Dokumentuaren akzioak
banan-banangoa etiketa duten bideoak
Aretxabaleta: Santa Ageda 2026 Aurreskua
Hemeretzi urteko 80 aretxabaletar banan-banan plazan dantzatu dira. Santa Ageda eta inauteri festen bueltan belaunaldi bakoitzeko gazte guztiak dantzan ikasi eta bakarka herritarren aurrean plazaren erdian dantzatzen dira.
Kintoak, gehienetan 18 urte beteko dituzten gazteak izan ohi dira, baina Aretxabaletan 19 urte beteko dituzten gazteek ospatzen dituzte kintoen jaiak; aurten 2007an jaioak. Otsailaren 4an baserriz baserri eskean ibiltzen dira eta 5ean herrian zehar. Jarraian, kintoen lehen aurreskua dantzatzen dute. Adin horretako gazte guztiak elkarrekin eskuz esku plazaratzen dira eta aurreskuaren zati batean, banan-banangoan, bakarka dantzatzen dira guztiak bata bestearen atzetik. Lehen aurreskua Santa Ageda egunean dantzatzen dute eta inauterietako igandera arte igandero soka-dantza ateratzeko ardura dute Aretxabaletako kintoek. Aurtengoan, hiru aldiz dantzatzea egokitu zaie: otsailaren 5ean, 8an eta 15ean. Santa Ageda eguneko irudiak ditugu honakoak, Goienak jasoak.
Sokan, kalejiran, atera dira plazara 2007an jaiotako gazteak eta desafioa dantzatu dute aurreskuak eta atzeskuak. Ondoren, kinto guztiek banan-banan bata bestearen atzetik banangoa dantzatu dute. Eta jarraian agurrak etorri dira. Goienan irakurri dugunez; lehenik, Haizea Duandikoetxeak Edurne Otxoa amari dantzatu dio; eta gero, Josu eta Malen Antxia anaia-arrebek Aitor aitari eta Izaskun izebari. Antxiatarrentzat berezia izan da aurtengo Santa Ageda eguneko soka-dantza; Jon Antxia izan baitute gogoan. Duela 33 urte hil zen, justu Santa Ageda egunean, istripuan. Ilobek agurra dantzatu diote aita eta izebari beren anaia gogoan. Txapela beltza lurrean ipinita egin diote keinua kinto zela hil zen osabari.
Agurren ondoren, kintoak eta hainbat herritarrek fandango, arin-arin eta biribilketa dantzatuta bukatu dute soka-dantza.
Irudiak: Goiena. Aurreskua, kintoak, Aretxabaleta, 2026-02-05.
Dokumentuaren akzioak


