Dokumentuaren akzioak
bermeo etiketa duten bideoak
Karibuen eresia
Oinetako lur hau jabilt ikara, lau haragiok berean berala. Santxa Otxoa Ozaetakoak Martin Bañez hildako senarrari kantatu zion eresia dantzan dabil karibuen mamurren artean. Azken glaziaziotik, zeruan izarrak bezala mugitzen doazen pikortxoz betetzen dituzte karibuek paisaia zurituak. Atsedenean gelditzen dena lagun-izoztua da aiene batean. Elur-oreina ez da inoiz gelditzen, lurra jiraka nola ari da beti hara-honakoan. Agian horregatik, inora joateko asmorik ez duenean zirkuluan segitzen du, Esne Bideko izar bihurtuta, helmugarik gabeko espiralean jira-biran. Karibuen dantza hipnotikoak sufien Dhikr errituala gogorarazi digu, edo gertuago etorrita Tuterako La Revoltosa, edo Bermeoko Arrantzale Eguneko arroskue, edo ahazten hasi zaigun garai ez-pandemiko hartan edozein herriko plazetako egiten genuen larrain-dantza. Zirkuluan dantza egitea esperientzia mistikoa da giza-kulturetan, emozionalki konektatu, mugimendua bateratu, arnasketa sinkronizatu eta banakotasunetik taldera garamatzan erritual magikoa. Espiralak Minotauroaren labirintora garamatza, baina ikusteko dago bizitzaren matazan kateatuta, Ariadnaren hariari tiraka argira askatzeko gai izango garen berriz. Ez dakigu karibuen pausoak beren lurreko pasajean gidatzen dituzten espiritualtasunik ba ote duten, baina mirotzaren talaiatik ikusita karibuen eresia mistikoa gertatzen da mundua bera jira-biran daukagun honetan. Irudiak: Bazabazon. Karibuen eresia, 2021-04-27.
Dokumentuaren akzioak