Dokumentuaren akzioak
domingo-moreno etiketa duten bideoak
Pirinio maskaratuak (2020) trailerra
Pirinioetako neguko festa eta erritualak jasotzen dituen dokumentala egin du Domingo Moreno zinegile aragoitarrak. Euskal Herriko, Aragoiko, Andorrako edota Roussillongo inauterietako errituak bildu ditu Les Pirinio Masquées (Pirinio maskaratuak) dokumentalean. Euskal Herriari dagokionez, Zuberoako maskaradak, Altsasuko, Zubietatako eta Lantzeko inauteriak ageri dira. Trailerrean 1965ko Lantzeko inauterietan Enrique Ros Piñeronek grabatutako irudiak ikus ditzakegu. Lantzen 1964an berreskuratu ziren inauteriak, beraz, bigarren urtekoak dira dokumentalak jasotzen dituen irudiak.
90 minutuko dokumentalak, lekukotasunean oinarritutako bidaia antropologikoa egiten du. Besteak beste, inauterietan adituak diren Josefina Roma, Thierry Truffaut, Juan Antonio Urbeltz eta Roberto Boschi eginiko elkarrizketak jaso dira, eta baita inauterietako protagonistenak ere bai, Mixel Etxekopar eta Batitte Berrogain zuberotarrak tarteko. Inauteriak lurraldeen arteko lotura moduan planteatzen dira. Neguko hainbat festetako pertsonaiak, sinboloak, estetika, musika eta dantzak konparatzeko aukera ematen du; protagonistetako bakoitza bere hizkuntzan ari da: euskaraz, katalanez, frantsesez eta gazteleraz. Proiektu eder honetan parte hartzeko aukera izan du halaber Dantzan-ek, Eire Vilak lagundu baitu euskal inauterietako filmazioetan, elkarrizketetan eta itzulpenetan.
Otsailaren 24an emititu da lehenengo aldiz FR 3 Occitanie Frantziako telebista katean. Momentuan geldirik dago zabalkundea, baina emisio gehiagoren aurretik irudiak grabatu diren zonaldeetan aurkezpenak egiteko asmoa dutela azaldu digu Domingo Moreno zuzendariak.
Pirinio maskaratuak, Domingo Moreno, trailerra, 2020.
Dokumentuaren akzioak