Dokumentuaren akzioak
peyroutou etiketa duten bideoak
Laruns: Bal Ossalois 2016 Lou Peyroutou
Lou Peyroutou jauzia dantzatzen ageri dira Mikel Lasartek hartutako irudiotan Laruns-en. Euskaldunentzat ezagunak diren bi dantza-doinu ageri dira bertan. Hasieran Buhameak antzematen da. Ondoren kaskarots, sardinerak edo matelota. 2016ko Andra Mari egunean, Ossau haraneko buruan, Laruns-en ospatutako festan egindako dantzaldian hartu ditu irudiok Lasartek.
Lupaireton?
Peyroutou hitzak 'Pedro txikia' edo 'Pedrotxo' esan nahi du. Guilcherrek dionez Gaskuinako kanta zahar bat da Peyroutou eta izena kantaren lehen hitzak ematen dio, "Peyroutou s'en ba à la casse..." hasten baita. Doinuaren izendapen hori, Lou Peyroutou, argigarria gertatzen da Buhameak kanta bukaeran errepikatzen diren hitzak ulertzeko. Azkuek Baigorrin jasotako hitzak gogoratzen baditugu: "Buhameak badakite trikun trakun egiten, trikun trakun egin eta oilaskoen ebasten. Lupaireton, lupaireton, lupair, lupair, lupaireton". Bukaerako 'lupaireton' horrek ez du esanahi argirik euskaraz, tankera onomatopeikoa hartzen zaio maiz, baina doinu berak Biarnon "Lou Peyroutou" izena duela ikusita, eta horren ahoskera 'lupaireton' horretatik oso gertu dagoela ohartuta, lotura argia gertatzen da.
Matelota, sardinerak, kaskarots,...
Dantza honen bigarren zatian beste doinu eta dantza oso ezagun bat ageri da: matelota, kaskarots, sardinerak eta beste hainbat izen jasotzen ditu dantza taldeetan. Guilcherrek dioenez antzinako karaktere dantza bat dago jatorrian, Frantzia erdi aldean eta hego-mendebaldean oso ohikoa izan dena. Matelota, sardiniere, Jaz hil zerautan senarra izenak aipatzen ditu Guilcherrek.
Aita Donostiak kito-dantza izenarekin jaso zuen, eta baita zurrume-dantza moduan Baztanen edo Hartzaren dantza bezala Baigorrin. Azkuek Tilili eta talala izenarekin jaso zuen eta bere esanetan Galizian O cantar dos galleguiños edo O cantar dos barrosiños izeneko aldaerak ditu eta Irlandan ezaguna da, Rakes of Mallow izeneko slow reela hain zuzen ere Mikel Lasartek jakinarazi digunez. Sagasetak kokot-dantza izenarekin jaso du Zuberoan eta xarmantak, xarmantia edo xarmantina izenarekin Luzaiden.
Dantzak bigarren partean duen zati bizi hori, gazteek elkarri erronkan egiteko erabiltzen zutela kontatzen du Sagasetak. Izan ere, lehen partean erdizka lauetan egin ondoren, bigarren zatia bizi-bizia izaten da, eta bertan, oin bakoitzaren punta gainean bi jauzi azkar egin ondoren beste oinarekin ordezkatu eta beste horrenbeste egiten da, abiadura bizian beti ere.
Irudiak: Mikel Lasarte. Bal ossalois, Lou Peyroutou, Laruns, 2016-08-15.
Dokumentuaren akzioak