Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Bideoak

Dokumentuaren akzioak

muneinak etiketa duten bideoak

Akitaniako Alienor Trajeria: Moneinak 2014

Jean-Mixel Bedaxagarrek idatzita eta Bedaxagar bera errejenta dela eskaini da apirilaren 30ean eta maiatzaren 4an Maulen Akitaniako Alienor Trajeria pastorala. Kantari guztiak emakumeak izan dira bertan, eta dantzariak berriz gizonezkoak. Emanaldi bukaerako moneinak dantzatzeko, lau satanekin batera Jean-Mixel Bedaxagarren belaunaldiko dantzariak igo ziren oholtzara dantza-jauzia ematera. Mixel Etxekopar, Jean Charles Sans eta Jean Mixel Bedaxagar txirula eta ttun-ttunarekin ari direla, dantzan aritu zirenak dira: Jacques Barreix, Marcel Bedaxagar, Christian Chimix, Dominique Berrogain, Battita Berrogain, Jean Mixel Bouillon, Jean Pierre Bordagarai eta Jean Bedekarratz. Satanak: Sebastien Ager, Bettan Bordagarai, Peio Bedekarratz eta Ximun Bedekarratz. 

Moneinak

Monein, muneinak, moneinak eta moneindarrak izenarekin ezagutzen da Zuberoan, Nafarroa Beherean eta Beiarnon dantza hau. Aitzina Pikarekin batera Zuberoan gehien dantzatzen den dantza-jauzia da, besteak beste maskaradetan eta pastoraletan emanaldi bukaeran egiten baita. Dantza-jauzi honen izena Biarnoko Monein herritik dator, nahiz eta Jean Michel Guilcherrek dioenez ez zuen Monein herrian bertan berau dantzatzen zekien herritarrik aurkitu.

Moneinak dantza-jauziaren doinuari buruz Jean Michel Guilcherrek eta Migel Angel Sagasetak beste dantza batzuekin dituen loturak azaleratu dituzte. Guilcherrek aipatu zuen Monein-en zati bat Baztandarrak mutil-dantzan ere aurki daitekeela. Migel Angel Sagasetak gehitu zuen beste zati bat Ardaoak parau gaitu dantzari, Durangaldeko erregeletan edo San Sebastian soinu zaharrean ageri den pasarte berbera dela. Zuberoan ezaguna den Txorittua nurat hua kantaren airea ere moneinaken pasarte batean antzeman daitekela aipatu zuen Guilcherrek, hain zuzen ere xoxoarenak mutil-dantzan ageri den aire bera.

Urratsak

Moneinak dantza-jauzia Zuberoan dantzatzeko urrats segida ohikoena honakoa da, Aitzindariak elkarteak argitaratutako Xiberoko dantza jauziak diskei laguntzen jasotako liburuskan ageri dena:

  • aitzina pika (4etan)
  • sinple (4etan)
  • itzul eta hiru, doble (2etan)
  • sinple, pika, doble, itzul eta hiru, itzul eta hiru (2etan)
  • aitzina pika (2etan)
  • itzul eta hiru, doble (2etan)
  • sinple, pika eta hiru, itzul eta hiru (2etan)
  • sinple (4etan)
  • pika, ezker, itzul eta hiru (2etan)
  • sinple (4etan)
  • pika, sinple, pika, doble (2etan)
  • eta pika
  • sinple (4etan)
  • pika, sinple, pika, doble (2etan)
  • sinple, doble, pika, sinple, itzul eta hiru (2etan)
  • biga, sinple, pika eta hiru, eskuin, ezker, doble, pika (2etan)
  • sinple, doble, pika (2etan)
  • zeina, biga, sinple, zeina, biga, beste biga, ebats (2etan)
  • sinple (4etan)
  • pika, sinple, pika, doble (2etan)

 

Akitaniako Alienor Trajeria: Moneinak dantza-jauzia. Irudiak: Arantza Uriguen. Maule-Lextarreko Jai-Alai pilotalekuan, 2014-04-30.

Dokumentuaren akzioak