Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Bideoak

Dokumentuaren akzioak

emilio-xabier-dueñas etiketa duten bideoak

Baztandarren Biltzarra 2022 Dantzan

Uztailaren 17an Baztandarren Biltzarra ospatu da bi urteko hutsunearen ondoren. Egun bat lehenago, Amaiurren ospatu da bertako Gazteluko guduaren eta suntsitzearen 500. urteurrena.

Elizondoko erdigunean izan da bailarako festaren eszenatokia. Giro ezin hobea, ibilbideko espaloietan jendea pilatuta, karrozen desfilea hartzeko prest eguzki kiskalgarriaren pean. Tenperatura beroa, 40º inguru, baina hori ez zen oztopo izan parte-hartzaile guztiek beren lanak betetzeko.

Iturengo Joaldunek eta Nafarroako banderak eta ikurrinak ireki zuten bidea. Atzetik agertu ziren, aurrez ezarrita ordenan, bailarako hamabost herrietako ordezkariak musika taldeen laguntzaz (gaiteroak, trikitilariak, txistulariak, etab.). Karroza apainduak dituzten traktoreak, herri bakoitzak prestatutako motiboa dutenak, eta lanbide, egoera historiko edo beste jarduera baten parodia egiten dute gazteak. Karrozen artean, horien gaietatik aldenduz Euskal Herriko hainbat dantza talde kaleratu ziren: Baztango dantzariak eta Elizondoko gaiteroak; Iurretako dantzariak Durango eta Garaiko txistulariekin, Beasaingo Aurtzaka, Baigorriko Arrola, Donibane Lohizuneko Begiraleak, Gasteizko Jare eta Otsagabiko dantzariak eta gaiteroak. Apartekoak izan ziren Arizkungo dantzariak Baztango xulubitariekin, sagar-dantza egin baitzuten, sagar eta sagardoaren karrozarekin bat etorrita.

Goiza plazan amaitu zen mutil-dantza sorta laburrarekin (Billantziko, Hiru puntukoa, Zortzikoa…), bailarako txistulariek musikatuta, beroak itzalean babestera behartzen baitzuen.

Arratsaldean, herriko futbol zelai alboko zelaian, Merkatuzelaian herri bazkaria egin zen eta karroza irabazlea saritu zen. Zigakoa suertatu da aurtengoan irabazlea, gari-jotze lanagatik. Ondoren dantzen txanda. Aurrena mutil-dantzak (Billantziko, Muxikoak, Zortzikoa…) Aunitz urtez-en ondoren. Jarraian, jotak eta porrusaldak Elizondoko gaiteroen eskutik. Amaitzeko, txarangaren hainbat jauzi (Tellagorri, Antxoriz...) eta berriro gaiteroak Larrain-dantzarekin.

Zelaian festak jarraitu zuen Laiotz eta Trikidantz-en dantzaldiekin.

Irudiak: Emilio Xabier Dueñas. Baztandarren Biltzarra, Elizondo, 2022-07-17.

Dokumentuaren akzioak