Dokumentuaren akzioak
eusko-gaztedi etiketa duten bideoak
Frantisek Pospisil: Euskal dantzak 1927
Bai, Europa puntarik punta korritu eta Euskal Herrian ere izan zen Frantisek Pospisil, 1927. urtean hain zuzen ere, eta zenbait euskal dantza filmatu zituen. Horiek dira hemen aurkezten ditugun irudiak. Juan Antonio Urbeltz-ek helarazi dizkigu irudiok, eta berak argitu digu bere ustez non eginak diren filmaketak. Lehenengo irudiak Lekarozko ikastetxean hartuko zirela irudika daiteke. Izan ere, Aita Donostia eta Hilario Olazaran musikari, musika ikertzaile eta fraide kaputxinoak dira itxura guztien arabera irudietan ageri direnak, eta kaputxinoek Lekarotzen zuten ikastetxeko ikasleak izan daitezke dantzari ageri diren gaztetxoak. Bigarren irudiak, Donostian, Urgullen alboan, Apaizen pasealekua moduan ezagutzen den bidean hartu zirela dirudi.
Lekarozeko ikastetxean
Gipuzkoako brokel-dantzaren sortako zenbait dantza ageri dira Lekarozko ikastetxean grabatuak diruditen irudietan. Txistua eta danbolinarekin aita Hilario Olazaran, eta berarekin txistulari eta atabalari gaztetxo batzuk ageri dira. Une batean (1:40), Hilario Olazaran txistua jotzen eta alboan Aita Donostia ageri da. Dantzariak 12-14 urteko gaztetxoak dira, zuriz jantzita, alkondara eta fraka zuri motzekin (belaun gainera iristen zaizkie), txapela, galtzerdi zuriak, abarketak eta gerrikoarekin.
Uztai handien dantza dantzatzen ageri dira lehenengo (0:08), loraz apaindutako arku handiekin. Hurrengo dantzetan errepikatuko den ezaugarria antzematen da dagoeneko hemen, sentzilloa, lehen partean oinak asko altxatuz dantzatzen dute, eta sentzilloa ixteko orduan azpian markatzen dute, oinik altxatu gabe (gaur egun justu une horretan altxatu ohi da hanka ahalik eta goren). Deietan (eta haur ere ondoko dantzetan errepikatuko da), muriska jirakoa edo airean egiten den buelta ezkerreko alderuntz egiten dute, gaur egun eskuma aldera egiten dira deietako bueltak normalki. Ez dirudi irudiak iraulita daudenik, txistulariek ohiko eskuekin jotzen baitituzte txistua eta danbolina (ezkerrarekin txistua eta eskumarekin danbolina).
Brokel-makilena (0:37) ageri da ondoren. Brokel-makilena idatzi zuen Iztuetak, baina tradizioan maiz ezpata txikiekin egin izan da, eta oraingo honetan ere ez darabilte makilik, ezpata txikiak, dagak edo sastakaiak (puñalak) baizik. Brokelak gaur egun erabiltzen direnak baino handiagoak dira, ezkutu txiki batzuen tankera dute. Dantzak ez dira osorik ageri, zatika baizik, eta hau deiarekin hasten da. Buruzagiak dantzatzen du deia taldearekin batera eta gero albora egiten du, ez dakigu aurretik berak egin ote duen zortzikoa. Aipatzekoa da buruzagiak eskuan daraman buruzagi-makila banderatxo bat dela, eta ezkerreko eskua gerrian daukala deia hasten denean. Dantzariak brokel-makilen jokoa egiten dute, hamabi dantzarien jokoa lehenengo, erdiko lau dantzariena ondoren, eta hamabikoa berriz. Deiarekin bukatzen dute, buelta ezkerrera emanez.
Dantzarien jantziak eta tresnak erakusteko irudiak daude ondoren (1:23), eta txistulariak ageri dira gero, Hilario Olazaran gazteek lagunduta lehenengo, bera bakarrik ondoren, eta Aita Donostiarekin azkenik.
Hurrengo dantza ezpata-dantza da, ezpata txikiekin soilik egiten dena. Buruzagia taldearen aurrean jarrita dago eta hamabi dantzari atzean daude, 3x4 lerroetan antolatuta. Bai taldearen formazioa, bai dantzatzeko moduak eta bai jantziak zati batean (praka motz eta txapelak behintzat) ikusita, Beasaingo Loinazko ezpata-dantzarekin antzekotasuna handia du ezpata-txikien dantza honek. Deia (buelta ezkerrera eginez) dantzatu ondoren alboetara egiten den urratsa (txingo luzeko paseoa Ikerfolken izendegian), hanka gora altxatu gabe egiten dute, soilik belaunak altxatuz, eta ezpata txikien jokoa albo batera eta bestera gorputza mugituz eta jiratuz egiten duten, bi zati horiek Beasainen egiten duten modu beretsuan.
