Dokumentuaren akzioak
kriskitinak etiketa duten bideoak
Eivissa: San Miquel 2016 Colla de Balansat
Eivissako San Miquel de Balansat herrian ostegunero dantza emanaldia egiten du abuztuko ostegunetan Colla de Balansat taldeak, Eivissako dantza tradizionala ezagutzera emateko. Herriaren gailurrean dago San Miquel parrokia eta bertako patioan egiten dute dantza erakustaldia. Bideoan bi dantza ageri dira: Ball de sa palmera eta Ses nou rodades. Bi dantzetan, gizonezko dantzariek emakumeak gonbidatzen dituzte dantzara kriskitinekin.
Ball de sa palmera Eivissako dantzen oinarrian dagoen sa llarga-ren bariazioa bat da. Emakume eta gizon banak dantzatzen dute eta palmera-hostoak irudikatzen dituzte haien koreografian.
Ses nou rodades, berriz, ezkonberrien ohorez egiten den dantza da. Bikote ezkonberriak dantzatzen du, eta emakumezkoak gizonezkoak oparitutako eraztunak erakusten ditu dantzan ari den bitartean. Gainontzeko dantzetan ez bezala, biek urrats berak egiten dituzte. Ondoren, ezkontzako gonbidatuak bikotearekin batera sartzen dira dantzara.
Pere Planells ari da bi dantzetan flauta eta danborra jotzen, hau da, esku batekin flauta eta bestearekin danborra jotzen duten danbolinteroen familiako Eivissako aldaera, txistu eta danbolinaren familia berekoa. Pere Planells berak lagundu digu informazioa osatzen. Irudiak: Eire Vila. Eivissa, San Miquel de Balansat, 2016-08-11.
Dokumentuaren akzioak