Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Bideoak

Dokumentuaren akzioak

altzaiko-maskaradak etiketa duten bideoak

Guilcher 06 Hauze 1976 Altzaiko maskaradak: barrikadak

Irudi horiek 1976ean grabatu zituzten Hélène eta Jean-Michel Guilcher-ek. Altzaiko gazteek egindako maskaradak ikusi daitezke. Irudiotan ohituraz goizez egiten diren barrikadak ikusi daitezke. 1976ko neguan Altzaiko gazteek emandako maskaradak bi egun eta bi herritan filmatu zituzten Guilchertarrek: Hauzen eta Urdiñarben. Altzai ematen badugu ere laburduraz, Altzai-Altzabeheti-Zunharreta da udalerriaren osaketa eta hiruetako dantzari eta arizaleak aritu ziren 1976ko maskaradetan.

00:22-03:01 Lehen barrikada

Lehen irudietan maskaraden aktoreak ikusi daitezke segizioan: bi Kantiniersa, Zamaltzaina, Kerestuak, lau Küküllero, lau Marexalak, Entseinaria (hemen Zuberoako bandera darama), Jauna eta Anderea. Horien atzean beste batzuk daudela ikusi daiteke, baina oraindik zein diren ez dakigu. Suposatzen ahal da bi Kantiniersen aurretik Gatuzaina dagoela eta denen aurretik Txerreroa. Marexalen heinean musikariak direla ikusi daiteke. Txirularia Jean-Mixel Bedaxagar da.

Sarrera motz honen atzetik, barrikada haustean egin ohi dituzten bakarkako dantzak ikusi ditzakegu irudietan. Txerreroaren puntuaren bukaera ikusi ondoren Gatuzaina, Kantiniersa eta Zamaltzaina dantzan ari dira bata bestearen ondotik. Segidan, Gurutzatzea dantzatzen dute bost aitzindariek (Txerreroa, Gatuzaina, bi Kantiniersa eta Zamaltzaina). Ohiturazko protokoloa segitzeko Entseinaria doa dantzara eta bere atzetik Jauna, Anderea, Laboraria eta Laborarisa. Haien modu berezian Buhame eta Kauterek bukatzen dute plazari itzulia eginez.

03:05-07:02 Bigarren barrikada herriko plazan

Altzai-Altzabeheti-Zunharretako maskaradariak Hauzeko herriko plazara heldu dira. Arratsaldean, bertan emanen da ikusgarria. Dantzan doaz plaza hartzera. Bakarkako puntuetarik Kantiniersa eta Zamaltzainarenak ikusten dira. Gurutzatzea dantzatu eta gero, Jauna, Anderea, Laboraria, Laborarisa, Xorrotxak eta Marexalak, dantzan ikusten dira. Bukaeran berriro, Buhameak eta Kauterak. Bukatzeko, Xorrotxak haien bertsoak kantzatzen agertzen dira irudietan.

Irudien azterketa eta testuaren erredakzioa: Jon Iruretagoyena - Maritzuli konpania.

Guilcher bilduma 006. Hauze, Altzaiko maskaradak, 1976. Dantzan-en argitaratze data:

Jean-Michel eta Hélène Guilcher gure gurasoek, Biarnoan eta Ipar Euskal Herrian egindako ikerketetan, batzuetan, dantza emanaldiak filmatzeko aukera izan zuten. Haien nahia zen film horiek dagokien eskualdeetako ikerlari eta dantzariei itzultzea. Film horiek gure aitak nahi zuen ordenan muntatu dira. Horregatik, Yvon, Naïk eta Mône seme-alabek, irudiok Euskal Kultur Erakundearen eta Dantzan elkartearen esku utzi nahi ditugu, haien beharren arabera (erakusketak, hitzaldiak, webguneak...) ikusi eta baliatuak izan daitezen, J.M. Guilcher funtsaren aipamena eginez. Meudon-en, 2023ko azaroaren 11n 

 

Euskal dantzak Guilcher bilduman 1962-1976

 

Guilcher familiak haien gurasoak bildutako ondarea Euskal  Kultura Erakundearen eta Dantzan elkartearen esku uzteari esker altxor eder hau euskal dantzaren maitaleen esku jartzeko aukera izan da. Irudien ikerketa, erredakzioa eta sareratzeko prestaketa-lanak Euskal Kultur Erakundeak eta Dantzan elkarteak finantzatuak izan dira.

 

 

Dokumentuaren akzioak