Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Bideoak

Dokumentuaren akzioak

kantuan etiketa duten bideoak

Zizurkil 2021 Martxoak 8: Irradaka

Zizurkilgo emakumeek martxoaren 8an dantzatzeko Bukalai taldeak atondu duen soka-dantza hau iaz ziren martxan jartzekoak. COVID-19ak eragindako itxialdiaren atarian, atzeratzea erabaki ostean eta oraindik ezohiko egoeran egonda ere, aurten aurrera egitea erabaki dute taldeko arduradunek. Maskarak jantzita eta distantziak mantentzeko sokak baliatuta, jenderik gabeko plazan ari dira irudiotan; datozen urteetan, baina, herriko emakumeak eskutik helduta eta aurpegietara begiratzen dantzatzeko asmotan dira. Doinuen hautaketa eta egitura koregrafikoaz arduratu da Itziar Otamendi dantzaria, eta Rosi Lazkanok egin ditu bertsoak. Hiru doinurekin osatu dute irradaka: lehena, Zizurkilgo udaletxeko kontzejupetik plazara sartzeko hautatutakoa, Eñaut Agirrek Oiartzungo bertsolari bati jasotako da, Eñaut berak eta bere anai Unai Agirrek Txuringaingo Errota bertsoaldiarekin kantuan plazaratzen dutena. Irradakaren zatia, bigarrena, Joseba Tapiak, Real Politik diskan, Bilintxen bertso batzuei jarritako Soldadu sartzea doinuarekin atondu dute; azken doinua, berriz, Iturengo arotza doinu herrikoiarekin.

Bertsoak

Pauso txikian baino
aurrera-aurrera.
Mugimenduak poza
dakar gorputzera.
Trapu zikinak eta
garbiak atera!
Nor geran zer nahi degun,
gatoz esatera.

Betez etxe lantegi
kale eta Plaza.
Guk nahi degun erara
eta gure kasa (BIS)


Esku batek bestean
ximurrak igurtzi.
Izana ez dute nahi
esan gabe utzi.
Orain igual da Leire
l(eh)en igual Tiburtxi.
Soka dantza ba dabil,
kantu ta irrintzi.


Betez etxe lantegi
kale eta plaza
Guk nahi degun erara
eta gure kasa (BIS)


Belarra jorratuta,
artoa sasira,
hazia erein edo
eraman bizira.
Nahiz ispiluak gorde
barrengo dizdira,
dakit zer bai eta zer
ez dedan desira.


Bizi-poza ba degu
barruan gordea,
aurpegitikan kendu
lotsa kolorea.
Gerana onartzea
azkozaz hobea
eta praktikan jarri
degun umorea.


Dantzariak: Bukalai dantza-taldea. Egitura koreografikoa: Itziar Otamendi. Bertsoak: Rosi Lazkano
Musikariak: Ixak Arruti (gitarra), Eneko Dorrosoro (trikitixa), Maddi Iturbe (ahotsa), Itziar Otamendi (ahotsa), Gari Otamendi (arrabita). Grabaketa: Ixak Arruti. Nahasketak: Jurgi Taboada. Irudiak eta edizioa: Gari Otamendi. Eskerrak: Juan Antonio Urbeltz, Marian Arregi, Rosi Lazkano, Joseba Tapia, Eñaut Agirre, Dantzan.eus, Zizurkilgo Udala, Errebal. Irradaka, Martxoak 8, Zizurkil, 2021-03-08.

Dokumentuaren akzioak