Dokumentuaren akzioak
euskaldunak-eta-sorginak etiketa duten bideoak
Luzaide: Bolant Eguna 2025 Eskualdunak eta Sorginak
Dantza taldeek gehienetan elkarren segidan, kasik dantza bat bailiran, ematen badituzte ere bi dantza dira Eskualdunak eta Sorginak; eta nahiz eta ez diren borobilean dantzatzen, dantza-jauziak dira. Luzaidarrek 2025eko Bolant Egunean dantzaturiko Eskualdunak (00:00-01:02) eta Sorginak (01:25-02:28) dantzak dituzue irudietan; Arretxe frontoian emanak. Bolant Eguneko goizeko saioa Luzaideko plazan izan ohi da, baina aurtengoan, euria dela eta, estalpera jo behar izan dute.
Nahiz eta dantza-jauziak borobilean dantzatzea den ohikoena, irudietan ikusten dugun gisan, bai Eskualdunak eta bai Sorginak lerroan dantzatzen dira. Izan ere, dantza hauek 1920ko hamarkadaren bukaeran moldatu zituen Faustin Bentaberrik oholtzarako. Kasu honetan, dantzari guztiak bi talde handitan daude banatuta. Talde bakoitzari erreparatuz, lehen dantza, bi ilaratan elkarri begira kokatuta hasi eta bukatzen dute. Bigarrena hasteko talde bakoitzeko dantzari guztiak bi ilaratan mantentzen dira, baina elkarri begira beharrean plazaren alde berera begira guztiak; eta alde horretara begira denek ilara batean bukatzen dute.
Migel Angel Sagasetak jasotzen du uste duela Sorginak Londresko Albert Hall antzokian estreinatu zirela. Zalantzagarria da estreinaldi data eta leku hori, izan ere Aritz Ibañez ohartu zen Dantzan.eus-en argitaratutako Frantisek Pospisil-en grabazio honetan ikus dezakegula (1:20 minutuan) Bentaberriren dantzariek jadanik dantzatuak zituztela bi dantza-jauzi hauek Ingalaterrara joaterako Baionan. Londreseko emanaldia 1927ko azaroan izan zen eta Baionako irudi horiek urte horretako apirilekoak dira, Baionako Euskal Museoak antolatutako Euskal Festakoak.
Doiunuari dagokionez, Sagasetak dio Bentaberrik Eskualdunak-en doinua bigarren eta bosgarren antrexatetatik hartu zuela eta Sorginak-ena, berriz, lehenengo eta hirugarren antrexatetatik. Sorginak, lauetan erdizka edo satan-dantza doinu berak dira. Aritz Ibañezek ohartarazi gintuen gure dantzetan erabiltzen den doinu hori Piotr Ilich Tchaikovsky-ren Itxaur hauskailua balleteko Haurren lauhazka-ren eszenan entzun dezakegula.
Irudiak: Oier Araolaza. Eskualdunak eta Sorginak, Bolant Eguna, Luzaide, 2025-04-20.
Dokumentuaren akzioak