Dokumentuaren akzioak
gibandriak etiketa duten bideoak
Donibane Garazi: Libertimendua 2016 Xibandiarrak
Dantza-jauzi luzeenetakoa da honako hau, hainbat urrats eta erritmo aldaketa dituena. Guilcherren esanetan, XX. mende hasieran oso gutxitan dantzatu ohi zen. Dantza-jauzi oso zailtzat hartu izan da. Dantzari bikainentzat harrotasun arrazoi zen dantzan egiten jakitea, nahiz eta oso gutxitan dantzatzeko aukera izaten zuten. 1914 aurretik, Larraiñen hiru-lau dantzarik zekien Xibandiarrak dantzatzen, eta aldiz Moneinak dantzatzeko gai ziren berregoitamarretik gora.
Sagasetan esanetan dantza lehiaketetan erabiltzen zen. Adibidez, 1897an Donibane Lohizunen egin ziren primaketan, dantzariek muxikoak, gibandriak, lapurtarrak eta makila-dantza eman behar izan zituzten. Atharratzeko 1930eko primakan ere chibandriak dantzatu zuten. Luzaiden luzaroan dantzatu gabe zegoen, baina adin bateko dantzariek buruan zuten eta Sagasetak jaso zien. Sei minutu inguru hartzen ditu dantza-jauzi honek.
Izenari dagokionez hainbat aldaerarekin ezagutu da. Gibandriak erabili zuen Guilcherrek eta Xibandiarrak Sagasetak, baina Guilcherrek berak honako beste aldaera hauek guztiak jaso zituen: Xibandierrak, Xibandiarrak, Xivandierrak, Xivandiarrak (Lapurdi eta Nafarroa Beherean), Xibandriak, Gibandriak, Givandrik (Zuberoan), Gibandre, Gibandrie, Gibandries, Gibaudrie (Biarnon).
Esanahia ere ez dago argi. Zaldia esateko hitz gaskoia, 'chibau' eta emakumea esateko "anderea" euskal hitzaren arteko lotura izan ote daiteekeen proposatzen du Guilcherrek, baina ziurtasun handirik gabe.
Garaztarrak taldeko dantzariak ageri zaizkigu irudiotan, Donibane Garazin eskainitako Libertimenduaren baitan Xibandiarrak jauzia dantzatzen. Antrexataka edo Jauzika dantzatzen dute, eta honako urratsa segidarekin:
- Erdizka lauetan
- Zote, aintzina, erdizka, dobla eta hiru, erdizka, erdizka eta hiru, erdizka
- Erdizka, erdizka, zote (X2)
- Erdizka lauetan
- Zote, erdizka, dobla, erdizka, erdizka, erdizka
- Aintzina x4
- Erdizka lauetan eta hiru
- Aintzina x2
- Erdizka lauetan
- Zote, zeina, erdizka, dobla, zeina, erdizka
- Aintzina x4
- Erdizka lauetan eta hiru
- Aintzina
- Erdizka lauetan
- Zote, erdizka, dobla, erdizka
- Antrexatak kurri
- Ezker kurri
- Eskuin kurri
- Erdizka lauetan
- Zote, erdizka, dobla, erdizka
- Kontrapasak, ezker, kontrapasak, eskuin (X2)
- Kontrapasak, antrexatak, kontrapasak, erdizka (X2)
- Ezker, eskuin, erdizka, lau urrats
- Eskuin, ezker, erdizka, lau urrats
- Kontrapasak eta erdizka (X4)
- Kontrapasak eta antrexatak, kontrapasak eta erdizka (X2)
- Zeina, ezker, zeina, eskuin
- Zote, erdizka, dobla, erdizka
- Ezker, erdizka, ezker, antrexatak eta fini
Irudiak: Eire Vila. Libertimendua, Garaztarrak, Xibandiarrak, Donibane Garazi, 2016-02-07.
Dokumentuaren akzioak