Dokumentuaren akzioak
balleta etiketa duten bideoak
Udako ikastaroak 2022: Busti dantzan
Zenbait aldaketa egin dituzte aurten Gipuzkoako Dantzaguneko udako ikastaroetan, Gipuzkoako Dantza Profesionalen Elkartearekin batera. Aurreko edizioetan ez bezala, ikasle guztiek dantza garaikidea eta klasikoa landu dituzte, bi mailatan banatuta. Orain arte egindako ikastaroetan, dantza estiloak bereizita lantzen ziren, eta ikasle bakoitzak hautatzen zuen batean, bestean ala bietan inskribatzea. Busti dantzan izenarekin, dantzari gaztetxoak estilo berrietan murgiltzeko gonbidatzea izan dute helburutzat.
Ohiko bi asteko formatua ere irauli da. Bost eguneko ikastaro trinkoan goizetik eguerdira aritu dira egunero bost bat orduz. Marcello Racitirekin klasikoa eta Alessio Natarekin garaikidea ikastearekin batera, bi klaseen artean egunero dantzarien formazioa osatzeko saioak egin zituzten zenbait aditurekin. Aikidoa eta dantza garaikidearekin teknika propioa eratu duen Iker Arrue koreografoarekin gorputzaren prestaketa landu zuten. Eva Arrieta fisioterapeuta eta osteopatak lesioak saihesteko gomendioak eman zizkien, emozioek gorputzean duten eraginari arreta ematearekin batera. Rocio Laurak pilates-saio bat eman zien, eta Dantzaz konpainiako Maddi Gaztelumendi eta Estebe Abrisketa dantzari gazteek dantzari profesional gisa hasten ari diren ibilbideko gorabeherak kontatu zizkieten.
Ikastaroaren azken egunean, gurasoei eta publiko orokorrari irekitako saio bat egin zen Errenteriako Lekuona fabrikan, ikastaroan ikasitakoak erakusteko. Busti Dantzan, Udako ikastaroak, Gipuzkoako Dantzagunea, 2022-09-20.
Dokumentuaren akzioak