Dokumentuaren akzioak
trenzado-doble etiketa duten bideoak
Cortes: 1967 txirikorda bikoitza
Cortesko paloteadoko zinta-dantzetako bat dugu irudietan. Julio eta Pio Caro Baroja anaiek zuzendu zuten 1971. urtean "Navarra: las cuatro estaciones" dokumentaleko zati bat da. Nafarroako hainbat ohitura eta erritu jaso zituzten barojatarrek; kasu honetan Cortesko txirikorda bikoitza (trenzado doble). Dantza hau Cortesko dancearenn zati bat da. San Migel eguneko prozesioan atera ohi dira dantzariak eta ondoren arratsaldeko 17:00etan udaletxe aurrean kokatutako oholtzan paloteado osoa aurkezten dute; dantza, antzerkia eta bertso errezitaldia. Dokumentalean arratsaldeko saioko irudiak jaso zituzten. Zortzi dantzari ari dira dantzan eta beraiekin batera eszenatoki gainean ikus ditzakegu Cortesko dancean ohikoak diren aingerua, deabrua eta artzain-burua. Baita, udal dantzarien bandera eusten duten bi laguntzaileak ere.
Hasierako irudietan makila eta zintak bakarrik erakusten dira, dantzariak ikusten ez badira ere dantzan ari direla suma dezakegu; punta lorez apainduta duen makilaren bueltan txirikordatzen baitira koloretako zintak, dantzarien mugimenduen ondorioz. Segituan, dantzariak agertzen dira dantzan. Trenzado doblea deitzen zaio dantza honi, dantzariak elkar gurutzatzean momentu batean bikoteka elkar besarkatu eta bi buelta egiten dituztelako. Irudietan makila nola lotzen duten bakarrik ageri da, baina hasierako tokira heltzen direnean denak batera jiratu eta musikak agintzen duenean noranzkoa aldatzen da. Hasieran osatu duten txirikorda askatzen dute kontrako mugimenduak eginez.
Julio eta Pio Caro Baroja, Navarra, las cuatro estaciones, trenzado doblea, Cortes, 1967.
Dokumentuaren akzioak