Dokumentuaren akzioak
izurtza etiketa duten bideoak
Dantza Izurtzan… Izurtzako dantzak (2015)
Izurtzako historia dantzari lotuta dago aspaldiko garaietatik. Idatzizko testigantza zaharrenak XVIII. mendera garamatza, San Nikolas egunean eta bezperan "danzanteei" beraien "lanagatik" ordaindu zitzaienekoa.
Egun ez da horren ezberdina. Elizatean dantzatzen diren dantza propioak merindadeko ezpata-dantzari egunean eta herriko udako festetako ekitaldietan egiten dituzte; hasi abuztuaren 16an Urkiolako santutegian egiten den errogatibatik eta iraileko Ama Birjinarekin amaituz: hil horretako lehenengo igandean, Santa Ageda ermitan eta inguruetan, hilaren 8an Erdoitza ermitan eta hurrengo igandean San Tomas ermitan. Garai batean hiru egun horietako errogatibek festaren zentzu erlijiosoa markatzen zuten. San Nikolas festekin amaitzen da urtea, bere izenpea parrokiak du; garai batean sanjoanetako zuhaitza edo txopoa plazan altxatzen zen.
Herritar gehienen artean bada beraien dantza propioekiko harrotasun sentimendua; baina, beste hainbat herritan bezala, dantzek historian zehar beren gorabeherak eta aldaketak izan dituzte. Adibidez, XX. mende hasierako jantziak ikus ditzakegun testigantza bisualak ditugu, edo urte batzuk geroagokoak, "igandetako" arropekin uniformatuta daudenak. Geroago, XX. mende erdi aldera eta 50 urte baino gehiagoan, txapela gorria, tergalezko alkandora (maukak jasota) eta galtza zuriak, galtzerdi zuriak eta lokarri gorridun alpargatak izan dira erabilitako ohiko elementuak. 2015ean antzinako estetikara itzultzeko saiakera egin zen. Horrela lihoaren (alkandora eta galtzak) hautua egin zen, gerriko eta galtzerdi moreak gehitu zitzaizkion, egungo herriko banderaren kolore nagusiarekin uniformetasuna bilatu nahian.
Banderak ere jasan ditu historiaren gorabeherak. 1936an eta 1937an gerra zibileko liskarretan desagertu egin zen. Ahozko testigantzen arabera, 1859ko data zuen. 1967an, Mendi-Gain dantza taldea sortu zenean, zaharraz oroitzen zutena kontuan hartuta, berria jostea erabaki zen; hala ere botere zibilak dantzariak espainiar banderarekin dantzatzera derrigortzen zituzten. 1994. urtean, udal hitzarmenaren arabera, herriko banderaren bi kopia egin ziren: bat dantza taldearentzako eta bestea udalarentzako.
Aipatzekoa da 1966ra arte, gure geografiako beste herri gehienetan bezala, gazteak herriko festetan bakarrik dantzatzeko biltzen zirela: dantzarien konpartsa izena eman zitzaien. Ahozko testigantzek diotenez data horretatik aurrera koreografian aldaketan bat izan zen, urrats eta mugimendu batzuen pixkanakako bilakaeraren ondorioz. Bestalde jasota dago "erregelak" ez zirela dantzatu 1967tik 1992ra.
Festa ez genuke osatuko dantzatzeko horren beharrezkoa den txistuaren musika aipatzen ez badugu. Horri buruzko ahozko iturriak argiak dira. Alde batetik, Berrizko "Patxikotarren" saga dugu, Serafin Amezua buru dela. Bestetik, 1967an belaunaldien arteko erreleboa Antonio Aromaren bitartez egin zen, urtea joan urtea etorri, etenik gabe, festa egunetan izan da hainbat belaunaldik dantzatu dituzten akordeen melodiak interpretatzen.
Durangaldean badira estrofa batzuk, abesten baditugu, txistua falta bada dantza entseatzeko balio dutenak. Ikus ditzagun batzuk:
“Kardulatzaren mosuarekin
Fermin Leizartzakue,
haren parien jantzan eiteko
Kursulu Kaminogoikue.
Bere buru gorri ta guzti be
Patxi Etxanogoikue,
haren parien jantzan eiteko
Benito Goitikue.”
Bideoan, 2015eko irailaren 6an Santa Ageda ermitan grabatutakoa, ikus dezakegu herriko banderaren makurtzea, aldarearen aurrean kontsakrazioaren momentuan egiten dena. Meza amaituta, Mendi-Gaingo kideek arkua egiten dute beraien tresnekin eliztarrak elizatik irteten diren bitartean. Kanpoan dantzak egiten dira. Horietako batzuek jatorria herrian ez izan arren, errotzen joan dira eta egun errepertorioaren parte dira.
Hemen dantzen ordena:
- “Agintariena” (“Dantzari-dantza”)
- Gipuzkoako “Agurra”
- Gipuzkoako “Arku-dantza”
- Baztango “Sagar-dantza”
- “Zortzikoa” (“Dantzari-dantza”)
- “Ezpata txikia” (“Dantzari-dantza”)
- “Banakoa” (“Dantzari-dantza”)
- “Ezpata nagusia” (“Dantzari-dantza”)
- “Makil dantza” (“Dantzari-dantza”)
- “Txotxongilloa” (“Dantzari-dantza”)
- “Erregelak” edo “Aurreskua”
Goizeko ekintzak bukatzeko, udalak konbitea eskaintzen du, bertaratutakoek pintxoak, kanapeak, zizka-mizkak, freskagarriak eta ardoa dastatzen dute.
Ekoizpena: Emilio Xabier Dueñas; Grabaketa eta edizioa: Luis Fernando González, 2015-09-06.
Dokumentuaren akzioak