Dokumentuaren akzioak
agintariak-dantzan etiketa duten bideoak
Zegama: San Bartolome 2019 Agintarien soka-dantza
Zegamako agintariek dantzatutako aurreskua duzue irudi hauetan. San Bartolome egunean goizeko 11:00tan San Bartolome ermitatik prozesioa jaisten da herrira txistulariak, Tobera taldeko dantzari-txikiak, San Bartolome santua eta apaiza. Zupurruti kaleko bidegurutzean herriko agintariak batzen zaizkie eta denak parrokiarako bidea hartzen dute. Eliza atarian dantzari-txikiek, arkuekin zubia egiten diete San Bartolomeri, agintariei eta herritarrei. Meza ondoren, Jose Maiora plazan, Zegamako agintariek soka-dantza egiten dute.
Soka-dantza udaletxeko pleno aretoan hasten da. Handik jaisten dira dantzariak eta agintariak eskuz esku lotuta plazara. Zegamako agintarien aurreskua, Goierriko alkatetzen protokolo koreografikoaren tradizioaren baitan kokatzen da eta 1997an berreskuratu zen, ordutik urtero egin izan da. Agintariekin batera irten dira Tobera dantza taldeko dantzariak sokan eta errituaren zenbait momentutan agintariak ordezkatu dituzte. Honako zatiak dantzatu ohi dira Zegamako aurreskuan:
- soka
- aurreskua eta atzeskuaren desafioa
- abarketak
- aurreskuaren agurra
- atzeskuaren agurra
- gonbidatuen bila
- desafioa
- zortzikoa
- fandangoa
- arin arina
- biribilketa
Irudiak: Maite Irizar. San Bartolome, Agintarien soka-dantza, Zegama, 2019-08-24.
Dokumentuaren akzioak