz edo gabota baten bi parteak ikusten ditugu (tradizioz gabotaren melodia bikoiztua da dantza baten egiteko).
3:24-3:56 Bi dantzariek godalet-dantzaren demostrazioa egiten dute. Bakoitzaren aurrean baso bat dago. Aurrera doaz «Pas français» baten bitartez eta lehenego aldian bi dantzarietarik batek godalet gaineko puntua egiten du.
3:57-4:38 Godaletaren lehen parteko jauzia dantzatzen ikusten dira (lau sinpleetarik bi azkenak ikusten dira) berriro basora hurbildu aintzin lehen ikusi dugun modu berdinean. Aldi honetan bi dantzariek egiten dituzte frejatak godaletaren alde batetik bestera.
Irudien azterketa eta testuaren erredakzioa: Jon Iruretagoyena - Maritzuli konpania.
Guilcher bilduma 003. Barkoxe, Artzanuthürri eta Uthürri, 1963. Dantzan-en argitaratze data: 2025-11-11.
Jean-Michel eta Hélène Guilcher gure gurasoek, Biarnoan eta Ipar Euskal Herrian egindako ikerketetan, batzuetan, dantza emanaldiak filmatzeko aukera izan zuten. Haien nahia zen film horiek dagokien eskualdeetako ikerlari eta dantzariei itzultzea. Film horiek gure aitak nahi zuen ordenan muntatu dira. Horregatik, Yvon, Naïk eta Mône seme-alabek, irudiok Euskal Kultur Erakundearen eta Dantzan elkartearen esku utzi nahi ditugu, haien beharren arabera (erakusketak, hitzaldiak, webguneak...) ikusi eta baliatuak izan daitezen, J.M. Guilcher funtsaren aipamena eginez. Meudon-en, 2023ko azaroaren 11n
Guilcher familiak haien gurasoak bildutako ondarea Euskal Kultura Erakundearen eta Dantzan elkartearen esku uzteari esker altxor eder hau euskal dantzaren maitaleen esku jartzeko aukera izan da. Irudien ikerketa, erredakzioa eta sareratzeko prestaketa-lanak Euskal Kultur Erakundeak eta Dantzan elkarteak finantzatuak izan dira.
Dokumentuaren akzioak


