Dokumentuaren akzioak
simon-blasco-salas etiketa duten bideoak
El Joyel de España: Lizarrako larrain-dantza 1947
Lizarrako larrain-dantzaren irudi zaharrenak izan daitezke honako hauek. Zehazki 1947 urtekoak dira. Lizarrako Udal Dantzari Taldea da dantzan ageri dena (Grupo Folklórico Municipal "Baile de la Era"). Francisco Beruetek sortu zuen talde hau 1944. urtean, besteak beste larrain-dantza berreskuratzeko helburuaz (gerra garaitik debekatuta). Beruetek berak, gerra aurretik (1933) larrain-dantza dantzatu zuen azken taldean hartu zuen parte.
Hauek ziren Lizarrako Udal Dantzari Talde hartako partaideak: Félix Sánchez, Faustino Rández "Bandrés", Andrés Mateo, Jesús Arza, Emilio Garbayo, Eugenio Luna, Ricardo, Evaristo eta Pedro Goyache, Jesús Pz. Merino, Gloria Apesteguia, Conchita eta Pilar Salvatierra, Mª Puy Zuza, Josefa Sardina "Pepita", Nati Elizaga, Conchita De Miguel, Mª Puy eta Angelines Arguiñariz, Angelines Ayúcar, Mª Puy Azcona, eta Isabel Pz. Merino.Gaiteroak Elizagatarrak dira: Moises Elizaga, Edilberto Elizaga, eta Miguel Angel eta Moises Elizaga Arrastia (Moisesen semeak). Hauen arteko hiru bizi dira oraindik: Félix Sánchez, Mª Puy Arguiñariz eta Miguel Angel Elizaga Arrastia.
Irudiok Simón Blasco Salas-ek, Lizarrako mediku eta zinemagileak jaso zituen "El joyel de España: Estella" dokumentalean. 1947an egin zuen filme hau Blascok. Lizarran filmatu zuen osorik 1947ko abuztuan eta 15 minutu inguruko iraupena du. Dokumentaleko azken minutuak jaso ditugu bideo honetan. Bertan, Lizarrako jaietako irudiak ageri dira. Ikusgarria da jai giroa oro har, kalejiretako dantza-giroa, dantzari eta gaiteroak udal-korporazioa laguntzen Puy-ko Amaren basilikara bidean. Simón Blasco Salasi buruzko nondik norakoak artikulu honetan irakur ditzakezue.
Larrain-dantzari dagokionez, dokumentaleko azken minutuetan dago jasota. Osorik ez, minutu bateko lekukotasuna da, baina pasarte nagusiak eskaintzen ditu (cadena eta zubiak, fandangoa, balsa, jota zaharra eta bolerak), zatitxo bakoitza bere musikaz lagunduta. Lekukotasun laburra bada ere, antzeman daiteke dantza honek ordutik hona izan duen aldaketa dantzakeran.
Filme hau Nafarroako Filmotekan gordeta dago. Lizarraldeko Herri-dantzen Tailerraren bidez eskuratu dugu, eta talde horretako kideek eta Tito Sanchez-ek emandako informazioarekin osatu ditugu azalpenak. Patxi Monterok egin ditu koordinazio lanak eta berak bideratu du argitaratzeko baimen eskaera Nafarroako Filmotekako eta Liburutegiko arduradunekin.
"El joyel de España: Estella" dokumentala (Simón Blanco Salas, 1947). Nafarroako Gobernuak gordetzen duen kopiatik hartuta, argitaratzeko baimenaz. Informazioa: Tito Sánchez / Lizarraldeko Herri-dantzen Tailerra.
Dokumentuaren akzioak