Dokumentuaren akzioak
hauze etiketa duten bideoak
Guilcher 08 Hauze 1976 Altzaiko maskaradak: jauziak, bralea eta godaleta
Irudi horiek 1976ean grabatu zituzten Hélène eta Jean-Michel Guilcher-ek. Altzai-Altzabeheti-Zunharretako gazteek emandako maskaradak ikusi daitezke. Irudiotan Hauzeko plazan eskaini zuten maskaradetako dantzen eta ofizioen agerraldia ikus daiteke. 1976ko neguan Altzaiko gazteek emandako maskaradak bi egun eta bi herritan filmatu zituzten Guilchertarrek: Hauzen eta Urdiñarben. Aurreko zenbait iruditan Hauzen (Guilcher 06) eta Urdiñarben (Guilcher 07), goizez ziur aski, eskaini zituzten barrikadak ikusi daitezke eta honako hauetan arratsaldeko emanaldiko dantzak ageri zaizkigu. Hauzen eskaini zituzten barrikaden irudien artean azkena, herriko plazan sartuz egiten dutena, ziur aski arratsaldeko ofizioen hasierakoa izango zela aipatu genuen aurretik. Beraz, haren ondotik egindakoak lirateke honako honetan ageri direnak.
00:23-01:20 Moneinak eta Aitzina Pika
Hasieran aktore guztiak jauzi bat dantzatzen ikusi daitezke. Aitzindariek, Entseinariak salbu, haien borobila egiten dute, beste arizale guztiek osatzen duten borobil handiagoaren barruan. Aitzindariak ezkerrera dantzan hasita ari dira eta kanpoko zirkulua berriz eskuinera. Dantza-jauziaz gutxi ikusten da, sinple, doble edota pika konbinazio zenbait baizik. Juan Antonio Urbeltz-ek, Dantzak (1978) liburuaren 224. orrialdean 1976ko Altzai-Zunharretako gazteek maskaradetan eskaintzen zituzten dantza eta ofizioen zerrenda jaso zuen eta bertan zehaztu zuenez barrikada haustearen ondotik Moneinak eta Aitzina Pika dantzatzen zituzten, beraz, horiek izango dira irudiotan ikus daitekezkeenak.Kauterak haien modura dantzan ari direla ikusi daizteke noizbehinka.
01:20-03:40 Brale kontrapas
Jauziaren formazio berdinean, erran nahi baitu aitzindariak barneko borobilean eta besteak kanpokoan, aktore guztiek, beltz eta gorri, bralearen kontrapasa dantzatzen dute. Jauna dago buru eta Laborariak soka-dantza ixten du. Entseinaria bien arteko hiatoan kokatzen da. Parte hartzaile guztiek publikotik pertsona bat gonbidatu dute dantzara. Irudietan ikusten denez, publikotik gonbidatu dituztenak emakumeak direla dirudi. Irudiak abiadura geldoan grabatuta daude, mugimenduak xeheago ikusi ahal izateko.
03:41-05:00 Braletik jauzia
Braletik jauzteaz Txerreroaren puntuaren bukaera ikusten da. Ondotik, Gatuzaina agertzen da bralearen boroblia segituz, kontrapas eta antrixatak egiten, puntuak hasteko tokiraino doala. Abiadura moteldutako irudiak dira orain ere. Bere atzetik Kantiniersak berdin egiten du, baina bi horien puntuak ez dira batere ikusten. Zamaltzainarena, aldiz, nahiko osoa da. Lehena ikusten da nola borobila segituz bralearen erdira doan eta gero puntua bera. Braletik jauziaren musikak dituen hiru parteak dantzatzen dituela ikusi daiteke hor, nahiz eta hirugarrena doi-doia agertzen den irudietan.
