Dokumentuaren akzioak
emilio-xabier-dueñas etiketa duten bideoak
Barakaldo: Santa Luzia 2023 Aurreskua
Urtero, 2014az geroztik, beraz, 2023an hamargarren edizioa bete da, Laguntasuna dantza taldeak aurreskua egiten du Santa Luzia kalean (Barakaldoko Argalario mendiaren magalean). Neskek zuzentzen dute. Beste garai batean santuari eskainitako ermita bat egon zen tokian dantzatzen da, baina 1941ean haizeteak suntsitu zuen.
Ordura arte, nahiz eta XX. mendearen bigarren hamarkadatik aurrera gutxitu egin zen herritarren parte-hartzea tenplura egindako erromesaldian, ekainaren 30ean egiten zuten herritarrek irudia gurtzeko bisita. Dantzekin eta aurreskuekin ospatzen zen (prentsako kroniken arabera) Bengoleako beheko zelaian, eta, azkenik, gauez, Retuerto auzoan.
Gaur egun, Santa Luzia, El Regato auzotik Argalarioko gailurrera bitarteko altueran, bi etxek osatzen dute, esplanada txiki batean. Bertara iristeko bidea aipatu auzotik, oinez, edo Gorostizatik, Bengolea kaletik.
Laguntasunak, tradizioak eguneratzeko asmoz, urtero, ekaineko azken igandean, hainbat ekitaldi antolatzen ditu. Oraingo honetan, erraldoien kalejira labur bat, harri-zulatzaileen erakustaldi bat, aperitibo eta edarietarako gonbidapena, edo txistulariek musikatutako aurresku bat eta dantzak, hurbileko giroan… ia familian.
Irudiak: Emilio Xabier Dueñas, Aurreskua, Santa Luzia, Barakaldo, 2023-06-25.
Dokumentuaren akzioak