Dokumentuaren akzioak
cristina-quijera etiketa duten bideoak
Con buen pie: En la trastienda 1996
Kezkatuta ageri da Cristina Quijera elkarrizketa honetan. 1996. urtean, "En la trastienda" ikuskizunaren azken emanaldian egin zen grabazioa. Ikuskizuna estreinatu eta bi urtera, emanaldi gutxi eginda, ibilbidea bukatutzat eman beharrean aurkitu ziren Con Buen Pie konpainiako dantzariak. Euskal dantza garaikidearen nahi eta ezinaz mintzatzen da Quijera, eta erakunde eta ikusleei dei egiten die dantza garaikidera hurbil daitezen.
1990. urtean sortu zen Bilbon Con Buen Pie dantza garaikide konpainia. "Hasel y Nola", "Chuvascos", "Moliendo Cafe" edo "Yubihelen" izan ziren konpainia honen lanetako batzuk, eta 1994an bideo honetan ikus daitekeen "En la trastienda" ikuskizuna sortu zuen. Bertan, arropa denda bateko manikiek bizitza hartu eta dantza egiten dute gauez. ETBko Iparra kultura programako erreportaje honetan konpainiako dantzariak ageri dira: Maida Zabala, Beatriz Villar, Matxalen Bilbao, Alicia Gomez eta Cristina Quijera. Azken biek hitz egiten dute elkarrizketan. Emanaldiko dantza irudietan seigarren dantzari bat ere ageri da, Begoña Krego, hain zuzen Cristina Quijerarekin batera "En la trastienda" honen koreografia osatu zuena. Juan Viadas arduratu zen zuzendaritzaz eta Juan Karlos Perez-ek egin zuen musika.
Con buen pie: En la trastienda, Iparra, ETB2,1996.
Dokumentuaren akzioak