Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Bideoak

Dokumentuaren akzioak

txistulariak etiketa duten bideoak

Au Pays des Basques (1930)

Jean Faugeres-ek eta Maurice Chamnpreux-ek egindako filmea da Au Pays des Basques. 1930ko data darama filmeak, baina irudiak aurreko 2-3 urteetan hartuak izango ziren ziur aski. Euskal Herrian errodatutako lehen film soinuduna kontsideratzen dela dio Euskadiko Filmategiak pelikula honi buruz. Euskal Herrian ibilaldia egiten du filmak, eguneroko bizitza, artzaintza, merkatua, gazta egitea, eta baita zenbait dantza eta musika zati ere. 40 minutu ditu filmak eta dantzarekin lotura duten zatiak bildu ditugu honako bideoan.

Hasteko fandango bat ikus daiteke. Lapurdin hartutako irudiotan zortzi dantzari, lau emakumezko eta lau gizonezko ageri dira fandangoa dantzatzen, soinujotzaile baten doinura. borobilean ari dira, baina lau alde batean eta beste lau aurrean daudela. zoragarria da dantzatzeko era, soila eta graziaz betea aldi berean.

Ondoren (1:23) txistulari laukote bat ageri da. Aitor Arozenak argitu digunez Errenteriako txistulariak dira bertan ageri direnak: Alejandro Lizaso, Periko Lizardi, Eujenio Errazkin eta Evaristo Goñi.

Au Pays des Basques filmean ageri diren dantza irudien hautaketa honetan ageri zaigun ondoko irudia (2:10) Gernikako Elai alai dantzariena da. Segundo Olaetak sortutako taldea Gernikako Santa Maria elizako atarian ageri da, zortzi mutil ezpatekin eta zortzi neska arkuekin, atzealdean tixstulariak dituztela. Biribilketa doinu batekin urratsa tokian markatzen ageri dira eta buekaeran makurtu eta bandera dantzatzen dute. Ondoren Markinako zahagi-dantza egiten dute.

Sorta honetako azken atala Zuberoako pastoralen irudiek (3:39) osatzen dute. Napoleon I. pastoralaren irudiak dira, 1927an eman zena. Pastoralaren hasierako kabalkadako irudiak ikus daitezke, bi txirulari eta atabalariak lagunduta, eta ondoren pastoralaren beraren agerraldikoak.

Euskadiko Filmategiari esker dugu honelako irudiak gorde eta ikusteko aukera paregabea. Au Pays des Basques, 1930.

Dokumentuaren akzioak