Dokumentuaren akzioak
lagabota etiketa duten bideoak
Maule-Lextarre: Maskaradak 2023 Gabota
Maule-Lextarreko dantzariek plazaratutako Zuberoako maskaradetako dantza ezaguna dugu irudietan: gabota.
Aurtengo lehen maskaradetako arratsaldeko saioan Mauleko 11 aitzindari aritu dira: Jade Etxeberri, Leire Casamajou eta Baxtian Ligetx entseinariak, Bettan Jauri eta Fabrice Pinque zamaltzainak, Marie Jauri eta Meva Etxeto txerreroak, Lucie Figueroa eta Oihana Idiart gatuzainak eta Xantiana Bordaxar eta Marine Etxegoien kantiniersak. Dantza-jauzien gisara eman dute, borobilean, baina zenbait kasutan ilaran edo bien arteko uztarketa eginda ere aurkeztu izan dan dantza hau.
Zuberoan oso zabaldua den dantza da, maskaradetako arratsaldeko saioko galdu ezinezko dantzetako bat, baina Nafarroa Beherean eta Lapurdin ere dantzatu izan da, beste erritmo eta urrats batzuekin. Angel Sagasetak jasotzen du Pedro Juan Etxamendik musikaren bi idazkera ezberdin eman zizkiola, bata Luzaidekoa eta bestea Zuberoakoa eta Zuberoakoa xirulaz eta motelago jotzen zela adierazita zegoen. Euskal Herritik kanpo ere dantzatzen da, Proventzan esaterako.
Gaboten generoak Euskal Herrian izan duten zabalkundearen berri ematen du Jean Michel Guilcherrek. Bestalde, haren esanetan, antzoki eta saloiko antzinako errepertorioan bazuen baliokide bat dantza honek: Vestris-en gabota deiturikoa. Balleteko urratsez baliaturik dantzatzen zela dio eta arrakasta handia lortu zuela han eta hemen. Jon Iruretagoienak azaldu izan du Zuberoara XX. mende hasieran heldu zela, 1900-1914 bitartean. Maskaradetako dantzen jatorri militarra ikertu du; Akademia militarretan dantza-instrukzioa jasotzen zen eta dantza agiriak lortzeko azterketan hautagaiek Vestrisen gabota dantzatu behar izaten zuten. Gabotaren hainbat idazkera jasoak ditu Migel Angel Sagasetak: Gavòta, La Gabota, Lagabota, Lagabotta, La Gabotte, Gavotte, La Gavotte, La Gabote...
Irudiak: Amaiur Aristi. Maule-Lextarreko maskaradak, gabota, Maule-Lextarre, 2023-01-15.
Dokumentuaren akzioak