Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Bideoak

Dokumentuaren akzioak

song-of-the-basques etiketa duten bideoak

Boise: Song of the basques II

Boisen musika eta dantza ikuskizuna egin dute, orain dela 70 urte egin zen jaialdia gogoratuz. 1949an Boiseko Musikaren Astera gonbidatu zuten bertako komunitatea euskalduna. Boiseko euskaldunek "Song of de Basque" edo "Euskaldunaren abestia" ikuskizuna prestatu zuten jaialdirako eta Boiseko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eskolako auditorioan eskaini zuten. Lehenengo aldiz oholtza baten gainean Boiseko euskaldunek, euren kultura, ohitura eta bizimoldea aurkeztu zituzten amerikarren aurrean. Juanita Uberuagak zuzendu zuen emanaldi hura. Urte bete lehenago "Heritage School of Basque Dancing" euskal dantzen eskola ireki zuen, euskal dantzak irakatsi, euskaldunen arteko harremanak bultzatu eta euskal identitateari eusteko asmotan. 1949ko maiatzaren 5ean aurkeztu zuten dantza eta abestien emanaldi hark izugarrizko arrakasta izan zuen; mila ikusle izan ziren entseguan, bi mila emanaldian eta beste hiru mila sarrerarik gabe gelditu ziren. Antolatzaileek bigarren emanaldia eskatu zuten eta beste mila eta seiehun ikusle bertaratu ziren maiatzaren 18an.

Zazpi hamarkada beranduago, ikuskizunari jarraipena ematea erabaki dute. Maiatzaren 5ean aurkeztu dute Morrison Center auditorioan eta "Song of the Basque II - The Legacy Continues" izena eman diote oraingoan, hau da, "Euskaldunaren abestia II - legatuak jarraitzen du". Ikuskizun originalean parte hartu zuten batzuk eta belaunaldi berrietako dantzariak elkartu dira azken emanaldi hau prestatzeko. Oholtzaratu den zaharrenak 94 urte ditu eta gazteenak 4. Ikuskizunak kontatzen du euskaldun-amerikar bihurtzearen historia, euskal dantza eta abestien bidez. Chris Bieterren azalpenen ondoren, besteak beste, kaskarot-dantza, erregelak, jotak eta fandangoak, agurra, jauziak, gorularien arku-dantza, Lapurdiko makil-dantza edota dantzari-dantza dantzatu dituzte. Dantzariak oholtzan dantzan direla, atzean irudi zaharrak proiektatu dituzte, tartean, 1949ko emanaldikoak. Irudia: KTVB Channel 7. Song of the basques II, 2019-05-05.

Dokumentuaren akzioak