Dokumentuaren akzioak
dantza-testigantzak etiketa duten bideoak
Inauteriak Lizartzan, transmisioa dantzan
Etxetik, herritik jaso dituzte lizartzarrek herriko inauteri-dantzak. Belaunaldi batek erakutsi dizkie ondorengoei, eta transmisio horretan eboluzionatu dira bai dantzak, baita festa ere. XX. mendeko azken erdian inauteri-dantzak ezagutu zituzten Lizartzan, baina ez inauterietan; iraileko festetan edota inguruko herrietako emanaldietan plazaratzen zituzten. 1994an berreskuratu zituzten gerra aurretik galdu ziren inauteriak; festetako dantza saio ondorengo afariko beroaldiarekin hasi ziren urratsak ia 30 urteko ibilbidera iritsi dira. Iñaki Zubeldia (1935-2012) da bide horretako gidarietako bat, berreskurapenerako beharrezko hauspoa eta transmisiorako akuilua; aitarengandik eta aitonarengatik jasoa hurrengo belaunaldiei transmititu zien. Inauteriak garaiko testuinguruetara egokitzen joan dira, besteak beste, azpimarratzekoa da 2004ko urtea, emakume talde batek dantzak ikasi eta gizonezkoekin batera atera baitziren festan, dantzan; gaur arte. Hainbat aldaketa izan dituzte dantzek, bizirik dauden seinale, eta eraldaketa horren testigu, protagonista eta transmisore izan direnetako batzuren testigantzak bildu ditugu: Joxe Mari Etxeberria (1954), Josune Zubeldia (1968), Rafa Aginaga (1969), Santi Mendigain (1970), Iñaki Mendia (1974) eta Sheila Sarasola (2001). Irudiak: Oier Arregi, Mikel Oiarbide, Ikerfolk, Dantzan. Edizioa: Amaiur Aristi. Inauteriak Lizartzan, transmisioa dantzan, 2022-03-10.
Dokumentuaren akzioak