Dokumentuaren akzioak
gizon-dantza etiketa duten bideoak
Eusko Ikusgayak 05 Donostia: Gizon-dantza 1923-1928
Manuel Intxaustiren filme zoragarriaren beste atal bat ikus dezakegu hemen. Donostia, Konstituzio plaza, 1923-1928 urte inguruan, ohorezko aurreskua, agintarien soka-dantza edo gizon-dantza da irudietan ikus daitekeena. Harrigarria da gaur egun, ia 100 urte ondoren dantzatzen denarekin duen antzekotasuna. Soka-dantza bera sumatzen da, ikus daitezkeen zati hauetan. Dantzakeraren bilakaeraz hitz egin dugu aurreko Eusko Ikusgayaken zati batzuetan, baina oraingo honetan soka-dantzaren egitura eta dantzaren ezaugarri askok berdin xamar iraun dutela esan beharra dago.
Soka-dantza atalez atal
00:00 Agintarien soka ageri da lehenengo eta behin. Lau lagunek osatutako txistulari bandak plazaren erditik laguntzen ditu dantzariak. Dantza-maisua sokaren ondoan doa oinez. Ezaguna da Jose Lorenzo Pujana horrela aritzen zela, eta ez dakigu dantza-maisu hau Pujana bera ote den, baina aurreko batean argitaratutako ezpata-dantzaren irudietan ere ageri zen dantza-maisua dantza bertatik bertara gidatzen.
00:16 Berehala, aurreskularia sokatik askatuta eta aurreskua dantzatzen ageri da, plazaren erdian, bera bakarrik. Egiten dituen urratsengatik desafioa edo aurkez-aurke moduan ezagutzen den aurreskua egiten ari dela ondoriozta daiteke. Sentzilloa eskuinera hasita, belauneko gurpila jirakoa, sentziloa ezkerrera, eta sentzilloa bukatzean eskuineko oina nabarmen kanpoan uzten du (gaur egun ere zenbait tokitan, Añorgan adibidez, horrela egiten da), markatu egiten du posizio hori, hortik belauneko gurpila jirakoa eskuineruntz hasteko. Lauarinetan etena dago filmean. Segidan lasterkak eta lasterka jirakoak goitik egiten ditu aurreskulariak, erraz eta arin egin ere eta belauneko gurpilarekin ixten du. Hor bukatzen da aurreskulariaren eszena hau.
00:40 Segidan lehen zubi bat ikus daiteke. Aurreskulariak, bere ondotik datorren dantzariarekin osatutako arkuaren azpitik pasatzen ageri dira gainontzeko soka-kideak. Hemen nabarmen ageri da dantza-maisua plazan bertan sartuta, soka gidatzen ageri dela, dantzariei aginduak ematen eten-gabe. Zubitik irtetean dantza-maisuak agintzen die aurresku eta atzeskuari nola prestatu behar diren desafioa egiteko.
00:56 Ondoren aurreskularia eta atzeskua desafioa, oilar jokoa edo aurkez-aurke aurreskua dantzatzen ageri dira. Lauarinak, lasterkak eta lasterka jirakoak egin eta belauneko gurpilarekin ixten dute. Lasterka eskuinera eta muriska bat egin odoren bukatzen da eszena hau. Aurreskulariak trebetasun eta prestakuntza ona erakusten du, urratsak erraz eta garbi dantzatzen baititu. Atzeskua justuxeago ari da, aurreskuari jarraitu nahirik.
01:12 Berriz ere zubia egiten ageri dira, bigarren zubiak izan daitezke hauek, aurreskularia atzeskuak altxatutako besoen azpitik pasatzen dela dirudi.
01:21 Azken eszenan, plazara atera duten emakumea lau zerbitzariek erdian hartuta ageri da, aurreskularia emakumearen aurrean agurra, erreberentzia edo kontrapasa dantzatzen ari da. Hau ere gaur egun dantzatzen den egituraren antzekoa antzematen da, ikus daitekeen zati txikian behintzat. Agurra, sentziloa eta belauneko gurpilarekin ixten alde batera eta bestera, horixe bakarrik ikus daiteke, bere atzean, dantza-maisua dena gertutik jarraitzen duelarik.
Soka ateratzen denean 14 lagun kontatu ditugu, baina bigarren zatian 13 kontatzen ditugu sokan. Aguazil edo guardia bat ageri da ezkerreko aldean ekitaldia zaintzen, eta tarteka argazkilari bat ere ikusten da.
Eusko Ikusgayak
Irudiok Manuel Intxaustik Eusko Ikaskuntzarentzat 20ko hamarkadan filmatutako Eusko Ikusgayak bilduman jasota daude. Euskal zinemaren aitzindarietakoa izan zen Manuel Intxausti. 1923 eta 1928 bitartean Euskal Herrian batera eta bestera ibili zen kamera hartuta euskaldunen ohiturak eta dantzak filmatzen, eta horri esker honelako altxor zoragarriak ditugu eskura. Hona orain arte argitaratu ditugun zatiak:
- Eusko Ikusgayak 01 Berriz: Dantzari-dantza 1923-1928
- Eusko Ikusgayak 02 Donostia: Ezpata-dantza 1923-1928
- Eusko Ikusgayak 03 Zumarraga: Ezpata-dantza 1923-30
- Eusko Ikusgayak 04 Donostia: Gipuzkoar aurreskulariak 1923
- Eusko Ikusgayak 05 Donostia: Gizon-dantza 1923-1928
- Eusko Ikusgayak 06 Zumarraga: Aurreskua 1923-28
- Eusko Ikusgayak 07 Lekaroz: Zazpi jauzi 1923
- Eusko IKusgayak 08 Lekaroz: esku-dantza 1923
- Eusko Ikusgayak 09 Lekaroz: Katadera-dantza 1923
- Eusko Ikusgayak 10 Lekaroz 1923 soka-dantza
- Eusko Ikusgayak 11 Doneztebe: Trapatan 1923-1930
- Eusko Ikusgayak 12 Maskaradetako dantzak 1923
- Eusko Ikusgayak 13 Donostia: Trikitixa dantzariak 1923
- Eusko Ikusgayak 14: Otsagabia 1924
- Eusko Ikusgayak 15: Arizkun 1923
Ikerfolk-en fondoan jasotako irudi hauek Euskadiko Filmategiak digitalizatu ditu eta Eusko Jaurlaritza bultzatzen ari den dantza artxiboen digitalizazio programan txertatuta daude. Donostia, gizon-dantza, 1923-1928. Euskadiko Filmategia, Ikerfolk fondoa: Eusko ikusgayak bilduma (Eusko Ikaskuntza).
Dokumentuaren akzioak