05:01-07:03 Karakoiltzea
Aitzindarien dantzen atzetik karakoiltzearen partea dator. Hemen ongi ikusten da Entseinariaren lan garrantzitsua dantza horren eboluzioan, berak, bandera higituz eramanen dituelako dantzaren mugimenduak. Lehenik soka-dantzaren burua barnealderuntz eramaten du eta zortzi baten forma duen mugimendu baten ondotik kanpoaldera doa, hasierako tokira berriro eraman aurretik. Horren ondotik, Entseinariak eta Laborariak batera puntu bat dantzatzen dute. Azken puntua itxi eta berehala Entseinaria Jaunarengana doa beste biribilketa bat egiteko, baina aldi honetan borobilaren kanpoaldetik abiatuz. Nahiz eta ez den osoki ikusten suposatu daiteke aurretik egindako mugimendu berdina egiten duela, baina grabazioak ez du erakusten. Berehala Entseinariak bralea buztanetik eramaten duela ikusten da, beste aldetik egin zituen sigi-sagak egiten. Laboraria bere tokira eraman bezain laster Jaunarekin dantzatzen du aldi honetan. Simetria lege denez dantza luze honetan, Entseinariak berriro eramaten du bralea, Laborariaren puntatik, kanpoalderuntz aldi honetan ere.
Horra beraz, koreografiaren laburbilduma
-
Biribilketa barnetik, Jaunarekin.
-
Entseinaria eta Laborariaren puntua.
-
Biribilketa kanpotik Jaunarekin.
-
Biribilketa barnetik Laborariarekin.
-
Entseinaria eta Jaunaren puntua.
-
Biribilketa kanpotik Laborariarekin.
07:03-09:08 Godalet dantza
Godalet-dantzaren parteak ikusten dira hor. Baso gainean eginak diren puntuak bereziki eta abiadura geldoan ageri dira, mugimenduak zehatzago atxiki ahal izateko. Dantzariak gerritik bera grabatuak dira, baina orain arte protagonistak ziren dantzariak direla pentsa daiteke. Bata bestearen atzetik, Txerreroa, Kantiniersa, Zamaltzaina eta Entseinaria ikusten dira. Azken horrek, puntuaren bigarren errepikapenean, basoa lurrera botatzen duela ikusi daiteke.
Irudien azterketa eta testuaren erredakzioa: Jon Iruretagoyena - Maritzuli konpania.
Guilcher bilduma 008. Hauze, Altzaiko maskaradak, 1976. Dantzan-en argitaratze data:
Jean-Michel eta Hélène Guilcher gure gurasoek, Biarnoan eta Ipar Euskal Herrian egindako ikerketetan, batzuetan, dantza emanaldiak filmatzeko aukera izan zuten. Haien nahia zen film horiek dagokien eskualdeetako ikerlari eta dantzariei itzultzea. Film horiek gure aitak nahi zuen ordenan muntatu dira. Horregatik, Yvon, Naïk eta Mône seme-alabek, irudiok Euskal Kultur Erakundearen eta Dantzan elkartearen esku utzi nahi ditugu, haien beharren arabera (erakusketak, hitzaldiak, webguneak...) ikusi eta baliatuak izan daitezen, J.M. Guilcher funtsaren aipamena eginez. Meudon-en, 2023ko azaroaren 11n
Euskal dantzak Guilcher bilduman 1962-1976
- Guilcher 01 Ligi-Atherei 1962 Elixiri
- Guilcher 02 Iruri 1962 Bordazarre Etxahun
- Guilcher 03 Barkoxe 1963 Uthürri eta Artzanuthürri
- Guilcher 04 Iruri 1963 Maskaradetako dantzak
- Guilcher 05 Sohüta 1963 Couchinave, Cazet eta Copen
Guilcher familiak haien gurasoak bildutako ondarea Euskal Kultura Erakundearen eta Dantzan elkartearen esku uzteari esker altxor eder hau euskal dantzaren maitaleen esku jartzeko aukera izan da. Irudien ikerketa, erredakzioa eta sareratzeko prestaketa-lanak Euskal Kultur Erakundeak eta Dantzan elkarteak finantzatuak izan dira.
Dokumentuaren akzioak


