Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Bideoak

Dokumentuaren akzioak

baso-dantza etiketa duten bideoak

Maule-Lextarre: Maskaradak 2023 Godalet-dantza

Maule-Lextarreko aitzindariek 2023ko lehen maskaradan dantzaturiko godalet-dantza. Ikusmira handienetakoa sortzen duen maskaradetako dantza da honakoa. Dantzariek euren abilezia erakusten dute urratsak edalontzi baten inguruan emanez, basotik ahalik eta hurbilen, baina ahal bada, basoa bota gabe. Manex asko dantzariak basora noiz igo zain egoten dira, baina aitzindari gutxi batzuk igotzen dira igotzekotan, zuberotarrek basora igotzeari baino garrantzia handiagoa ematen diote godaletera hurbiltzeari eta inguruan egiten diren puntuen zailtasunari, horrek eskatzen baitu abilezia. Marcel Bedaxagarri irakurrita, adineko zuberotarren arabera, Barkoxen asmatua da dantza; maskaraden ondorengo jai giroan, jolas moduan hasitakoa. Mutil gazte bat dantzan hasi omen zen basoren inguruan hainbat püntü edo urrats erakusten.

Zuberoan godalet-dantza deitzen zaio, baina Migel Angel Sagasetak beste zenbait izen ere jasoak ditu: Lapurdin Xinple deitua da doinu berarekin egiten den dantza-jauzia, Juan Antonio Urbeltzek eta Luis Dassancek Makean Kanboarrak deituriko jauziaren doinu bera litzetek, Zuberoan Zamalzain-dantza ere deitu izan zaio.

Jean-Michel Guilcher-ek dioenez, hasiera batean lau aitzindarik dantzatzen zuten: txerreroak, gatüzainak, kantiniersak eta zamaltzainak. Egun entseinariak ere dantzatzen du, baina banderadun dantzaria bi mundu gerren arteko garaian hasi omen zen dantzan parte hartzen (1914-1918 eta 1939-1945). Aurtengoan 11 aitzindari aritu dira. Leire Casamajou entseinariak ireki du basoaren bakarkako lanen bidea eta jarraian Marie Jauri eta Meva Etxeto txerreroak, Lucie Figueroa eta Oihana Idiart gatuzainak, Xantiana Bordaxar eta Marine Etxegoien kantiniersak, Bettan Jauri eta Fabrice Pinque zamaltzainak eta, azkenik, Jade Etxeberri eta Baxtian Ligetx entseinariak. Dantzari guztiek dantzatu ondoren, amaieran, zamaltzainak eta kantiniersak berriz aritu dira.

Guilcherren arabera, XVIII. mende osoan zehar arrakasta handiko kontradantza izan zen godalet-dantzan erabiltzen den melodia. La dragonne izenarekin azaltzen omen da 1729 inguruan, Jean Le Clerc-ek argitaratutako Kontradantza bilduman. Lehenagotik, XVII. mende erdialdeko bilduma batean ageri omen da Le dragons izenarekin eta 1657an L'amour malade balletean dantzatu omen zen. Garai hartan militar martxetan ere erabiltzen omen zen, Marche des dragons du Roy izenarekin jaso izan da kasu horietan.

Irudiak: Amaiur Aristi. Maule-Lextarreko maskaradak, godalet-dantza, Maule-Lextarre, 2023-01-15.

Dokumentuaren akzioak