Dokumentuaren akzioak
ainhoarrak etiketa duten bideoak
Irisarri: Kabalkada 2012 Grabo eta Ainhoarrak
Irisarriko dantzariek Kabalkadan egindako jauzietako bi ageri dira irudiotan, Grabo eta Ainhoarrak. Grabo, krabo, kraba edo ahuntxa doinu eta jauzi beraren tokian-tokiko aldaeratzat har daitezke, izan ere, gaztelerazko cabra edo frantsesezko chèvre bezala, ahuntza esan nahi du okzitanoz crabok. Ainhoarrak jauziarekin ere bada izenaren inguruko nahasmendurik, izan ere, Ainhoarrak "Ainhoa herrikoa" bezala uler daiteke, baina bestetik, doinu bera ageri da Baztango Añoar handi eta Añoar xume dantzetan, non anhara (enara) handi eta enara txiki bezala ere uler daitezkeen, eta zer esanik ez, Biarnon grand agnoa eta petit agneau (arkume handi eta txikia) tartean sartuz gero nahasmendua oraindik handiagoa ageri zaigun. Izan ere, dantza-jauzietan tokietara lotutako izenak (azkaindarrak, moneindarrak, milafrangarrak,...) ohikoak diren bezala, animaliei lotutako jauzi eta mutil-dantzak (ahuntxa, xoxuarenak, gau-ainerak, biligarroarena,..) ere ezagunak dira.
Kabalkada, tobera eta guzti, ospatu zuten Irisarrin 2012ko uztailaren 8an. Epaiketako antzerki eta kantu artean dantzarien emanaldiak izan ziren, kabalkadetan ohikoa den bezala. Laurent Harinordoki eta Christine Urruti aritu ziren Irisarriko dantzariak trebatzen eta dantzak prestatzen. Irudiak: Ainhoa Larrañaga.Grabo eta Ainhoarrak, Kabalkada, Irisarri, 2012-07-08.
Dokumentuaren akzioak