Dokumentuaren akzioak
alejandro-irizar etiketa duten bideoak
Oñati 1967 aurreskua
1967. urteko Korpusetan Oñatiko plazan dantzatu zuten aurreskuaren irudiak ditugu bideo honetan; Jaime Albillos Goizaldi dantza taldeko sortzaileetakoak grabatuak. Aurresku lanetan sokaren lehen postuan Felix Errasti ari da dantzan, aurreskuari jarraituz Jose Antonio Sologaistoa, Migel Angel Iraola, Luis Moiua, Jabier Iraola, Angel Egaña, Jose Antonio Mugarza eta bukaeran atzesku lanetan Jose Luis Inza ari dira. Kapitaina, gona urdinarekin, Alejandro Irizar da. Dantza-maisu lanetan ari da aurreskuan, bertatik bertara zuzentzen dantzan, baina berak dantzatu gabe. Txistulariak, berriz, Higinio Iriarte, Agustin Zarketa, Eugenio Kortabarria eta Faustino Inza.
Dantzari eta musikariak Jesus Irizar "Txutxin" eta Maite Irizarren laguntzaz identifikatu ahal izan dugu. Bideoan ikus dezakegu, neska atera bitartean zortzikoa dantzatzen zela lehen, baina gaur egun ez da egiten. Emakumeak sokara sartzen direnean zapi bidez elkartzen dira dantzariekin irudi hauetan, gaur egun zapirik gabe eskuak emanda lotzen dira. Egun kapitaina atera ohi da aurresku, baina 1967ko grabazio honetan Alejandro Irizar kapitaina sokatik kanpo dago. Orduan ere kapitainak gidatzen zuen aurreskua, baina ez zuen dantzatzen. Ohikoa zen garai hartan dantza maisuak dantza gidatzea albo batetik, sokan sartu gabe. Bukaeran, fandangoa, arin-arinean eta kalejira dantzatzen zituen, baina ez zitzaion neskarik ateratzen. Hermuan (Araba) dantzatzen den Bartearen aurreskuan oraindik indarrean dago dantza bertatik bertara zuzentzen duen dantza-maisuaren figura. Jose Lorenzo Pujana XX. mende hasierako dantza-maisu gipuzkoarra ere hainbat argazkitan agertzen da soka-dantzan funtzio hori jokatzen
Irudiak: Jaime Albillos. Aurreskua, Oñati, 1967.
Orain arte argitaratu ditugun Jaime Albillosen grabazioak:
Dokumentuaren akzioak