Dokumentuaren akzioak
ensaioa etiketa duten bideoak
Lesaka 2019 sanfermin dantzak prestatzen
San Fermin egunerako azken prestaketekin dabiltza Lesakako ezpata-dantzariak. Aste honetan entsegu nagusiak egokitzen dira, astelehenean zubigainera igo dira eta igande baino lehen, ostegunean berriro arituko dira. Unai Gurrutxaga aitzineskuarekin egon gara zubigaineko asteleheneko saioa amaituta. Hirugarren aldiz irtengo da San Fermin egunez dantzara eta aitzinesku gisa bigarrena izango du. Ezpata-dantzari bezala lehenengo aldiz irten eta hurrengo urtean eman zioten buruzagi irteteko aukera, sorpresan hartu zuen proposamena, baina azkenean animatu zen. Lesakar batentzat ezpata-dantzari izatea berezia da oso eta zeresanik ez, aitzineskuaren postua. Gurrutxagak ardura sentitzen badu ere, oso egun polita izaten dela dio. Urduritasunak sumatu ditu dantzarien artean, baina taldea ondo ikusi du zubigainean eta osteguneko entseguaren ondoren, igandean primeran arituko direla dio.
Ekainean elkartu ohi dira taldea antolatu eta entseguak egiteko. Azaldu digu adin bat iristean naturalki hasten direla ezpata-dantzarien entseguetara joaten. Horrela, ezpata-dantzariren batek bere postua uztea erabakitzen duenean izaten dute berriek lekua ordezkatzeko aukera. Aurtengoan bost ezpata-dantzarik utzi dute, beraz, bost dantzarik lehenengo aldiz dantzatuko dute. Horien artean emakumeak ere izango dira estreinekoz. Duela bi hiru urte hasi ziren entseguetan eta aurten hutsik gelditu diren postuak betetzeko aukera iritsi zaie. Igandean goizeko 8:00etan ekingo diote egun osoko lanari, goizean gurutzeak eginez ibiliko dira prozesioan eta plazan zeharkakoa eta erreka alboan zubigainekoa dantzatuko dituzte. Arratsaldean, berriz, zantzo-monona, esku-dantza, aurreskua, jota eta arin-arina. Irudiak: Eire Vila, sanfermin dantzak prestatzen, Lesaka, 2019-07-01.
Dokumentuaren akzioak