Segidan (02:24) makila handien dantza egiten dute. Deia eta jokoa egiten ageri dira. Ez dago jakiterik aurretik zortzikorik egin ote duten ala ez. Hamabi dantzariz osatutako taldea da hau ere, eta lau kaleak markatuz jokoari bi buelta oso ematen dizkiote, deia, laukotearen jokoarekin buelta bat, eta berriz hamabiko taldeak beste bi buelta osoa egiten ditu azken deiarekin bukatzeko.
Nagusitxoagoak ageri dira segidan, galtza luzeekin eta zortziko taldean, Durangaldeko dantzari-dantzako zati batzuk dantzatzen. Eusko Gaztedik prestatutako dantzari-dantzaren bertsio eraldatua dela antzeman daiteke, bereziki egiten duten saltoak erakusten duenez. Agintarienarekin hasten dira (3:20), eta ondoren (3:38) Zortziko Kapitan moduan ezagutu izan dena egiten dute, buruzagiak banangoaren urratsak eginez taldearen inguruan bira egiten baitu. Zortzinangoaren (3:56) ondoren ezpata-joko txikia (4:10) dantzatzen dute, aurretik ezpata-dantzarako erabili dituzten ezpata txiki edo sastakaiekin.
Durangaldeko dantzak egin dituzten dantzarien jantzi eta tresnak ikusteko irudiak daude segidan, banderaria (4:27 ) eta ezpata-dantzariak.
Berriz ere Gipuzkoako dantzak egin dituen gaztetxoen taldea ageri da, eta oraingoan, brokel-makilenaren zortzikoaren (4:33) segundu gutxi batzuk ikusi daitezke, eta segidan Boastitzea (4:39) ageri dira dantzan. Urratsa azpitik dantzatzen dute, ezpata-dantzan bezala, deiaren buelta ezkerretara egiten dute, baina taldearen ibilbidea, kruzeak eta joan-etorriko antolaketa gaur egun egin ohi denaren parekoa da.
Brokel-dantzaren zikloarekin jarraituz makila txikien dantza egiten dute dantzari gaztetxoek. Zortziko berrogei muriska dantzatzen ageri dira lehenengo. Sentzilloa oinak nabarmen altxatuz lehen partean, eta lehen sentzilloa azpian ixten dute, eta bigarrena muriskarekin borobiltzen dute. Hamabiko taldea lau kaleetako zortzikoa eginez mugitzen da, eta bitxia da baita ere makila txikiak eusteko modua, besaurrean etzanda baitituzte. Jokoan, zubiak egin eta azpitik pasatzeko mugimenduak egiten dituzte, uztai handik egin ohi diren bezalakoak (eta zenbait makila-dantzetan egiten diren moduan), eta aurreko biak atzera joan eta atzeko biek aurrekoengan joanez egin ohi den joko zatia egiten dute.
Donostian, apaizen pasealekuan
Donostian grabatutako irudiak dira ondoren ikus daitezkeenak (6:09). Apaizen pasealekuaren hasieran ageri dira, eta Pospisilek dantzariekin argazkia atera zuen toki berean. Durangaldeko dantzari-dantza egiteko prest ageri da zortziko taldea, baina hauek ere Eusko Gaztedik berregindako erara. Makila-jokoarekin hasten dira (6:10), agintariena ondoren (7:09) , ezpata joko nagusia (7:30) eta txotxongiloa (9:03) azkenik. Bitxia da bueltak airean ematen dituztela ikustea, eta txotxongiloan adibidez, durangaldean buelta (lurretik) ematen duten unean hauek grabilleta dantzatzen dutela. Jose Ignazio Ansorenak jakinarazi digunez (2016-02-15) bai "Urguleko grabazio honetan eta bai Baionakoan agertzen diren txistulariak (Londresera ere joan ziren) Donostiako Udalaren garai hartako lau lagunak ziren: Isidro Ansorena, Secundino Martínez de Lezea, Julian Unanue eta Luis Castañeda".
Pospisilen grabazio historikoak
Honekin bukatzen da Frantisek Pospisil-ek 1927an filmatu zituen euskal dantzetatik iritsi zaiguna, eta honekin borobiltzen da baita ere argitaratzen joan garen Pospisilen grabazio sorta osoa. Juan Antonio Urbeltzi esker eskuratu eta sareratu ditugu interes handikoak iruditu zaizkigun irudiok. On egin.
Frantisek Pospisil, euskal dantzak, Lekaroz eta Donostia, 1927.
Dokumentuaren akzioak