Dokumentuaren akzioak
pañolo-dantza etiketa duten bideoak
Otsagabia 2023 Pañolo-dantza
Otsagabiko pañolo-dantza zapi-dantza bat da. Boboa gidari dela zortzi dantzariak bi ilaratan kokatzen dira bere atzean, baina denak eskuetan dituzten zapiekin lotuta. Bizkarra kurbatuta denak elkar estu-estu sigi-saga eta bihurka mugitzen dira. Plazan zehar desplazatzen dira eta jende tartera ere sartzen dira, horrela Boboak maskuriarekin zirikatzen ditu ikusleak. Zenbait momentutan dantzari taldearen buztanari edo atzeko bi dantzarien ipurdiak jotzen ere saiatzen da. Nafarroako Dantzen Atlasean jasotzen da dantza honen musika XX. mendean zehar (1928 eta 1960 artean) aldatu zela eta Francisco Arrarasen arabera bere bertsio musikala 1920koa da Jesús Lumbreras dultzaineroak idatzitakoa.
Irailaren 7an eta 8an dantzatzen dira Muskildako Amaren dantzak Otsagabian. Irailaren 8a da festetako egun handia eta egun horretan zuriz eta koloretako apaingarriekin kaleratzen dira dantzariak eta egun osoko lana izaten dute. Bezperan, berriz, arratsaldez egiten dute saioa; Zaraitzuko jantzi tradizionala jantzita. Otsagabiko dantzen zikloa osatzen duten karrika-dantza edo paseoa, lau makila-dantzak, zapi-dantza edo pañolo-dantza eta Jota irudietan:
Irudiak: Ander Carmona. Pañolo-dantza, Muskildako Amaren dantzak, Otsagabia, 2023-09-08.
Dokumentuaren akzioak