Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Bideoak

Dokumentuaren akzioak

urizarreta etiketa duten bideoak

Lorenzo San Juan: Erromeria Oruezarretan (Bakio) 1951

San Joan Doloz edo San Joan lepamoztuaren festak tradizio luze eta sendoa du Gaztelugatxen eta parean dauden Oruezarretako zelaietan. Abuztuaren 29a da festa egun nagusia, baina hurrengoetan ere izan dira historian erromeriak, eta Lorenzo San Juan-ek 1951eko abuztuaren 31an, Eneperi egunean, urte hartako festen azken egunean (akaboko egune) egin zuen honako grabaketa. 

Bakio, Bermeo eta inguruetako herritarrak Gaztelugatxeko ermitan meza entzun ondoren Oruezarretako zelaietan giroaz gozatzen ageri dira irudietan. Eugenio Aranzamendi txistularia ageri da jotzen eta hainbat herritar borobiletan dantza soltean eta kalejira jendetsuetan ageri dira.

Eneperi izena gaizki erabili dugu bideo hau argitaratzeko orduan eta eskerrak eman behar dizkiogu Iñaki Prieto Urrutia bakiotarrari egindako zuzenketa eta eskainitako argibideengatik. Iñakik honako azalpena eskaini digu (2015-02-19): "“Eneperi eguna”, dagonilaren 31n, Bakioko jaietariko egun bat da, “San Iolazak” edota “San Ion dolozak”, batez be, Gaztelugatxe eta “San Ioalde” (San Ioanalde) izeneko inguruetan egiten dira, Oruezarreta ingurua San Ioanalde barruan dagoala. Bakioko jaiak, dagonilean, lau jai egun izaten dira: San Agustin (28), San Iondoloz (29), San Iondoloztxu (30) eta Eneperi eguna (31), bigarrena eta azkena San Ioanalden eta Gaztelugatxen egiten dira, azkena, batez be, Oruezarretako landan, beste biak Bakion, behean. Oruezarretako landan bertan baegoan Tabernatxu izeneko tabernea, gaur egun galduta, eta beherago dagoan etxeetarik handiena Oruezarreta izeneko etxea da (bertan dago Eneperi izen barriko tabernea, ordu txarrean iminitako zorioneko izen hori), haren aurrean Oruezarreta aurrekoa etxea, eta beheragotxuago Erkoreka edo Sanioalde etxea, goiko bidearen ondoan Gaztelubegi izeneko etxea eta tabernea".

Bizkaiko kostaldean hainbat erromeria eta dantza filmatu zituen Lorenzo San Juan bakiotarrak 1951 eta 1955 bitartean. Irudi horiek dantzari eta dantzazaleon esku jarri nahi izan ditu bere familiak eta atalka argitaratzen ari dira Dantzan-en. Bakio, Mungia, Lekeitio eta inguruetan festa, eztei eta erromerietan hartutako irudiak dira, soka-dantza edo aurresku, jota eta dantza taldeen emanaldiak erakusten dituztenak. Irudien testuinguruaz Dantzak eta erromeriak Lorenzo San Juanen grabazioetan sarreran bildu dira xehetasunak, eta baita bideo honen argibideak eta identifikazioak eskaini dituztenen izenak ere. 

 

Lorenzo San Juan, Erromeria Oruezarretan, Bakio, 1951.

Dokumentuaren akzioak